AKTUALITATEA


| 2021-09-29 12:40:00

Aste hauetan EH Bildu hiriko zenbait eragilerekin elkartu da. Fenomeno hori aztertu dugu, baita konponbidean jartzeko alternatibak ere. Auzo elkarteekin, gazteekin, ostalaritza sektorearekin, sindikatuekin, Udaltzaingoarekin, gizarte mugimenduekin eta abarrekin elkartu gara. Diagnostikoak partekatzeaz gain, beste hiri batzuetan (adibidez, Iruñean) proposatzen ari diren irtenbideak ebaluatu ditugu. Bitartean, Udal Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek gai hau “ordena publikoko” arazo bihurtu nahi izan dute, arazoa konpondu beharrean kontrako efektua lortuz. EH Bildutik modu diskretuan lan egin dugu eta gaur gure lanaren ondorioak publiko egin nahi ditugu.

Baina EH Bildu ez da zerotik abiatzen, gai hauek kezkatu gaituzte hasieratik. Gogoratu behar dugu 2021eko otsailean egindako proposamena Udalak Donostiako gazteei zuzendutako programa bereziak martxan jartzeko, pandemia testuinguru honetan. Eta apirileko plenora ere eraman genuen gazteen osasun mentalaren inguruko beste mozio bat. Bietan Udal Gobernuko bi taldeen ezezkoa jaso genuen arren, lanean jarraituko dugu, esan bezala, herritarrekin eta eragileekin batera.

Donostiako EH Bilduk hiru ondorio nagusi atera ditu erronda honetatik:

  • Parte Zaharraren egoera larria: Gaur egungo egoera Parte Zaharra parke tematiko bihurtu izanaren ondorioetako bat da. Auzoan bizi den babesgabetasun-sentsazioa behin eta berriz atera den ideia izan da. Kale edana Parte Zaharrera bideratu izanak hemen bizi diren herritarren eta ostalarien arazoak areagotu besterik ez du egin.

  • Gazteriaren egoera larria: Urte eta erdi honetan sozializazioari ezarritako murrizketek eta gertatu denaren ardura gazteei egotzi izanak euren ongizate emozional eta psikologikoan eragin zuzena izan dute. Era berean, aisialdi eremuan, alkoholaren kontsumoari alternatibarik ez zaio bilatu, euren lokalak itxi dituzte eta beste harreman eta aisialdi gune batzuk erabiltzea ezinezkoa izan da. Aisiarako aukera berriak emateko beharra oso zabalduta dago.

  • Polizia eredua: Gai hau tabu bihurtu nahi duten arren, Udaltzaingoak berak ere onartzen du soluzioa ez dela bide polizialetik etorriko.

Aurrera urratsa emateko unea iritsi da. Eneko Goia oso eroso ikusten dugu diskurtso populistan eta irtenbide polizialaren aldeko apustuan, baina horrela ez da konponduko ezer. Iritsi da politika egiteko unea, letra larriz idatzita: kalera jaitsi, kaltetutako sektoreekin hitz egin, kezkak entzun, nahiz eta batzuetan ez gustatu esaten digutena, eta, batez ere, arazoa konpontzeko alternatibak landu eta partekatu.

EH Bilduk alde guztien jarrerak aztertu ondoren, irtenbide bikoitza proposatu nahi dugu. Alde batetik, presakoa da Parte Zaharrari irtenbide bat ematea; eta bestetik, gure gazteriaren egoerari heldu behar zaio, ezinbestean, belaunaldi-arrakalaren arriskua oso erreala delako.

Alde batetik, beharrezkoa da Parte Zaharreko Mahaia sortzea. Auzotarrek, merkatari-ostalariek eta Udalak osatuko lukete, elkarbizitzarako akordio egonkor bat lortzeko eta auzo-ereduari buruzko eztabaidari berriro ekiteko.

Bestalde, Donostiako Gazteriaren Mahaia sortzea proposatzen dugu: hain zuzen ere, gazteei zuzendutako berariazko ekinbide edo programak sortu eta garatzeko, aisialdirako nahiz beraien garapenerako funtsezkoak diren eremuetan arreta jarriz, eta beti ere, gazteak hiriko arkitektura sozial eta politikoaren diseinuaren protagonista izango den kolektibotzat hartuz. Enpatiatik eta entzutetik abiatuta, gazteen beharrak eta eskaerak antzemateko, proposamenak jasotzeko eta haiekin eta adituekin lantzeko.

Gizartearen gehiengoak, baita gazteek ere, hilabete hauetan guztietan erakutsi dute erantzukizunez jokatzeko gai direla. Izan ere, sarritan, kargu publiko zehatz batzuk baino arduratsuagoak izan dira. Adibidez, konfinamenduan ehunka gaztek auzoetan sortutako zaintza-taldeetan parte hartu zuten; eta hor dago Donostiako Piratak azken Aste Nagusian egindako planteamendu zentzuduna ere.

Nolanahi ere, irtenbidea ez da errepresioaren eskutik etorriko, baizik eta Parte Zaharreko bizilagunak eta Donostiako gazteak partaide egitearen eskutik. Era berean, komunitate-harremanak ahuldu eta hausten dituzten balio antisozialak borrokatu behar direla uste dugu.

Egoera larria da, baina garaiz gaude. Irtenbidea ez da tabernetako ordutegia zabaltzea ala ez edo botiloiak gehiago arautu behar diren ala ez. Edozein irtenbidek bi auzi hauei heldu behar die: gaur egun zer aisialdi-aukera eskaintzen dizkiogu gazteriari eta zer auzo-eredu nahi dugun Parte Zaharrerako.

Gure aldetik, aukera desberdinetara irekita gaude, baina behar-beharrezkoa deritzogu bi partaidetza-foro premiaz bideratzeari: bata, auzotarren, ostalarien eta Udalaren artean, eta, bestea, gazteen, erakundeen eta adituen artean, ikuspegi zabal, proaktibo eta barneratzaile batetik, gazte eta nerabeen egoera eta beharrak modu positiboan jorratuko dituena, partaide eta protagonista bihurtuz. Ildo honetatik, harremanetan jarriko gara datozen egunetan gainerako udal taldeekin, norabide honetan zein adostasun lortu eta zer pauso eman dezakegun aztertzeko.