Kidegoa eta militantzia, itzalean zein agerian inurrien lana egiten duen komunitatea da alderdi batek izan dezakeen altxorrik preziatuena. Hori da EH Bilduren arrakastaren gakoa: konprometituta dauden pertsonen inplikazioa. Legealdiaren ekuatoreak sinbolikoki duen indarra baliatu dugu, hain zuzen, proiektu hau posible egiten duen orori eskerrak emateko bidea luzea izan delako. Ordea, urrats bakoitzak merezi izan du, urrats bakoitzak ekarri gaituelako honaino.
«Zuei esker jarraituko dugu bidea egiten Donostia eta Euskal Herriaren alde», adierazi du Egia auzoan Bidean gara gehiago. Un camino compartido ekitaldian Juan Karlos Izagirre bozeramaileak donostiarrekin EH Bilduk hartua duen ardura eta konpromisoa berretsiz.
Asmatu dugu hiriak dituen erronkak identifikatzen, eta jendartearen kezkekin konektatu dugu hiritarrak entzun ditugulako eta haien interesak eta beharrak lehenetsi ditugulako partikularren gainetik.
Etxebizitza da kezka nagusia, bizitza proiektua Donostian egiteko ezintasuna, eta hori da guretzat lehentasunetako bat. Donostiarrek badakite hori, horregatik kokatzen dute EH Bildu soluzioen aldean. Lan gogorraren fruitua da, hiritarrak erdigunean jarri izanaren emaitza. Soluzioak badaude, egingarriak, borondate politikoa badago posible direnak. Gu prest gaude eta demostratu dugu, besteak beste, Etxebizitza Plan Integral bat aurkeztuz neurri zehatzekin.
Erabakiak bulego itxietan hartzen dituen Udal Gobernu baten aurrean, entzuketa aktiboa, parte hartzea eta gobernantza kolaboratiboak proposatzen ditugu EH Bildutik, hiritarrak eta auzoak erdigunean jarriaz. EH Bilduk badu Donostiak behar duena eskaintzeko: beste eredu bat beste norabide bat hartzeko.
«Administrazio publikotik hiriko sektore eta esparru ezberdinetan hartu beharreko norabidea gidatzeari uko egiten zaionean, desgobernua sortzen da eta, ondorioz, publiko ez direnen esku uzten da arazoen konponbidea. Etxebizitza, turismoaren industria, ostalaritza edo makro merkataritzaren gaiekin gertatu den bezala. Donostiak aldaketa bat behar du, eta gu, EH Bildun, prest gaude aldaketa honen beharra ikusten duten herritar guztiekin elkarlanean aritzeko», berretsi du.
Etsipena ez da irtenbidea. «Konformismo horren aurrean daukagun antidotoa EH Bildu da. Zuek zarete antidotoa. Itxaropen mezu bat dugu, gaurtik zabaldu behar duguna. Askok eta askok partekatzen dugun ideiaren igorle izan gaitezen: beste Donostia bat posible da eta hiri hau birbideratu daiteke politika hurbilagoa, gardenagoa eta zintzoagoa eginez».
Bi urte daude aurretik, intentsoak bezain ilusionagarriak. «Gutako bakoitza beharrezkoa da hurrengo urteetan emango ditugun urratsetan; jauzi erraldoia emateko 2027an eta etorriko diren ardurak hartzeko. Etsipenetik atera nahian dabiltzan donostiar horiek guztiak EH Bildun arnasgunea aurkituko dutela adierazi nahi diegu. Norabide aldaketarako, lidergotza hartzeko prest gaude, eta prestatuak», amaitu du.