AKTUALITATEA


| 2020-04-30 13:14:00

Donostiako ostalaritza-establezimenduetako terrazen araudia “malgutzea” aurreikusten duela jakinarazi du Udal Gobernuak. Orain, konfinamendua arintzeko fasean sartu garen honetan, Espainiako Gobernuak erabaki du fase honetan establezimenduen edukiera murriztu behar dela, bezeroen arteko distantzia fisikoa mantentzeko. Neurri horri aurre egiteko, terrazen espazioa handitzea izan da mahai gainean jarri den proposamen nagusietako bat.

Neurri horrek ondorioak izango lituzke guztiona den espazio publikoaren erabileran eta, alde horretatik, esan beharra dago egoera ez dela berdina hiriko eremu guztietan. Eremu publikoaren okupazio-maila ez da berdina auzo batzuetan (Parte Zaharra, Errege-Erregina Katolikoak, Gros-Zurriola...) edo beste batzuetan (Altza, Egia, Intxaurrondo...). Eremu batzuetan, gutxieneko baldintzak ere ez dira betetzen (oinezkoentzako pasabidea, suhiltzaileak eta anbulantziak pasatzeko tokia, gurpil-aulkiak eta haurren aulkitxoak...). Beste eremu batzuetan, berriz, askoz ere aukera handiagoa egon daiteke neurriak hartzeko.

Gainera, neurri horrek beste ondorio batzuk ekarriko lituzke: egungo araudia aldatu beharko litzateke, epeak finkatu, sektoreko langileen egoera - prekarioa - kontuan hartu beharko litzateke (hamar urte baino gehiago Ostalaritza Hitzarmena berritu gabe), etab. Azken batean, kontuan hartu beharreko interes desberdinak daude jokoan eta prozedurak ere errespetatu behar dira. Hori dela eta, inplikatutako eragile guztien artean mahai intersektorial bat sortzea proposatzen dugu EH Bildutik: ostalaritza, auzo-elkarteak, sindikatuak, Udala eta talde politikoak.

COVID-19ren ondorioz sortu den krisiaren testuinguru honetan, Donostiako merkataritza txikia eta ostalaritza izan dira sektore kaltetuenetakoak, eta EH Bilduk defendatu du neurriak hartu behar direla, modu partekatuan, euren jarduera ekonomikoa suspertzeko, enpleguaren kalitatea bermatzeko eta, oro har, Donostiarron bizi-kalitatea hobetzeko. Orain hartuko ditugun erabakiek gure hiriaren hurrengo urteetarako norabidea markatuko dute. Horregatik da hain garrantzitsua une honetan eragile desberdinak mahai baten inguruan esertzea, eztabaidatzea, besteen ikuspuntuan jartzea eta neurriak ahalik eta adostuenak izatea. Azken batean, guztiok bat gatoz gure komunitatea indartzeko beharrarekin, bai pandemia honi aurre egiteko, bai etorkizunean etor daitezkeen beste krisiei aurre egiteko. Baina horretarako tresnak eta baliabideak jarri behar dira mahai gainean.

Horixe da, hain zuzen ere, Alarma egoera ezarri zenetik EH Bilduk proposatzen duena: Donostia mailan mahai intersektorial bat sortzea erabakiak partekatzeko, desberdinen artean lankidetzan aritzeko eta herritarrei entzuteko. Zoritxarrez, Udal Gobernuaren aldetik, aste hauetan erakutsitako gobernantza eredua kontrako norabidean joan da: boterea zentralitzatzea eta interes jakin batzuekiko faboritismoa. Joera hori aldatzeko garaiz gabiltza, eta terrazen araudia egokitzea aukera ona izan daiteke horretarako.