AKTUALITATEA


| 2019-12-18 14:33:00

Biharko osoko bilkuran, 2020rako Donostiako aurrekontuak onartuko dira, eta gaurko prentsaurrekoan honen aurrean dugun jarrera azaldu nahi dugu.

Lehenik eta behin, bihar onartuko diren partiden edukiari dagokionez, EH Bildutik berretsi nahi dugu hasieratik adierazten ari garena: Eneko Goiak aurkeztu dituen aurrekontuek gaur egun Donostian dauden desoreka sozialak, ekonomikoak eta auzoen artekoak areagotuko dituzte. 2020rako proiektua aurreko urtetako aurrekontuen ildo beretik doa: ez dute egindako akatsak onartu eta egiturazko desorekak zuzentzeko ez da proposamenik egiten.

Desorekak gainditzeko helburuarekin aurkeztu zituen EH Bilduk bere osoko zuzenketa eta bere 86 zuzenketa partzial. Proposamen errealistak ziren, donostiarron premiazko arazoei erantzuteko diseinatutakoak. Proposamen zehatzak aurkeztu genituen etxebizitza eskubide bermatzeko, auzoen arteko desorekak murrizteko, indarkeria matxistaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokak sustatzeko edo gizarte-babeserako sistema indartzeko.

Hala ere, esan behar dugu EAJk eta PSEk baztertu egin dituztela EH Bilduk aurkeztutako proposamen nagusiak. Gizarte-larrialdietarako partida batzuk baino ez ditugu lortu, Eneko Goiaren gobernuak oraindik gabezia handiak dituen esparru batean, alegia. Eta beste aldetik, herritarren presioaren ondorioz, Gobernuak bi eskaera zehatz onartu behar izan ditu, hala nola Matigoxotegiko futbol zelaia berritzea eta Pikabea-Oletan irisgarritasuna hobetzea eta puntu kritikoak kentzea. Bi partida hauek bihar onartuko dira EH Bilduren ekimenez.

Azken batean, aurreko legealdian egindako akatsak zuzentzeari uko egiteaz gain, Donostian ditugun desoreka sozial, ekonomiko eta auzoen artekoak biderkatzen ari den hiri ereduaren azeleragailua zapaldu du Eneko Goiaren gobernuak.

Horregatik guztiagatik, biharko osoko bilkuran EH Bilduk ezetz borobil bat esango dio Eneko Goiaren aurrekontu egitasmoari.