AKTUALITATEA


| 2023-08-24 15:59:00

Zerbitzu publikoak eguneratzea eta horien kalitatea sendotzea izan da EH Bilduk 2024rako Udal Gobernuak proposatu dituen ordenantza fiskalen zuzenketa eta proposamenetan ezarri duen helburuetako bat.

Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundearen bideragarritasuna bermatzea gailurra da, baina marra gorria dugu: pertsonei lehentasuna ematea ahalegin fiskala gehiago banatuz eta progresibitatea txertatuz. Eta, horretarako, diru-sarrera gutxien dituzten kolektiboei hobariak ematen dizkiegu.

 

Helburu horiei erantzuten die gure proposamen sortak, eta EH Bilduk ostegun honetan prentsaurrekoan zehaztu ditu, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Jabi Vitoria zinegotziak parte hartuta.

Gaiari heldu baino lehen, Eneko Goiaren Gobernuak datorren
urteko fiskalitate proposamena noiz aurkeztu izanarekin ez datorrela bat adierazi nahi izan du Izagirrek. «Aste Nagusiaren atarian, jai eta opor giroan. Hamar egun besterik ez ditugu zuzenketak egiteko eta aurkezteko, eta horrek asko baldintzatu du lan egiteko modua. Eta zerikusi gutxi du adostasuna bilatu nahi duen proposamen batekin», kritikatu du.

 

Ez dugu oinarrizko zerbitzuen kalitatean eragin nahi, bermatuak behar dutenak. Udal Gobernuak dioen bezela, 5 milioi euro bildu behar direla ontzat emango bagenu ere, gakoa da nola egiten den hori. «Igoerek justifikatuta eta arrazoituta egon behar dute. Argi daukagu ahalegin fiskala herritar guztien artean onartu behar dela, baina progresiboki egin behar da. Bai ala bai. Eta bi baldintza horiek ez dira betetzen Udal Gobernuak planteatzen duen proposamenean», ohartarazi du Izagirrek, fiskalitateari heltzeko eztabaida lasaia eta sakona beharrezkoa dela iradokiz.

Era berean, Udal Gobernuak progresiboa izateko duen bokazio falta kritikatu du, «oinarrizko tasetan %5eko igoera orokorra planteatu baitu. Hala ere, egiten diren salbuespenak ohikoak dira ekonomia sustatzeko aitzakian, eskuineko politiken justifikazio klasikoa», ondorioztatu du.

 

EH Bilduk erregistratutako 16 zuzenketen eta arau-proposamenen edukiari dagokionez, Vitoriak azaldu du «zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik Gipuzkoako uztaileko KPIa ( % 3koa) erabili dugula eguneratze erreferentzia gisa. Berriena izateaz gain, gure testuingururako egokiena eta gure hiriko errealitatetik gertuen dagoena delako».

 

Proposamen nagusiak

 

Proposatutako neurri guztietan arduraz jokatzen dugu eta progresibotasuna beti izan da ardatza neurriak egiterako garaian.

 

OHZ zergari dagokionez, Udal Gobernuak kuota %4 igotzea proposatzen du, hau da, KPIaren gainetik, baina gure proposamena da %3 gainditu gabe eguneratzea, eta falta diren baliabideak lortzea (700.000 euro inguru), etxebizitza hutsei ezarritako errekargua handituz, egungo %100etik %150era pasatuz.


Familia ugarientzako OHZren kuotaren hobariak katastroko balioa kontuan hartzea ere proposatzen dugu.

 

Bestalde, Ekonomia Jardueren gaineko zerga KPIaren arabera eguneratzea proposatzen dugu eta higiezin baten salmentan lortutako mozkinak zergapetzen dituen Gainbalioaren zerga %5 igotzea porposatu dugu Udalak izozteko egin duen proposamenaren aurrean.

 

Oinarrizko zerbitzuak: ura, estolderia eta zaborrak

 

Tasa hauetan progresibitatean sakonduko dugu baliabide gutxien dituzten familei hobariak aplikatuz. Gogoratu nahi dugu hau posible dela EH Bilduk urtarrielan Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu zuen mozio bati esker. Uraren tasaren kasuan, Udal Gobernuak %5eko igoera orkor bat planteatu duen bitartean, EH Bilduk %3koa jarri du mahai gainean, IKP muga izanik. Gainera, diru-sarrera txikienak dituzten bizikidetza-unitateei laguntzeko %80era iristen diren hobariak proposatzen ditugu. Hobari hau berritasun bat litzateke, eta familia berriak izango dute sarbidea, beti ere diru sarreren arabera.

 

Saneamendu tasari dagokionez, etxeetan «igoera bikoitza» saihestea da, Vitoriaren hitzetan. Hau ere oinarrizko beste zerbitzu bat da, eta, puntu honetan, erantzukizunez jokatzen dugu berriro. Gure proposamena izoztea eta etxeko tasan igoerarik ez egitea da; gainontzekoetan KPIa (% 3) gainditu gabe eguneratzea.

 

«Zerbitzu honek galera handia du, 5 milioi euro ingurukoa; hala ere, tasa horrek badu berezitasun bat: zuzenean lotuta dago uraren tasarekin. Saneamendu-tasa % bat da likidatutako aldian kontsumitutako uraren fakturazioari dagokionez. Beraz, ura % batean igotzen bada, saneamenduagatik bildutakoa handitu egiten da, eta saneamendu-tasa igotzen bada, igoera bikoiztu egiten da. Etxeko tasa izoztuta, igoera bikoitza saihestea proposatzen dugu», azaldu du Vitoriak.

 

Azkenik, eta aipagarrienekin amaitzearren, zaborren tasa dago. Hemen ere, urarekin egin nahu dugun bezala, hobariak aurreikusten ditugu. Etxeko tasa %3ko igoerarekin eguneratzea bilatzen dugu; aldiz, industria jardueretean %7 eta sortzaile handietan %9. 

 

Proposatzen ditugun hobariak familiei zuzenduak daude eta irizpide progresiboa dute. Hau ere neurri berria da, eta errentaren arabera jasoko dute familek hobari bat edo beste, betiere hondakin organikoaren bereizketaren erabilera aktiboa egiten badute.