AKTUALITATEA


| 2024-01-10 09:43:00

Udal Gobernu hau berandu dabil berriro. Negu betean eta azken gauetako tenperatura hotzekin, ulergaitza zaigu La Sirenako aterpetxeak, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko 100 oheko gaitasuna duenak, ateak ireki gabe jarraitzea, nahiz eta azaroa eta apirila bitartean kanpoko gaualdien erreserbetarako agenda etenda egon, teorian, zaurgarritasun eta bazterkeria kasu horiei erantzuteko.

 

EH Bildutik ez dugu ulertzen nola den posible halako gaitasuna duen baliabide bat itxita izatea, are eta kalean bizi diren pertsonen kopurua gora egiten ari den garaiotan: Donostian azke sei urteetan kasuek %81 egin dute gora, (180 pertsona 2016an; 326 2022an), Eusko Jaurlaritzaren etxerik gabeko pertsonen VI. txostenaren arabera.

 

Hotzaren protokoloa delakoak (Ate Irekien Zerbitzua), Ondarretan kokatzen den aterpetxea honi lotua dago, asko du hobetzeko. Gaur egun, Euskalmeten iragarpenak hartzen ditu erreferentziatzat, eta aurreikuspen horietan oinarrituta irekitzen edo ixten ditu ateak La Sirenak. Nola da posible 100 ohe prest izatea, profesionalak prest egitea dei baten zain, gauak kalean pasatzen dituzten pertsonak egotea eta zerbitzua itxita mantentzea? Nola azaltzen da hau?

 

Protokoloa egokitzea eta zaharkitutako irizpideak desagertzea eskatzen dugu, hala nola 0 gradu baino gutxiago egon behar izatea. Zenbat da hotz handia? Orain bezala, ‘izozte-arriskua’ iragarri behar al da mekanismo guztiak martxan jartzeko?

 

EH Bilduk argi dauka. Protokoloak humanoagoa izan behar du, eta unean uneko beharretara egokituta behar du, gizarte-kohesioa bilatu eta sustatu behar du, giza eskubideak babestu behar ditu. Eta berriro diogu benetako borondate politiko bat egonez gero, eszenatokia beste bat izango litzatekeela, protokoloak udalaren eskumenekoak direlako eta Gobernuak berak erabaki dezakeelako aterpetxeak neguan zehar etenik gabe irekitzea.

 

Beste sistema bat eta beste zerbitzu bat posible dira gauzak beste modu batera egin nahi badira. «Berehala irekitzeko baliabide bat dugu prest, 100 ohe zain daude, profesional prestatuak... garrantzitsuena baino ez da falta, borondate politikoa, ‘inor atzean uzten ez duen Donostia’ hitzetatik ekintzetara pasatzeko».

 

Baliabide publikoen erabilera koherentea eskatzen dugu. Iruñea bezalako euskal hiriburu batek dagoeneko erakutsi du borondate politikoak halako arazoei irtenbidea eman ahal dakiekela bitartekoak jarrita inork kalean lo egin ez dezan. Eneko Goia alkateak horretarako konpromisoa hartu zuen 2016an Etxerik Gabeko Pertsonen Estrategia sinatuz, baina ez du bete.

 

Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta beste hainbat erakundek Arartekoaren atea jo dute konponbideak eskatzeko. Aldi berean, atzo, Euskalmeten iragarpenak eskuan, (gauean izozteko aukera kostaldean, batez ere ekialdean), herritar askok La Sirena irekitzeko eskaerak egin zituzten Udalinfoko zerbitzuetan.

 

Datozen egunetan termometroek tenperatura oso baxuak markatuko dituzte; beraz, iragarpena badago. Hori guztia ez da ezustekoa eta, horregatik, EH Bilduk interpelazio bat erregistratu zuen joan den astean, datorren astelehenean, hilaren 15ean, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Mariaje Idoetak zuzentzen duen Pertsonentzako Zerbitzuen batzordean erantzun dezan.

 

Zergatik ez da erabiltzen La Sirena etxerik gabeko pertsonak klimatologiatik babesteko, izotza egon arte itxaron gabe, are gehiago, erabiltzeko prest dagoen zerbitzua izanik?

 

Zer dela eta ez da abiatu 2023ko urrian delegatuak adierazitako lankidetzarako foroa, ikusita gero eta pertsona gehiago daudela kale egoeran edo baldintza minimoak betetzen ez dituzten aterpeetan (eraikin abandonatuak eta abar)?

 

Zein neurri hartu behar ditu Udal Gobernuak azken urteetan ematen ari den pertsona etxegabe kopuruaren tendentziaren aurrean?