AKTUALITATEA


| 2024-08-07 10:30:00

Kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundearen bideragarritasuna bermatzea, pertsonei lehentasuna ematea ahalegin fiskala banatuz eta diru-sarrera gutxien dituzten kolektiboei hobariak emanez progresibotasuna bermatzea dira EH Bilduren helburuak tasa eta zerga proposamenari aurkeztuko dizkiogun emendakin eta arau-proposamenekin.

Guztira, 9 emendakin eta 6 arau-proposamen aurkeztuko ditugu.

Emendakinak erregistratu bezperan, Juan Karlos Izagirre EH Biduren udal taldeko bozeramaileak eta Jabi Vitoria zinegotziak agerraldi batean eskaini dituzte proposamen sortaren xehetasunak.

EAJ-PSEren Udal Gobernuaren proposamen nagusia da ahalegin fiskala berriro ere Donostiako familiengan jartzea. Gure begirada, ordea, bestelakoa da. Eta iaz ura eta zaborra bezalako oinarrizko zerbitzuen tasetan progresibitatean oinarrituta egin genituen proposamenak baztertu bazituzten ere, berriro saiatuko gara bide hori urratzen. Hau da: ahalegin fiskala partekatzen testuinguru ekonomikora egokituz, progresibitatea ahaztu gabe eta kalitatezko zerbitzu publikoetarako baliabideak ziurtatuz.

«% 3,9ko igoera orokortua gehiegizkoa da. Gure proposamena % 1,5era eguneratzea da OHZn baita oinarrizko zerbitzuetan», adierazi du Izagirrek.

Besteak beste, igoera handiak izan dira iazko zerga eta tasetan, aurrezpen handiak izan dira aurrekontu arruntean, bai diru-sarreretan, bai gastuan (26 milioi euro 2023an), eta diru-bilketak portaera ona izan du aurten udal mailan eta baita Gipuzkoako lurraldean ere. Horren ondorioz, aurreikusten da Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) bidezko aurrekontua handituko dela. Gogoratu behar dugu, iturri honek diru-sarrera arrunten % 50 suposatzen duela.

«Ezin dugu ahaztu, gainera, hazkunde ekonomikoak desberdintasunaren hazkundea ere dakarrela. Gure ustez, zailtasun ekonomiko gehien jasaten ari direnek politika fiskal horiei lasaiago aurre egiteko aukera izan behar dute», gaineratu du. Horregatik, beharrezkoa da EAJk eta PSEk OHZ (ondasun higiezinen gaineko zerga) berriro % 3,9 igotzeko iragarritako proposamena zuzentzea. Bi urtetan ia % 8 garestitu da. Oinarrizko zerbitzuek ere gora egin dute, hala nola saneamendua (% 3,9) eta zaborrak ( % 26,54).

Zaborren bilketari dagokionez, gogoetarako beste puntu bat honakoa da: zerbitzuaren garestitzea turista eta bisitari kopuru handiaren ondorioz. «Bada garaia ezartzen den tasa turistikoa finalista izan dadin planteatzeko, kontuan hartuta, halaber, bildutako diruaren zati bat zabor-bilketarako erabiltzea. Plus hori ez dagokie soilik donostiarrei», adierazi du Izagirrek.

Hauek dira EH Bilduren proposamen nagusiak:

1.- OHZ eguneratzea

Udal Gobernuak zerga % 3,9 igotzea proposatzen duen bitartean, gure proposamena % 1,5era arte eguneratzea da, KPIaren azpitik alegia, iazko KPIaren gainetik dagoen igoera orekatuz.

Donostiarren etxeko ekonomian eragin orokorra duen zerga da, beste oinarrizko zerbitzu batzuekin batera. Hori dela eta, zerga honetan ahalegin fiskala murriztea proposatu behar da, tasa horietan proposatutako igoeren ondorioz zerbitzuen defizitak nabarmen murriztu direlako.

