EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du Amara Berritik igarotzen den Topoaren trenbidearen estalkiari buruz, auzotarrek azken urteotan egin duten aldarrikapenari erantzunez. Garbiñe Alkizak, Donostiako Udaleko zinegotziak, eta Amancay Villalbak, Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko legebiltzarkideak datozen egunetan Donostiako Udalean eta Eusko Legebiltzarrean aurrera eramango dituzten hainbat ekimen aurkeztu dituzte, zarata ekidin eta hiri integrazioari begira irtenbide bat emateko.
Amara Berriko bizilagunek urteak daramatzate trenbideak sortzen duen zarata eta bibrazioen ondorio kaltegarrien aurka borrokan, bai eguneroko bizimoduan eragiten duelako, baita hiriaren egituraketa eta espazio publikoaren kalitatea kaltetu egiten duelako ere.
Garbiñe Alkizak gogoratu duenez, 2022an Donostiako Udalak Jaurlaritzari eskatu zion alternatiba jasangarriak aztertzea, eta Eusko Trenbide Sareak (ETS), erantzun gisa, 103.000 euroko aurrekontuarekin hiri-integraziorako alternatiben azterlan bat lizitatu zuen, baina soilik Morlans-Anoeta tarterako.
Gutxira, EH Bilduk Anoeta-Loiola zatia ere azterketan sartzea eskatu zuen, eta udalbatzak onartu. Typsak egindako azterlan horretan, hiri integraziorako bost alternatiba eskaini ziren: bi estalketari dagozkionak, beste bi lurperatzearekin dagozkionak eta azken alternatiba bat pantailen instalazioari dagokiona. Bizilagunak estaltzearen dagokion altenatibaren alde agertu dira, zarata ekidin eta hiri integraziorako aukerarik onena dela argudiatuta.
ETSren pantailen proposamena ez da konponbidea
Bizilagunen eskaerari muzin eginez, ETSk Tecnalia enpresarekin elkarlanean garatzen ari diren pantaila akustiko batzuk jartzea proposatu du. “Pantaila horiek, oraindik prototipo fasean daudenak eta inon ezarri ez direnak, ez dute ez bermatzen zarata desagertzea, eta ez dute hiri-integrazioa konpontzen, bizilagunen esanetan”, adierazi du Alkizak. “Gainera, gurpilen parean jartzea aurreikusten da, eraginkortasuna zalantzan jartzen duen ezaugarria”.
Ekainean zehar, auzokideek hainbat bilera eta manifestazio jentetsu antolatu dituzte, egoeraren larritasuna salatzeko eta irtenbideak eskatzeko.
EH Bilduren ekimen instituzionalak
Bide horretatik, hainbat ekimen instituzional aurkeztuko ditu EH Bilduk datozen egunetan Donostiako Udalean eta Eusko Legegiltzarrean, gaurko agerraldian Alkizak eta Villalbak azaldu bezala.
Gaia ekainaren 16an eramango dute Donostiako Udaleko batzordeetara, interpelazio baten bidez. “Eneko Goia alkateari galdegingo diogu zergatik ez dien auzotarren eskaerei erantzun, ezta haiekin biltzeko borondaterik azaldu, eta zergatik ez duen ETS eta Jaurlaritzarekin lankidetzan jardun trenbidea estaltzeko bideragarritasuna bilatzeko”, azaldu du Alkizak.
Alkizarentzat larria da Eneko Goia alkatearen jarrera, izan ere, auzotarrek bi mezu bidali dizkiote, baina ez dute inolako erantzunik jaso. “Alkateak aurpegia eman behar du eta irtenbide bat eman. Ez da nahikoa isilik egotea edo ETSren irizpideen atzetik babestea. Non geratu dira orain hiru urte esandako hitzak? Zergatik ez da egingarria egun estaltzea? Gai honek hiritar asko kaltetzen ditu, eta udalak jarrera aktiboa izan behar du. Ezinbestekoa da kaltetutako bizilagunen iritzia kontuan izatea”.
Interpelazioaren bidez ere, alkateari galegingo diote zer iritzi duen Udal Gobernuak ETSk eta Tecnaliak proposatutako irtenbideari buruz eta zer egingo duen bizilagunen partea hartzea eta iritzia kontuan hartzeko.
Era berean, mozio arrunt bat ere aurkeztu du Donostiako EH Bilduk ekaineko udalbatzan, estalkiaren aldeko jarrera irmoa agertzeko eta Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatzeko Udal Gobernuarekin batera topoa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko.
Villalbak bere hitzartzean azaldu duenez, Amara Berriko auzo-elkarteak bere kezka eta proposamenak luzatu zizkien alderdiei, eta EH Bilduk horren ondorioz bideratu zuen gaia Legebiltzarrera. Auzotarrek azalpen sakona eskaini zuten maiatzaren 6ko Legebiltzarreko Mugikortasun Batzordeko agerraldian.
“3.500 bizilagunek jasaten dute zarata, eta tren bat igarotzen da 3,5 minuturo. Auzotarrek defendatzen duten estalkiak bi arazo konponduko lituzke: akustikoa eta urbanistikoa. Eta hori, gainera, herritarren babesarekin egiten bada, aukera paregabea bihurtzen da,” azaldu du Villalbak. “Proposamena argia da: trenbidea estali, eta ez pantailen bidezko konponketa partzial bat onartu”.
EH Bilduk, honenbestez, legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, eta ekainaren 24an eztabaidatuko da. Proposamen horren bidez, bi eskaera zehatz egiten dizkie Jaurlaritzari eta ETSri:
Donostiako Udalarekin batera lan egin dezatela, Morlans eta Zorroaga pasealeku artean metroa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko, metroaren hiri-integrazioa hobetu eta zarataren arazoa konpon dadin.
Proiektuaren diseinuan eta garapenean, auzotarren parte-hartzea bermatzea
Garcia Chuecaren agerraldia, gainkostuez
Metroaren obren kostuen inguruko auziak ekainaren 17an izango du jarraipena. Egun horretan Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak agerraldia egingo du Legebiltzarrean, EH Bilduren eskaerari erantzunez, eta bertan, Mirakontxa eta Easo arteko pasabideek izandako gainkostuak, informazio eskasia, eta proiektuak merkataritzari zein auzotarrei eragindako kalteei erantzun bat emango die.
Hasiera batean 53,3 milioi euroan esleitu zen Mirakontxa-Easo, eta tarte horretan orain arte ziurtatutako obra 139,8 milioi eurokoa izan da, hau da, % 162,29ko igoera izan du momentuz. “Ez dugu onartzen estaltzea ez egiteko finantzaketa aitzakia gisa erabiltzea, gehiago gainkostuak ikusita” adierazi du Villalbak.