AKTUALITATEA


| 2024-03-11 18:18:00

Parte Zaharreko tabernetan izandako suteek kezka areagotu egin dute auzoko bizilagunen artean eta, EH Bildutik, kezka erabat justifikatua dagoela adierazteaz gain, ezinegona partekatzen dugula berretsi nahi dugu. Azken sutea iragan otsailaren 19an izan zen, Zumeltzegi tabernan; aurrekoa Senran izan zen, abenduan. Bi kasuetan bizilagunek euren etxeak utzi behar izan dituzte kalteen ondorioz.

Gertatutako azken suteak bizilagunak kalera atera zituen martxoaren 2an, Udal Gobernuari ikuskaritzak egin ditzala eskatzeko. Era berean, gainerako alderdi politiko guztioi dei egin zitzaigun bilera egiteko eta horretan ari gara. EH Bildutik Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearekin dugun hartu emanari segida emanez, biltzeko data baieztatzea baino ez zaigu falta. Helburua, auzorako Prebentzio Plan bat diseinatzea da.

Bilera hau, edonola, Udalaren baitan tabernetako suteen inguruan abiatua dugun lanketaren jarraipena da. Hor kokatzen dira Senrari buruz azalpenak emateko urtarrilean aurkeztu genuen mozioa; hori ere atzera bota zuten EAJ eta PSEk. Otsailean, eta Zumeltzegiren sutearen bueltan, Eneko Goia alkatearen presazko agerraldia eskatu genuen ohiko Udalbatzan. Hau ere, eta urgentzia ukatuz, ez zuten onartu.

Ikuskaritzak zorrozteak lehen urratsa behar du izan

EH Bilduren eskariz, Eneko Goia alkateak agerraldia egin du astelehen honetan batzordeetan Parte Zaharreko tabernetan gertatutako suteen inguruan eta zenbait hausnarketa egitea ezinbestekoa deritzogu datuak dagokion moduan irakurri behar direla iritzita.

Adierazi duenez, 2021., 2022. eta 2023. urteetan, Parte Zaharrean 46 sute zenbatuak ditu Udalak; horietatik, 13 ostalaritza establezimenduetan izan direla erantsi du. 2024 hasi berritan, beste bat jasan dugu: otsailaren 19an izan zen, Zumeltzegi jatetxean. Aurrekoa, apenas bi hilabete lehenago izan zen, abenduan. Zehaztu duenez, gainontzeko suteak etxebizitzetan gertatu dira.

Fokua dagokion tokian jartzeko, proportzionaltasunaz ere aritu behar gara. Parte Zaharrak 5.000 biztanle ditu eta 200 ostalaritza establezimendu inguru. Alegia, 25 bizilagun bakoitzeko, taberna bat dago.

Auzoan ezinegona eta kezka daude, eta horiei heltzea gure ardura da. Orain arte ezer gutxi egin duen Udal Gobernuak ikuskapen protokoloa aldatzeko asmoa duela iragarri izana albiste ontzat jotzen dugu, baita ere inplikatutako agenteak aintzat hartzea ere (ostalaritza, Eusko Jaurlaritzako Industria saila, Iberdrola eta Udala bera). Agerraldi berean, ordea, Goiak esan du «bizilagunekin kontzientziazio lana» abiatuko dela, eta hori baieztatzea ardura haien bizkar gainean jartzea dela uste dugu. Ez al du beste esparru batean «kontzientziazio lanik» aurreikusten?

Ziur gaude, protokoloa aldatzeko asmoa azken asteetan auzotik eta auzotarrek egindako presioaren ondotik datorrela, ez hainbeste Udalak izan dezakeen bokaziotik.

Alkateak emandako datuen arabera, 58 espediente ireki dira Parte Zaharrean: 49 Osasun Publikotik eta 9 Hirigintzatik. «Eskasa» izan omen zen 21 ikuskaritzen emaitza. Udal gobernuak hauei isunik edo bestelako neurririk aplikatu ote zien ez du argitu, interpelazioan honen inguruan galdetu dugun arren. Urrats gehiago beharrezkoak dira eta hor kokatzen dugu Parte Zaharrerako Prebentzio Plan baten osaketa. Lanketarako mahai horretan, bizilagunek leku iraunkorra izan beharko luketeela defendatzen dugu EH Bildutik.