AKTUALITATEA


| 2022-04-27 11:27:00

Azken urteetan, garai batean erabat publikoa zen Kutxabank bere arreta pertsonaleko bulegoak ixteko estrategia abiatu du, bai Donostian bai beste udalerri batzuetan.

Donostiari dagokionez, Intxaurrondo Zaharra da laugarren auzoa bulegorik gabe geratzen dena. Lehen auzoa Herrera izan zen, 2017an bertako bulegoa itxi zutenean. Ondoren, 2019 bukaeran, Martuteneko bulegoa itxi zuten. Duela gutxi, Bidebieta geratu zen Kutxabankeko bulegorik gabe, eta hango biztanleek Trintxerpera edo urrunago joan behar dute orain zerbitzu bila. Altzari dagokionez, Errotetako bulegoa arretarik gabe utzi dute eta praktikan arreta Larratxon zentralizatu dute.

Nabarmentzekoa da bulegoak non ixten ari diren: errentarik txikienak dituzten auzoetan, batez ere ekialdean. Familia-errenten ranking negatiboetan lehen postuetan dauden auzoak dira: Altza (1.), Martutene (3.), Bidebieta (4.) eta Intxaurrondo (5.). Azken batean, Donostian areagotzen jarraitzen dute auzoen eta pertsonen arteko desberdintasunek, eta bulegoak ixtea beste adierazle bat da joera horretan. Gure hiriak 180º aldaketa bat behar du hartzen ari den norabide kezkagarri horretan.

Intxaurrondo Zaharrean, Caixaren eta Euskadiko Kutxaren bulegoak itxi ondoren, Kutxabankek bezeroentzako arreta-egoitza itxi du apirilaren 13an. Bulegoan jarritako ohar informatiboak erakundeko bezeroak Gros auzoko Kale Nagusiko bulegora bideratu ditu.

Bulegoen desagerpenen aurrean, kaltetutako auzotarrek protesta egin dute, sinadura bilketak eta abar. EH Bilduk ere behin baino gehiagotan interpelatu du Udal Gobernua, Kutxabanken aurrean herritarren interesak defenda ditzan. Kontuan hartuta Donostiako Udala Kutxa Banku Fundazioaren berezko patrono dela, erakunde horren sortzailea izateagatik, uste dugu badituela beharrezko mekanismoak Kutxabanki banku-jardunbide txar horiek bertan behera uzteko hertsatuki eskatzeko.

Kontuan izan behar da biztanleen zati handi batek, adin jakin batetik aurrera bereziki, ez duela gaitasunik Internet bidez zerbitzua erabiltzeko eta nahikoa arazo duela kutxazain automatikoa erabiltzeko. Beraz, horrelako murrizketek arazoak eta mugak baino ez dituzte sortzen herritar hauentzat. Hemendik aurrera, Intxaurrondon, batez ere adineko askorentzat, nahitaezkoa izango da autobusa hartzea, beste pertsona baten mende egon nahi ez badute, Kutxaren zerbitzuak jaso ahal izateko.

Argi dago aurrezki-kutxa publikoak izandakoen pribatizazioak ondorio kaltegarriak ekarri dituela. Izan ere, besteak beste, urtero handitu dituzte komisioak, Europako herrialde gehienek baino ehuneko handiagoan, eta maileguak garestiagoak dira. Baina, aldiz, zerbitzu publikoa gutxitu egin dute.

Beste auzo batean itxi dute bulegoa eta Donostiako Udalak egoera honek aurrera ez jarraitzeko dituen baliabideak martxan jartzea eskatzen dugu, hala nola, bulego gehiago ixtea eragotzi dezan. Izan ere, sukurtsalak ixtearen ondorioz, pertsona askok ez dute beren dirua leku seguru batean gordetzeko aukerarik, ezin dute administrazioekiko tramiterik egin, ez eta zerbitzu duin bat jasotzeko aukerarik.

Horregatik guztiagatik, eta itxiera apirilaren 13rako iragarri zutela kontuan hartuta, EH Bilduk premiazko interpelazio bat erregistratu du gaur, biharko osoko bilkuran Udal Gobernuak herritarrei azalpenak eman diezazkien. Jakin nahi dugu gestiorik egin ote duen Intxaurrondoko itxiera saihesteko eta hemendik aurrera zer egingo duen Udal Gobernuak auzoetako sukurtsalak irekita mantentzeko eta Kutxabankek bulego gehiago itxi ez ditzan.