Ekonomia edo ordainketa-gaitasuna funtsezkoa da hobariak ezartzeko. Hori dela eta, familia ugarientzat OHZren kuotaren hobariak ezartzeko katastro-balioa kontuan hartzea proposatzen dugu; horrela, 300.000 euroko katastro-balioa gainditzen badu, hobaria izaten jarraituko du, baina gehienez ere balio horren gainean.

Modu arduratsuan jokatzen dugu horrela, ahalegin fiskala arindu eta modu justuagoan banatzea proposatzen dugulako.

2.- Lurzoru publikoa okupatzeagatiko tasa (terrazak)

Udal Gobernuak terrazen zerbitzurako mahaiak eta aulkiak jartzeko lurzoru publikoa okupatzeagatiko tasa izozteko egindako proposamenaren aurrean, % 1,5eko igoerarekin eguneratzea proposatzen dugu.

Oinarrizko zerbitzuen tasak: ura, saneamendua eta zaborrak

1.- Ura

Oso modu positiboan baloratzen dugu nekazaritza eta abeltzaintza-jardueraren bereizketa egitea uraren kontsumoagatiko tasa espezifiko batekin EH Bilduk proposatu duena aintzat hartuz. Testuinguruak araudia eguneratzea eskatzen du gure ekonomia egituratzen duen sektore bati behar bezala erantzuteko. Gauzak honela, gainerako jardueretatik bereiziko da lehen sektoreko jardueraren babesaren ikuspegitik, etxekoa baino kuota handiagoarekin baina gainerako jarduerena baino txikiagoarekin.

Halaber, hobari desberdinak proposatzen ditugu errentaren arabera, diru-sarrera txikienak dituzten bizikidetza-unitateei laguntzeko.

Hobari desberdinak proposatzen ditugu, % 80, % 65 eta % 40koak, betiere bizikidetza- unitatearen urteko diru-sarrerek zenbateko jakin batzuk gainditzen ez badituzte. Horiek handiagoak izango dira bizikidetza-unitateko kideen arabera.

2.- Saneamendua

Udal Gobernuak tasa % 2,87 igotzea proposatu du; gure proposamena, ordea, % 0,5 eguneratzea da, benetako igoera % 1,5ekoa izan dadin.

Iaz, Udal Gobernuak tasa hori % 10 igotzea bultzatu zuen 2024rako, bi ekitaldietan KPIa aise gaindituz.

Kontuan izan behar da tasa horrek berezitasun bat duela: zuzenean lotuta dagoela uraren tasarekin. Saneamendu-tasa % bat da likidatutako aldian kontsumitutako uraren fakturazioari dagokionez. Beraz, ura % batean igotzen bada, saneamenduagatik bildutakoa handitu egiten da, eta saneamendu-tasa igotzen bada, igoera bikoiztu egiten da. % 0,5eko igoerarekin, oinarrizko zerbitzu hori % 1,5 eguneratzea proposatzen dugu.

3.- Zaborren bilketa

Oinarrizko zerbitzu bat da eta bere defizita 5,5 milioi eurokoa da Donostian.

Europako zuzentarau bat betez, EAJren eta PSEren udal-gobernuak % 26,54ko igoera proposatu du zerbitzu horrek sortutako defizita orekatzeko.

Europako Zuzentarauan ezarritakoa jasotzen duen Legeak helburutzat ezartzen du zabortegira eramandakoa murriztea eta gaikako bilketa areagotzea birziklatzea eta berrerabiltzea errazteko. Sorkuntzaren araberako ordainketa ere ezartzen du, jatorrian bereizteko eta nahastutako hondakinak murrizteko pizgarriekin. Ildo horretan, 2025erako ezarri da (2022an onartu zen legea) zerbitzu hori defizitarioa ez izateko betebeharra; beraz, tasaren bidez zerbitzuaren kostuak estali nahi dira gaikako bilketaren helburua % 55ekoa izanik (2022an indize hori % 41,1ekoa zen).

