Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dugu ‘Kaleko Afari Solidarioak’ ekimen boluntarioa Donostian erakundeek egiten ez duten lana egiten ari dela 2020. urteaz geroztik. Lan hau herritarrek egiten dute. EH Bilduren aburuz, pertsona boluntario hauek egunero egunero egiten duten lana debekatzea ez da justua. Are gehiago, inhumanoa ere bada alternatiba bat eskaintzen ez denean. «Aspalditik ari gara lanean egoerari irtenbide bat eman asmoz eta hurrengo egun eta asteetan horrela jarraituko dugu, bide berberetik irtenbide baten bila», adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak hedabideen aurrean.
Bigarrenik, bozeramaileak salatu duenez, «janari banaketa eta segurtasun falta nahastea ez da egokia eta gezurretik ere badu». Erantsi duenez, «segurtasun neurriak jartzea ondo dago, baina lan hau musutruk egiten duten herritarrak eta gosea pasatzen duten herritarrak jazartzea eta jarraitzea ez. Segurtasuna ere badelako janaria ez duenari janaria ematea», defendatu du Izagirrek.
Udal Gobernuak hartu duen erabakia okerra da, besteak beste, horrelako erabakiekin hauspotzen direlako eskuin eta eskuin muturrreko diskurtso arrazista eta xenofonoak. Debekuarekin helerazten den mezua delako hain modu oldarkor eta bortitzarekin protesta egiten dutenek lortu dutela bilatzen zutena, eta hori ezin dugu onartu. «Diskurtso hori erresiduala izan da Donostian eta Euskal Herrian eta denon ardura da mezu hori ez hauspotzea, denon ardura da orain arte bezala erresiduala izaten jarraitzea», eskatu du.
EH Bildutik etengabeko harremanetan gaude ‘Kaleko Afari Solidarioak’-eko boluntarioekin eta lanean ari gara Udal Gobernuarekin alternatiba bat mahai gaineratu dezan. Baina argi diogu: alternatibak ezin du inolaz ere debekua izan. «Zer janik ez duten pertsonek janaria eskura izatea da daukagun irtenbide bakarra, edozein gizarteren segurtasunaren oinarri dena, eta gutxiengo batzuk betetzen direla bermatzea gure ardura da. Lo egiteko sabai bat, jana eta janzteko arropa. Hori da pertsona batek behar duen gutxienekoa. Pertsona horiek Donostian bizi dira eta artatu egin behar dira», amaitu du.