«Bigarren gerrikoa» (AP1) ireki zenean Donostiako saihesbide zaharraren (GI-20) trafikoa erdira murriztu zen. Horrela, orain aukera dago espazioak berreskuratzeko eta duela 50 urte errepidea eraiki zenean sortu ziren oztopo arkitektonikoetako batzuk kendu ahal izango dira. Altzaren kasuan, besteak beste, Txingurri biziberritu daiteke, Larratxo, Herrera eta Intxaurrondo artean lotura berde eta atsegin bat sortuz.
Garai berrietan, natura eta klima errespetatzen duten hiriak eraiki behar dira, eta Europa osoko hirietan euren mugikortasun ereduak birformulatzen ari dira, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatuz eta CO2 emisioak murriztuz.
Donostiaren kasuan, orain arte, mugikortasun arloan egiten ari diren esku-hartze nagusiak erdigunerako pentsatuta daude. Oinezkoentzako eremuak, bidegorriak, etab. ia beti proiektatzen dira hiri zentralista baten eredua jarraituz. Donostia osatzen duten auzo eta herrietako eta haien arteko komunikazioa ere hobetzeko garaia dela uste dugu. Adibidez, Altzan eta Ekialdeko Barruti osoan, hiriko eremu jendetsuenetako batean, bizi kalitate oneneko estandarrekin bizi eta lan egiteko eskubidea dute.
Saihesbidearen eraldaketak bide horretan aurrera pausuak emateko aukera ezin hobea ematen du. Eta horretarako, datozen egunetan GI-20 saihesbidearen eraldaketari buruz hausnartzeko eta proposamenak egiteko, Donostiako EH Bilduk abian jarri duen parte-hartze prozesua Altzara iritsiko da.
EH Bildu liburuxka bat banatzen ari da etxez etxe, iritzia emateko, zalantzak argitzeko eta proposamenak egiteko altzatarren eskura jarri ditugun bideen berri emateko. Batetik, urriaren 25ean, 18:00etan, Larratxoko Altzania elkartean herri batzar irekia egingo dugu. Era berean, hurrengo bi asteetan erakusketa ibiltari bat jarriko dugu Altzako leku desberdinetan, eta bertan EH Bilduko militanteek herritarren zerbitzura egongo dira. Gainera, gogoan izan web formulario bat dugula, edozein pertsonak bere iritzia eta proposamenak zuzenean bidaltzeko.
Gogoratuko denez, EH Bilduk urtarrilaren amaieran «GI-20 saihesbidea eraldatzea: espazioak irabaziz, bizitza irabaziz» proposamena aurkeztu zuen. Labur azalduta, gure asmoa da gaur egun saihesbide zaharrak hartzen duen espazioaren zati handi bat auzoetarako berreskuratzea, zenbait errei eta erdibitzailea kenduz. Izan ere, «bigarren gerrikoa» eraiki zenetik, GI-20aren erabilera erdira jaitsi da, eta epe ertain-laburrera «drastikoki» murriztuko da.
Hala, partaidetza prozesua 2022. urte osoan zehar GI-20 zeharkatzen duten auzoetan garatzen ari gara. Helburua da guztion artean saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza egitea, eta EH Bilduk konpromisoa hartu du 2023aren hasieran aurkezteko.
Altzaren ondoren, saihesbide zaharra eraldatzeko parte-hartze prozesuak Aieten jarraituko du eta Amara Berrin bukatuko da.