AKTUALITATEA


| 2021-11-04 11:52:00

Donostiak gero eta desberdintasun sozial gehiago ditu, biztanleriaren zahartzea gero eta handiagoa da, pertsona batzuen eta besteen diru-sarreren arteko aldea gero eta handiagoa, kale gorrian bizi direnen kopurua inoizko altuena da, prezioek gora egiten jarraitzen dute, genero-arrakalak hor jarraitzen du, pentsiodunek kalean jarraitzen dute, eta etxebizitza eskuraezina da gero eta pertsona gehiagorentzat. Krisi pandemikoak eragin negatiboa izan du adierazle horietan guztietan, eta beharrezkoa da oraindik ere aparteko esku-hartzea egiten jarraitzea. Hala, zaintza eredu publiko berri bat diseinatzea da, gaur egun, Donostiak duen erronka handienetako bat.

Arazo horiek globalak eta egiturazkoak direla jakinik, beharrezkoa da tokian tokikotik jardutea. Horregatik, onartezina da Donostiako Udal Gobernuak 2022rako aurrekontuan gizarte-politiken garrantzia murriztea. “Ez dugu inor atzean utziko” Udal Gobernuak erabiltzen duen eslogaren atzetik datuek erakusten dute desberdintasun sozialak gainditzea ez dela Eneko Goiaren lehentasunetako bat.

Eta ezin dugu ahaztu aurrekontuen aurkezpenean Gobernuak nahita puztu zuela gizarte-zerbitzuen kontu-sailaren zenbatekoa, 34,6 milioi euroko zela adieraziz. Baina propagandaren gainetik, benetako datuek, Gobernuarekin kontrastatuak, erakusten dute benetako partida 31,6 milioikoa dela, eta gizarte-politikek pisu erlatibo txikiago dutela iazko aurrekontuekin alderatuta. Esan bezala, 2022ko aurrekontuan 733.647 euro gehiago beharko litzateke, 2021ean gizarte-politikek izan zuten garrantzia berdintzeko.

Urtea

Udaleko aurrekontua

Politika sozialen

aurrekontua

Aurrekontuan pisua

2021

397.387.617 €

30.290.893 €

%7,62

2022

424.842.665 €

31.639.364 €

%7,44

Gizarte zerbitzuen esparrua osatzen duten arlo garrantzitsuenei dagokienez, datuak hauek dira:

GIZARTE-BAZTERKETA: aurrekontu kontinuista da, eta ez da baliabide berririk aurreikusten, adibidez, etxerik gabeko pertsonen estrategia garatzeko.

  • Elikagaiak: 16.000 euroko partida mantentzen dute, herritarren sare batek urtebete daramanean egunero afariak banatzen Udalaren diru-laguntzarik gabe.

  • Inbertsioak: 2022rako Hestia zentrorako aurrekontu partida errepikatuko da, 2021ean gauzatu gabe geratu baitzen. Gauza bera ari gara ikusten 2016. urtetik.

  • Udalaren laguntza ekonomikoak (APTC): 6.000 euro gehitu dira 2021ekoarekin alderatuz (ez dago benetako igoerarik, eta ez da kontuan hartzen egungo testuinguru sozio-ekonomikoa).

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA: Aurrekontua berriro jaitsi da (% 5a 2021ekoarekin alderatuta eta % 7a 2020koarekin alderatuta), eta horrek argi uzten du zaintza sistemaren erreforma ez dela Goiaren lehentasunetan sartzen.

DONOSTIA LAGUNKOIA: 23.000 euroko murrizketak bere horretan dirau. Propaganda gehiegi, programa honek PSE eta EAJrentzat duen garrantzi txikirako.

GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZAK: 280.000 euroko igoera, 2021ekoarekin alderatuta. 2021ean 2.378.355 eurokoa zen eta 2022an 2.693.355 eurokoa. Hala ere, partida hori ez da nahikoa, eskaria handiagoa izango baita, elikagaien prezioa, argia, etab. garestitzearen ondorioz

HIRUGARREN SEKTOREARI DIRU-LAGUNTZAK: Pandemiaren aitzakiarekin 2021ean aplikatutako murrizketak bere horretan mantentzen dira 2022rako.

 

2020

2021

2022

DYA

9.280 €

8.166 €

8.166 €

AFAGI

41.000 €

36.080 €

36.080 €

GURUTZE GORRIA

9.280 €

8.166 €

8.166 €

NAGUSILAN

9.280 €

8.166 €

8.166 €

HURKOA

9.550 €

8.405 €

8.405 €

Laburbilduz: Donostian pandemiak utzi dituen datu sozio-ekonomikoak kontuan hartzen ez dituzten aurrekontuak dira. Udal Gobernuak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu. Baina pandemiaren eraginetatik haratago, sozialki aurreratua izan nahi duen hiri honen erronka nagusia desorekak orekatzea da, eta, horretarako, gizarte-ekintzaren aurrekontua handitzea, pertsona askorentzat urgentea izateaz gain, neurri estrategikoa da Donostiarentzat.