Jabi Vitoriaren hitzetan, «irtenbidea ezin da tasa garestitzeko planteamendu batera murriztu kostua xurgatzeko. Gastuaren esparruan ere lan egin behar da, berau murrizteko eta sortzen den defizita sortzeagatik ordaintzeko. Hori da Legearen eta Europako Zuzentarauaren helburua».

Udal Gobernuaren planteamendua erredukzionista eta partziala da. Ez die erantzuten arlo horretako araudi berriaren helburuei; izan ere, ez du kostuaren murrizketan esku hartzen (azalpenean behintzat ez du egiaztatzen), ez eta sortzeagatiko ordainketan ere.

«Horregatik -gaineratu du- planteatzen dugu tasaren gorakadak kontuan hartzea gaikako bilketa hobetzeko eman beharreko urrats beharrezko eta eraginkorrak, eta, era berean, % 55eko gutxieneko helburura iristea. Gai horri talde politiko guztien parte-hartzearekin behar bezala heltzeko, ponentzia bat sortzea proposatuko dugu».

Era berean, EH Bildutik proposatuko dugu jardueretan terrazek hartzen duten azalera kontuan hartzea tasa aplikatzeko garaian.

Gipuzkoan batez besteko gaikako bilketa % 57koa da dagoeneko, nahiz eta Donostiako datuak baxuak izan. Europako araudia betetzeak 2,2 milioi euro gutxiagoko defizita ekarriko luke, gutxi gorabehera. Laburbilduz, zuhurtasuna eta erantzukizuna oinarri hartuta, zuzenketa bat proposatuko dugu, proposatutakoa baino igoera txikiagoarekin, kontuan hartuta helburua Donostian bilketaren % 55 lortzea dela.

Azkenik, bizi dugun testuinguru ekonomiko gogorrari erreparatuta, eta progresibotasunaren ikuspegitik, hobari desberdinak proposatzen ditugu errentaren arabera aplikatzeko diru-sarrera txikienak dituzten familiak babesteko, betiere erabilera arduratsua egiaztatzen bada.

Beste batzuk:

1.- TAO

Udal Gobernuak % 3,9ko igoera orokorra proposatu duen bitartean, gure proposamena da gizarte-bineta eta egoiliarren bineta izoztea, eta udatiarraren bineta % 7,8 garestitzea. Honek bat egiten du Udal Gobernuak trafikoari eta jasangarritasunari dagokionez gatazkatsuagoak  diren eremu berezi eta gorrietarako ezarritako irizpideekin.

2.- Garabia

Defizit handia duenez, zerbitzu horren kostua herritar guztiei aplikatzen zaie. Hori murrizteko, % 7,8ko igoera proposatzen dugu.

3.- Zerbitzuak emateagatiko eta jarduerak egiteagatiko tasa

EAJren eta PSEren Udal Gobernuak gizarte-larrialdietarako 25 udal-etxebizitzetan ostatuzerbitzuaren tasa garestitzea proposatu du, eguneko 7,5 eurotik eguneko 20 eurora igoz. Justifikatu dutenez, kostua estaltzeko.

EH Bildutik aurreratu dugu ez dugula igoera onartzen, arrisku egoerei babesa ematen dien baliabidea baita. Vitoriak zehaztu duenez, 2023ko likidazioan ez da diru sarrerarik lortu kontzeptu horrengatik; izan ere, artatu diren pertsonen diru-sarrerak gutxienekoetara iristen ez badira, salbuetsita daude. Beraz, ez dugu ulertzen gai hori eraman beharra, are gehiago epigrafe horretako beste tasarik eguneratzen ez denean, hala nola udal-txostenak edo animalien lizentziak. EH Bildurentzat oinarrizko eskubidea da, eta premia larria, zoritxarrez.