AKTUALITATEA


| 2024-07-17 09:19:00

Turista taldeak arautzeko neurriei buruzko interpelazioa aurkeztu dugu Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean, izan ere EH Bildutik jakin badakigu indarrean sartu zenetik ez dela 25 pertsonen muga betetzen ari.

Hori dela eta, arrazoien inguruan galdegin dugu, hala nola ez betetze horien inguruan Udal Gobernu honek informaziorik ba ote duen.

«Zer dela eta ez da betetzen ari turista-taldeak arautzen dituen neurria? Ba al du Udal Gobernuak ez-betetze horien informaziorik? Zenbat esku-hartze egin ditu Udaltzaingoak? Eta zenbat ez-betetze atzeman ditu? Neurri gehigarririk proposatuko al du Udal Gobernuak neurria bete dadin?» dira mahai gainean jarri ditugun galderak.

Gogoratu behar da, Donostiako Udala, Donostia Turismoaren bitartez, hirian dabiltzan turista-taldeak arautzeko urratsak egiten hasia dela, besteak beste, bisita gidatu turistikoa Espazio Publikoaren Ordenantzan sartzea onartuz, bisita gidatuetan gehienez ere 25 lagunek parte har dezaten. Neurria apirilaren 10ean sartu zen indarrean, eta tokiko gida-enpresekin adostua izan zen, muga hori errespetatzeko konpromisoa hartu baitute. Konpromiso hori ‘erantzukizunpeko adierazpen’ bat da, eta udaltzainek erantzukizunpeko adierazpen hori eskatu ahal izango diote bisita gidatua egiten ari den profesionalari; eta halakorik ez badu, 750 € eta 1.500 € arteko isunekin zigortu ahal izango dute.

Neurria ezarri zenetik hiru hilabete baino gehiago igaro diren honetan, ez dago 25 pertsona baino gehiagoko turista-taldeekin gurutzatzen ez garen egunik.

Jon Insausti Turismo zinegotziak berak onartu digu egoera aipatu batzordean, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak egindako interpelazioari erantzunez. EAJk hori horrela dela aitortu du, nahiz eta adierazi duen oro har neurria errespetatzen ari dela. Udaltzaingoak egindako esku-hartzeei dagokionean, berriz, adierazi du gaur-gaurkoz egindako bakarra talderen bat desegitea izan dela, hau da, sakabanatzea. Hala ere, eta ez-betetzeak izan badira ere, ez da oraindik isunik jarri. Udal Gobernuaren asmoa da uda eta udazkenean informazioa biltzea «hurrengo urratsak zehazteko», aurreratu duenez.

Bigarren aldiz galdetuta, ordea, Insaustik erantsi du neurria indarrean dagoenez ez-betetzeak zigortu egingo direla, orain arte egin ez dena.

EH Bilduren aburuz, Donostiak ezin du beste udara bat igarotzen utzi turismoaren hazkundeak eragindako kalteak zuzentzeko eta leheneratzeko neurri eraginkorrak hartu gabe. Gida- turistikoen kasuan, neurria hartuta dago, baina ikusi dugunez nekez betetzen ari da. Eta hori da, oro har turismoarekin gertatzen dena hiri honetan: neurriak hartzen direla iragarri bai, baina gero horiek betearazteko borondaterik ez dago. Gauzak honela, eta egoerari irtenbide bat eman asmoz, datorren asteazkenean Osoko Bilkuran kontrol mozioa aurkeztuko dugu, hilaren 24ean.