AKTUALITATEA


| 2022-09-22 11:59:00

Jakina denez, pasa den maiatzean, jakinarazi zuen Aranzadi zientzia elkarteak Polloen dagoen mausoleo frankistan miliziano antifaxisten gorpuak zeudela hobiraturik.

Donostiako EH Bilduko udal taldeak 2021eko azaroan Giza Eskubideen Udal Batzordean aurkeztutako ekimen instituzional batetik abiatu zen azterlana da, historialari donostiarren ikerketetan oinarrituta eta herri eragileen eskutik. Ondoren, gaiaren jarraipena egin behar izan genuen, bileraz bilera, maiatzeko aurkezpenera iritsi arte.

Joan den irailaren 13an, Udal Gobernuak eta Gogora Institutuak, Polloetik bertatik, iragarri zituzten erabakiak kontuan hartuta, ikerketa amaitutzat emanez eta monumentu frankistaren eraispena baztertuz, proposamen berriak aurkezten jarraitu beharrean gaude.

Lege-eskakizunak alde batera utzita, eta beste eskultura bat han kokatzea baztertu gabe, EH Bilduren ustez beharrezkoa da ikur frankista hori eraistea.

2021eko EH Bilduk aurkeztutako jatorrizko iradokizunean zera eskatzen genuen: «Donostiako Udalak hiriko hainbat historialarik burututako ikerketei jarraipena eman diezaiela aipatu eremuan fusilatuen gorpuzkiak ote dauden argitzearren, eta aldi berean, abiatu ditzala monumentu frankista eraisteko beharrezko izapideak». Eta horixe da eskatzen duguna: ikerketa bururaino eraman behar da.

Eusko Jaurlaritzari (Gogora Institutuari) ez diogu ezer eskatzen berak Madrilgo Gobernuari «El valle de los Caídos» inguruan eskatu ez dionik. Hau da, mausoleoa eraitsi behar da eta baliabide guztiak erabili behar dira hobian dauden pertsonen nortasuna ezagutzeko.