AKTUALITATEA


| 2024-12-13 23:44:00

Donostiako Udalak indarkeria ezberdinetako biktimak oroitzeko 2019an indarrean jarri zuen plaken dinamika. EH Bilduren helburua, betiere, baldintza politiko eta sozial berriak sortzea izan da eta da, aurrera egitea eta bakea eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan sakontzea. Hala, biktima guztien errekonozimendua, aitortza eta erreparazioaren alde urratsak ematen segituko dugula adierazi nahi dugu, egindako bidean aurrera eginez.

Berriki, apenas astebetean bi plaka jarri dira gure hirian. Bata, Santi Oleaga ETAren biktimaren omenez; bestea, Guardia Zibilak erail zuen Mikel Zabalzaren oroimenez. Testuinguru honetan, memoria inklusiboarekin eta elkarbizitzarekin dugun konpromisoa berretsi dugu, hitzez zein ekintzez.

Hala, EH Bilduren iritziz, komeni da gogoratzea aurten 50 bete direla Mikel Salegi gaztea Guardia Zibilak kontrol batean hil zuenetik. Eta Zabalzarekin gertatu bezala, kasu honetan ere bere memoria bizirik mantendu dute senitartekoek zein herritarrek, erakundeen aldetik urratsik eman ez den bitartean. Ez aitortzarik, ez errekonozimendurik. Larunbata honetan familiak eta lagunek antolatuta Kursaalean egingo duten urteurren ekitaldiaren karietara aipatzekoak dira salegitarrek bidean izan dituzten trabak eta minari erantsi zaizkion minak. Donostiako Udalarekin ez zaie posible izan elkar ulertzea, eta honek erakusten du badagoela zer landu eta hobetu. EH Bildutik helburu horrekin lanean jarriko gara Giza Eskubideen batzorde ez iraunkorrean.

Dinamika honen hastapenetatik EH Bildutik egin izan dugun hausnarketa berriro ere mahai gaineratu nahi dugu, uste dugulako dinamikaren planteamenduak berak gogoeta bat merezi duela. Ez da tresna integratzaile bat eta maiz adierazi izan dugunari helduz, ekimenak ez ditu betetzen berdintasun eta inklusioaren oinarrizko printzipioak biktima eta sentsibilitate politiko guztiak errespetatuak eta onartuak izan daitezen.

Badago zer hobetu, baina horretarako ezinbestekoa izango da dagokion foroan, Udaleko Giza Eskubideen Batzorde ez iraunkorrean, elkarlanean eta elkarrizketan sakontzea. Batetik, ekimen publikoak antolatu baino lehen ezinbestean aurre lanketak egitea proposatzen dugu familien minari akonpainamendua egitez eta, horrela, gaur egun dagoen hutsune bat betez. Izan ere, horren ondorioz maiz sortu dira urteotan senideekin egoera delikatuak eta zailak.

Donostiako bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiteko orduan, erreparazio instituzionalerako mekanismo egokiak adostu behar dira desberdinen arteko topaguneak sortzeko eta erreparazio instituzionala behar bezala sustatzeko. Donostian, egin ez den aurre-lanketa egin behar da. Gure inguruan egin diren esperientziek erakutsi dutenez, prozesu horiek arrakastatsuak izateko ezinbestekoa da desberdinen arteko elkarrizketa sustatzea eta elkargune pribatuak eta erosoak sortzea edozein ekintza publikoren aurretik.