Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorioz, Osakidetzaren Donostiako zerbitzuak kinka larrian daude. Asko dira azken urteetan sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko hartutako neurriak; hala nola, Etenik Gabeko Arreta Guneak, PAC delakoak, ixtea edo ordutegiak murriztea edota osasun sustapena bertan behera geratzea edo behar bezala ez garatzea.
Egoera, ordea, ez da berria, eta ez, ez da pandemiaren errua; osasun publikoaren desegitea ez baitzen Donostian pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Eta ondorioak donostiarrek pairatzen dituzte.
Udari dagokionez, ohikoa da Osakidetzak zerbitzu batzuk murriztea, baina uda honetan gertatzen ari dena bereziki larria da. Hala, Donostia Ospitaleko larrialdietako langileek salatu dutenez, %20 hazi da pazienteen arreta eskaera, beste zerbitzu batzuen itxieraren ondorioz, eta baliabide nahikorik ez dutenez, paziente batzuek 10 ordu igaro behar dituzte itxarongelan.
Donostiari dagokionez, azken hilabeteetan behin baino gehiagotan eztabaidatu dugu udal batzorde zein bileretan Donostiako anbulategietako eta osasun zerbitzuetako murrizketen eraginez: Zorroagako egoitzako udal plazetan dauden adineko pertsonentzat Osakidetzako medikuen jarraipen falta; Intxaurrondoko zentroan pediatra plaza bateko murrizketa eta hitzorduen atzerapena; osasun mentaleko zerbitzu publikoen saturazioa hirian, Gaztedi eta beste elkarte batzuen salaketaren bidez, Amara Berri auzo elkarteko kideek salatutako auzoko anbulategian pediatra euskaldun baten falta; Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak sinaturiko atxikimendu-hitzarmenaren betetze falta eta bularreko unitatearen desegitea, eta abar. Gaur egun, hiriko osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.
Horri guztiari gaineratu behar diogu Txomin Eneako osasun zentro berria egin gabe jarraitzen duela, eta Bidebietak eta Altzak espezialitate eta larrialdi zerbitzu falta dutela, hurrenez hurren.
Horregatik guztiagatik, EH Bildu udal taldeak, mozio hau erregistratu du eta, bihar, osteguna, egingo den ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko da:
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari urte osoan zehar, uda sasoian barne, berma ditzala kalitatezko eta murrizketarik gabeko hiriko osasun sistema publikoko zerbitzu guztiak (hau da, Groseko eta Amara Berriko anbulatorioetan eta Altzako, Bidebietako, Intxaurrondoko, Egiako, Loiolako, Amarako, Parte Zaharreko, Ondarretako eta Aieteko osasun zentroetan zein Egiako, Groseko eta Amara Berriko osasun mentaleko zentroetan eta Donostia Ospitalean zein Onkologikoan eskaintzen dituen zerbitzu guztiak).
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari Donostian lehen arretako zerbitzua eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitu dezala.
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari ekin diezaiela, lehenbailehen, Txomin Eneko planeamenduan aurreikusitako osasun zentroa eraikitzeko lanei.
Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari hiriko ekialdeko osasun guneetan dauden gabeziei erantzuna eman diezaiela eta, bereziki, Bidebietako osasun zentroko espezialitate faltari eta Altzako larrialdi zerbitzu faltari.