AKTUALITATEA


| 2020-01-17 11:47:00

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren, areagotu egin da Donostian pairatzen ari garen pisu turistikoen krisia. Eta hemen ez dela ezer gertatzen esan eta esan arren, Eneko Goiak badaki sortu den egoera oso konplikatua dela eta hau ez dela konponduko epe motzean. Horregatik, hasierako puntura itzultzeko garaia dela uste dugu, Plan Orokorraren segurtasun juridikora itzultzeko garaia da, alegia. Edo modu kolokialean esanda: lehen solairuko araura itzultzeko garaia da.

Gogoratu behar da Donostiak bazuela 90eko hamarkadatik arau bat (lehen solairuko araua), benetan eredugarria zena, baina pisu turistikoen booma Donostiara iritsi zenean, 2015-16an, ez zela behar bezala aplikatzen. Orduan, Plan Orokorra (PG) betearazteko neurri berriak hartu beharrean, pisu turistikoak arautzeko ordenantza berria aurkeztu zuen Goiak. EH Bilduk, ordenantza onartzeko egin zen udalbatzarrean, oso ibilbide laburra iragarri zion, "eragingo dituen prozesu juridiko ugariengatik". Goiari esan genion bere zuzenbidean lizentziatu izaeragatik jada jakin beharko lukeen zerbait: ordenantza batekin ezin direla hirigintza erabilerak arautu, eta ezin duela Plan Orokorraren kontra joan. Baina aurrera jarraitu zuen.

Orain, ordenantzaren aurkako epaiak iristen hasi dira, batzuk Plan Orokorra ez betetzeagatik, eta hau EAEANren aldetik, hirigintzaren legezkotasuna ez betetzeagatik. Paradoxikoki, denbora honetan guztian, Udalari arrazoia ematen dioten dozenaka epai ere iristen joan dira, hori bai, solik PGa betetzen duenean ("lehen solairuko araua").

Bitartean, bi urte hauetan, gutxi batzuek diru asko irabazi dute PGaren arabera legez kanpokoak izan beharko liratekeen etxebizitza turistikoekin. Bitartean, Donostian alokairuaren prezioa etengabe igo da. Bitartean, donostiar askok kanpora joan behar izan dute bizitzera eta, bitartean, bizilagunen komunitate askotan arazo larriak izan dituzte pisu turistiko berrien kontura.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Goia jaunari eta bere Gobernu taldeari helarazi nahi diegu iritsi dela momentua ordenantza kaxoi batean sartu eta abiapuntura itzultzeko. Ordenantza salbatzen saiatzeko ingeniaritza juridikoa egiteko denbora amaitu da. Gauzak ondo egiten hasteko garaia da.

Zentzu horretan, EH Bilduk ponentzia bat eratzea eskatuko du, pisu turistikoen booma iritsi zirenetik Donostian sortu den egoera aztertzeko, eta ze egoera juridikoan gauden ere sakon aztertzeko. Ponentziaren azken helburua pisu turistikoak behar bezala arautzea izango litzateke, Donostiako herritarren interesak eztabaidaren erdigunean jarriz. Ponentzia eratzearekin batera, pisu turistiko berrietarako baimen gehiago ez emateko erabakia hartu beharko litzateke.