AKTUALITATEA


| 2024-01-31 12:26:00

Klima krisiari aurre egiteko aldaketak motelegiak dira erabakigarriak diren sektore ia guztietan, hala nola erregai fosilei, deforestazioari eta garraio publikoari  begirako neurrietan. Energiari dagokionean, ekoizpen eta kontsumo eredu berri batera moldatu beharrean gaude, baliabide iraunkor eta berriztagarrietan oinarrituko dena.

EH Bildutik nabarmendu nahi dugunez, Donostiak ere ezinbestean eutsi behar dio eraldaketa prozesu honi; are gehiago, prozesu hau interes orokorraren zerbitzura jarri behar da ezinbestean. Hala, Udal Gobernuari dei egin nahi diogu egitasmoa abiatu dezala, denbora gehiago pasatzen utzi gabe.

Larrialdi Klimatiko egoeran gauden honetan, administrazio publikoak aitzindaria eta eredugarria izan behar du bere jardun-eremuan. Baina ez hori bakarrik, sektore publikoa interes orokorra lehenetsiko dela bermatzeko dago. «Kontua da ez dela energia-trantsizio justu eta iraunkorrik egongo energia-sektorea demokratizatu gabe eta, prozesu horretan, sektore publikoak, gizartezibilak , ezagutzaren eragileek eta eragile ekonomikoek batera parte hartu behar dute, eta ekimen publikoari dagokio prozesua bera gizartearen interes komunaren zerbitzura jartzea».

Hala adierazi du hedabideen aurrean Markel Ormazabal zinegotziak, iragan azaroan mozio bidez proposatu eta onartua izan zen Udal Energiaren Bulegoaren beharraz mintzatzeko. Denbora honetan urratsik ez da eman eta zerbitzua eta baliabideak martxan jartzera dei egin du. «Premiazkoa da», erantsi du. Eta datu batzuk gogora ekarri ditu:

2023ko urriaren 4an, Cristina Enea Fundazioak eta Marisol Garmendia zinegotzi ordezkariak Donostiako Iraunkortasunaren eta Klimaren 2022ko Txostena aurkeztu zuten. Txostenaren arabera, 2019an nabarmen handitu zen energia berriztagarrien ekoizpen zenbatetsia, batez ere biomasako instalazioak areagotu zirelako, eta zehatzago, Txomin Eneako District Heating instalazioaren ekoizpena zela eta. Baina 2022an DH-en ekoizpenak behera egin du (%23), 2.315.169 Wh-ra iritsiz. Gainera, Donostiako Sustapenaren eguzki-energia fotovoltaikoen instalazioek 647.435 kWh zenbatetsi ekoitzi dituzte 2022an, hau da, 2021ean baino %16 gutxiago.

Energia-ekoizpen eta kontsumo eredu berri batera egokitzeko beharra begi bistakoa da, EH Bilduren aburuz, izan ere krisi ekologiko batean murgilduta gaude. Goraipatu duenez, «gizarte zibilak ere urteak daramatza ildo horretan lanean, hala nola, autokontsumorako energia ekoizten, bai modu indibidualean, bai komunitatean. Donostian ere badaude horrelako ekimenak, abian daudenak edo abiatzear daudenak, eta tokiko erakundeen ardura da prozesu horiek erraztea. Izan
ere, energia berriztagarrien aldeko apustuak lankidetza publiko-komunitarioa eskatzen du».

Herritarren ekimena bultzatzeko baina, ezinbestekoa da herritarrei komunikazioaren, lege eta administrazioaren eta finantzaren arloetako aholkularitza eta laguntzak ematea, bereziki plangintzaren, hirigintzaren eta fiskalitatearen eremuetan.

Hain zuzen, eskaera horrekin aurkeztu genuen EH Bildutik 2023ko azaroan mozioa, baita lehen puntua onartu ere; alegia, Energia Bulego bat ahalbidetzearena.

Azpiegiturak eta baliabideak jarri bitartean, EH Bilduren ustez hauek dira zerbitzu publiko berri horrek izan beharko lituzkeen ezaugarriak:

-Helburuak:

*Kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzea.

* Herritarrei zein enpresei energia berriztagarriei buruzko ezagutza hurbiltzeko xedez, zalantzak argitzeko eta aukerak azaltzeko aholkularitza ematea.

- Eskainiko dituen zerbitzuak:

* Herritarrei arreta aurrez aurrekoa, telefonoz, zein mezu bidezkoa izango da.

* Energiaren kontrola, herritarren eskura: faktura energetikoa (gasa eta elektrizitatea) optimizatzeko aholkularitza zerbitzua eskainiko da, baita fakturaren azalpena ere.

* Tokiko Energia Komunitateak sortzen eta garatzen lagunduko du.

* Diru laguntzen inguruko informazioa emango du: energia berriztagarrien proiektuak finantzatzeko eta, autokontsumo zein autokontsumo partekatua sustatzeko dauden deialdien berri emango du, besteak beste.

* Eraikinen ‘eraginkorta  energetikoa’ ziurtagiriaren inguruko informazioa eta betebehar legalen berri emango du.

* Birgaitze energetikoa: aukerak, ezaugarriak eta diru laguntzen aukeraren berri emango du.

* Teknologia berriztagarrien inguruko informazioa emango du.

* Zaurgarritasun energetikoa: laguntzen informazioaren berri ematea. Zerbitzuak laguntza eta aholkularitza eskaini behar die behar berezia duten herritarrei, esaterako, bonu soziala behar dutenei onurak lortzeko behar dituzten tramite burokratikoak kudeatzen lagunduz.

Krisi ekologikoa azkartzen ari da eta klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira. Horrek, nahitaez egin beharreko trantsizio sozio-ekologikoa azkartzea premiatzen du.

Eta gaur, orain, herritik eta herritarrek sortutako alternatibak bikoizten eta azkartzen ari direla ikusten dugu. Donostian bertan ere badaude horrelako ekimenak, Igeldoko Kooperatiba Energetikoa kasu, edo egun hauetan Añorgako eguzki-plaken lehen instalazioa aurkeztu berri duen Añargi energia komunitatea.

Ormazabalek balioan jarri ditu «norabide horretan eragin nahi duten herri-ekimenak», eta hauek babestu bakarrik ez, sustatzera dei egin du. «Tokiko erakundeen ardura da prozesu horiek erraztea eta laguntzea. Abian dauden prozesuak, eta abiatzear direnak». DSS Klima 2050 udal planak berak aitortzen zuenez, energia berriztagarriak bultzatzeko esku hartze nagusietako bat da «jatorri berriztagarria duen energia hornidura bermez kontratatuz eta iturri berriztagarrien sorrera, banaketa eta merkaturatzearen alde egingo duen Energia Zerbitzuen uda enpresa baten sorrera lehenestea. Zeren zain gaude?», galdegin du Ormazabalek.

Eta donostiarrak berriz, animatu egin nahi izan ditu: «Ez gaitezen zain egon. Aurrea hartu behar dugu»