AKTUALITATEA


| 2024-01-12 13:18:00

Martutenek azken urteetan Udal Gobernu honek agindutako hobekuntzen zain jarraitzen du. Proiektu horiek iragarri egiten dira, baina ez dira iristen, duela lau urte teorian ‘behinbehinean’ egokitu zen biribilgune bat bezala. Horrelako esku-hartzeak egitea, estrategikoak direnak gainera, ezinbestekoak dira. Auzoan asko dago egiteko, auzotarren bizilagunen bizitzak hobetzeko.

Ez da kasualitatea EH Bilduk abenduaren 1ean Plazatik dinamika Martutenen aktibatu izana. Programa hau entzute aktiboan eta zuzeneko parte-hartzean oinarritzen da, eta egun osoko bisitak ditu in situ, gure hiria osatzen duten auzo bakoitzaren beharrak, gabeziak eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko.

Bisita hartatik eduki erabilgarria eta interesgarria jaso genuen, hura garatu eta geroUdalean lantzeko, udal talde gisa. Entzute aktiboaren formulak funtzionatzen du, horrekin konbentzituta gaude. Interesa elikatzen du eta harremanak estutzen ditu, sarea indartzen du, EH Bildurentzat funtsezko elementua.

Bilera horietatik dagoeneko ezagunak diren egoerak egiaztatu genituen, eta beste berri batzuk ezagutu genituen. Hauek guztiek, eta etorriko direnek, Martuteneko bide-orria marrazten laguntzen digute; betiere, tokiko elkarte eta eragileen eta bertako bizilagunen eskutik. Bidea partekatua da.

Eta Martutene agendan dugula, datorren astelehenean, hilaren 15ean, hiru interpelazio defendatuko ditugu, Udal Gobernu honek auzoaren funtsezko gaiei buruzko azalpenak eman ditzan.

Lehenengoan, Pilarreko Andre Mariaren, Tranbiaren eta Martuteneko pasealekuaren kaleetatik datorren trafikoa kudeatzen duen biribilgunearen proiektua eta bideantolamendua aipatzen dira. Obra eta Zerbitzu Publikoen Batzordean, pasa den abenduaren 19an Tokiko Gobernu Batzarrak onartu zuen biribilgunearen inguruan hitz egingo dugu.

«Martuteneko pasealekuaren oinezko, bizikleta eta bide antolamendua, egungo trazadurak dakarren arriskua eta Arantzazuko Ama ikastolaren aurrean jazotako istripuak dira auzoan kezka gehien sortzen duten gaietako bat», eta, alde horretatik, proiektuari buruz argitaratu den infografiak zalantza eta galdera ugari sortzen dizkigu, baita bizilagunen artean ere.

Infografiari dagokionez, hasteko, gehiegizko dimentsioekin irudikatzen da, baina gehien harritzen gaituena Tranbia kaletik zirkulatzeko bi errei eta Martutene pasealekutik ibiltzeko beste bi irudikatzea da. Zebra bideei buruz hitz egitea komeni da, izan ere, biribilgunetik gertu, espaloira beharrean, aparkaleku batera bideratua dagoen bat iradokitzen da.

Ikastolaren paretik doan egungo errepideak sortzen duen arriskua saihesteko, ibilgailuak Tranbia kaletik bideratzea zergatik ez den kontuan hartu ere jakin nahi dugu. Aurrekariek erakusten dutenez, egungo antolamendua arriskutsua da, eta badira beste aukera seguruagoak, auzo atseginagoa egingo luketenak, adibidez, ikastolaren eremua Marie Curie parkearekin integratuz, oinezkoentzako gune baten bidez.

Behar handiak ditu 27. Poligonoak

Bigarren eta hirugarren interpelazioak 27. poligonoari buruzkoak dira. Lehenengo kasuan, industria-eremu horretako Ubarburu pasealekuan partzela bat ez erabiltzearen arrazoiei buruz gehiago jakin nahi dugu. Kezka hori APEMIrekin (Martuteneko 27. Poligonoko Jabeen eta Erabiltzaileen Elkartea) Plazatik bidez egiaztatu dugu.

Industria guneak urbanizazio-gabezia nabarmenak dituela adierazi ziguten, baita aparkalekurik ez dagoela ere espazioak libratu ahal izateko. Hartara, espaloiak eta bidegorriak bezalako azpiegiturak egin zitezkeen. Azken batean, industria-gune hori guztia urbanizatzea ahalbidetuko duen neurri sorta egitea ezinbestekoa da, haren itxura hobetzen lagunduz, besteak beste, izan ere honek ere kezka sortzen du enpresen artean.

Berrantolaketa hori guztia egiteko lekuak bilatzea zaila dela ikusita, EH Bilduk Lurraldearen Garapen eta Plangintza Batzordean hitz egingo du aipatu partzela hori, udalarena dela, zergatik ez den erabiltzen. Uste dugu funtsezko pieza litzatekeela 27. poligonoak erakusten dituen premia larrienei erantzuteko.

Bide batez, Udal Gobernuak poligonoaren barruan APEMIrako beste kokaleku bat aurreikusten duen ere argitu behar da. Gaur egungo azpiegitura prekarioa da, eta hutsune handiak ditu: baldintzak hobetu daitezke, hori ebidentzia bat da, eta hala jakinarazi digute langileek.

Azkenik, Gune Publikoen Batzordean, Astigarragatik 27. poligonorako sarbidea aztertuko dugu. 2022ko ekainean inauguratu zen honako helburuarekin: industrialdea AP-1 autobidearekin eta Urumeako autobiarekin zuzenean lotzea. Erabilera oso eskasa du ordea, eta GI-40 errepideari lotutako biribilgune nagusiak pilatuta jarraitzen du egunero.

Zergatik ez du Udal Gobernu honek irteera eta sarrera berri hau bultzatzen? Bere erabilera sustatzeko seinale berriak jartzea aurreikusten al du? Zergatik ez zaie langileei eta enpresei deitzen hori erabil dezaten?