Donostiako EH Bilduk legealdi ekuatoreko ekitaldi berezi bat egingo du datorren ekainaren 13an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Blas de Otero plazan. Ekitaldiaren aurkezpenean, Juan Karlos Izagirrek, EH Bilduren Udal Taldeko bozeramaileak, eta Maria Irigoienek, Donostiako EH Bilduren arduradun politikoak, ekimenaren helburua azaldu dute: EH Bildu posible egiten duten kide guztiekin biltzea, orain arte egindako bidea aitortu eta etorkizunera begira jartzea. Hainbat sorpresa egongo direla aurreratu dute.
Legealdiaren erdibidean gaudela, Donostiako EH Bilduk une egokia ikusten du egindako lana baloratu eta aurrerantzean emango diren urratsak partekatzeko. Ekitaldia horretarako gune izango da: hausnarketarako, aitortzarako eta etorkizuneko erronkak elkarrekin hartzeko espazioa.
Gaur goizean egindako agerraldian, Izagirrek eta Irigoienek ekitaldiaren xehetasunak eman dituzte, eta herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte.
«Ekainaren 13koa une berezia izango da. EH Bildu posible egiten duen komunitatearekin elkartzeko unea, orain arteko bidea baloratzeko eta aurrera begirako erronkei heltzeko aukera», azaldu du Izagirrek.
«14 urte igaro dira EH Bilduk bere bidea abiatu zuenetik; ordutik, bide partekatu eta kolektibo bat eraiki dugu, eta konpromisoz beteriko komunitate baten sostenguari esker iritsi gara gaur arte. 2023ko hauteskundeetan jauzi nabarmena eman genuen, eta hiritarren mandatua argia izan zen: Donostiak norabide aldaketa behar du, eta EH Bildu tresna ezinbestekoa da aldaketa hori gauzatzeko».
Izagirrek gogorarazi du EH Bilduk lidergo argia daukala Donostiako hainbat alor estrategikotan: etxebizitza, turismo, gizarte zerbitzuak, mugikortasuna, Bretxaren etorkizuna edota herritarrekin elkarlanean aritzea, besteak beste.«Gai askotan, Udal Gobernuak gure planteamenduen norabidean diskurtsoak aldatzen hasi dira, aurrerapauso txiki batzuk eman dituzte, baina betiko inertziek jarraitzen dute nagusi. Guretzat garrantzitsuena da herritarrek berretsi dutela gure bidea dela jarraitu beharrekoa».
Maria Irigoienek, bere aldetik, azpimarratu du ekitaldiak komunitatea sendotzeko eta ikusgarri egiteko balio izango duela: «“Bidean gara gehiago / Un camino compartido” lemapean, gure komunitatearen indarra erakutsi eta partekatuko dugu. Legealdi erdiko talaiak aukera ematen digu patxadaz, baina ausardiaz, orain arteko lana baloratzeko eta aurrera begirako pausoei buruz hitz egiteko. Ekitaldian gurekin bidea egin duten kide zahar eta berriak bilduko dira, eta haiekin marraztuko dugu etorkizunerako bide kolektibo eta ilusionagarri hau».
Ekitaldia hasiera batean Gladys Enean egitekoa zela zabaldu bazen ere, azkenean Blas de Otero plazan izango da, Egia auzoan, eta 19:00etan hasiko da. Amaieran, mokadutxo bat eskainiko da, eta Asammer Band talde amazig-ak kontzertu bat eskainiko du. EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duen edonor dago gonbidatua.
Hurrengo pausorako prest, hiria gobernatzeko prest
EH Bilduk azpimarratu du herritarren parte-hartzea izango dela hurrengo jauzia emateko eta etorkizun hobe bat eraikitzeko giltzarria.
«Hiri justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu. Eta hori egiteko, beharrezkoa da aldaketaren aldeko jendea alboan izatea. Prest gaude hurrengo jauzirako, eta prest gaude gobernatzeko. Uste dugu garaia dela, eta konpromiso eta gaitasun osoz helduko diogu erronka horri».