AKTUALITATEA


| 2024-03-06 19:06:00

Mugikortasun jasangarria helburu, proposamen oso bat landu dugu Donostiarako, eta neurri gakoekin dekalogo bat osatu dugu. Eguna oso emankorra eta interesgarria izan da: goizean edukia hedabideekin partekatu dugu, gosari informatibo batean; eta, arratsaldean, hitzordu irekia egin dugu hiritarrekin Okendo kultur etxean. Han bertatik bertara entzun ditugu ekarpenak, iritziak eta zalantzak. Txostena hemen dago eskuragarri.

Gure proposamenak lan luzea du atzean, eta bidelagun izan diren eragile eta elkarteekin egin den entzuketa aktiboa parte inportante bat izan da eta aurrerantzean ere izango da. EH Bildutik lanean segiko dugu hiri bizigarriago bat egiten, auzo osasuntsuagoak eta orekatuak eratzen.

Mugikortasunak gai giltzarria behar du izan hiri baten eraketan, are eta larrialdi klimatikoaren testuinguru honetan. Pertsonak eta haien ongizatea ardatz dituen eredu bat behar dugu, oinezkoari, bizikletari eta garraio publikoari lehentasuna emango diona eta hiriarentzat guneak berreskuratu eta auzoak bizigarri egingo dituena.

Udalaren Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritu beharra zegoen. Alde batetik, aurreko plana 2008koa delako eta 2024 honetan duelako epe muga; eta, bestetik, azken urteetan mugikortasunak garrantzia hartu duelako eta eraldaketarako garaia iritsi delako. Hau eta ez beste bat da momentua gaiari heldu eta gure hiriaren mugikortasuna eraldatuko duten neurri eraginkorrak hartzeko.

Juan Karlos Izagirre eta Garbiñe Alkiza arduratu dira proposamenaren nondik norakoak zehaztu eta neurri izarrak plazaratzeaz. Aurretik, baina, EH Bilduko udal taldeko bozeramaileak adierazi du beste behin, Udal Gobernuak entzungor egin diola alderdiaren ekarpenei, izan ere, Izagirrek gogorarazi duenez, «aurrekontuetan sartu ditugun mugikortasun emendakinak gure proposamenei lotuta daude. Plana aztertu dugu eta esan behar dugu gabezia nabarmenak dituela hiri honek dituen erronkak kontuan hartuta. Gainerako udal taldeak eztabaidan sartzen ahalegindu gara, baina borondatea falta izan da. Orain, Udal Gobernuaren erabakia da gaur
hemen proposatutakoak kontuan hartzea ala bereari eustea”.

Udal Gobernuaren Planak diagnostiko bat irudikatu du baina gero huts egiten du irtenbideetan, EH Bilduren iritziz. Gabezia horien aurrean, landutako mugikortasun proposamenak neurriak identifikatu, garatu, eta dekalogo bat osatu dugu. «Horietako asko aldaketa estruktural batera bideratuak daude, eta protagonismo berezia dauka GI-20 errepideak. Hortik barrura, auto pribatuen sarrera gutxituko da hirian, ‘gerriko’ moduan funtzionatuko du”.

Mugikortasun Jasangarrirako Planean, HAPOaren aurrerapenean adierazi genuen bezala, beste behin ere, hiriaren desorekak agerian geratu dira. Proposatzen diren neurri gehienak hiriaren erdigunean ezartzeko dira. Eta berriro ere, auzoetan ez dira neurri zehatzak proposatzen, ekintza-planetan eta aurrekontuan argi ikusi daitekeen bezala. Mugikortasun Planaren beraren diagnostikoan auzokako azterketak egiten dira, baina ondoren ez da auzokako ekintza-planik proposatzen.

«Momentu hau egokia da Mugikortasun Plana berritzeko. HAPOa ere berrikuspen lanetan dago, eta hortaz, beharrezkoa da bi planek bat egitea, mugikortasunari dagokionez bi planak koordinatuak egotea», ohartarazi du Izagirrek.

Garbiñe Alkizaren hitzetan, «mugikortasuna eraldatu nahi badugu, neurri ausartak eta eraldatzaileak egin behar dira gure hirian». Bat gatoz diagnostikoarekin jarduera ekonomikoko guneetara gehienbat autoz joaten dela aipatzen duenean, praktikan herritar gehienentzat ezinezkoa baita lanera garraio publikoan edo bizikletaz iristea. Hori horrela bada, ezinbestekoa da mugikortasun jasangarria sustatzeko neurri eraginkorrak ezartzea.

Generoari dagokionez, zaintzak garrantzi berezia hartu behar du. Bidaien % 20 zaintza arrazoiengatik egiten da, eta bereziki emakumeek egiten dituzte. Hortaz, garraio publikoaren zerbitzua indartzeko neurriak ezartzean, zaintzara egokitutako neurriak ere hartu behar dira kontuan: autobusen lehen eta azken orduak eta jai egunetako lineak indartzea, esaterako, edo errenta baxuko auzoetan zerbitzuak hobetzea. Gainera, ezin dugu honakoa ahaztu: linea bat indartu den aldiro erabiltzaile kopurua handitu egiten da. «Ezin dugu orain 20 urteko linea berdinekin jarraitu; zerbitzua hiriak jasan dituen eta jasango dituen aldaketetara egokitu behar da. Dbus-eko lineen berrantolaketa egin behar dela argi dugu», aldarrikatu du Alkizak.

Auzoei dagokienez, diagnostikoan baieztatzen du auzo lauagoetan mugikortasuna jasangarriagoa dela, baina ez aldiz topografia gorabeheratsuetan. Baina hau ez da biziguneen arteko ezberdintasun bakarra: auzoen arteko errenta ezberdintasunei dagokienez, familia errenta altuagoa duten auzoetan autoa gehiago erabiltzen baita, eta errenta baxuagoa dutenetan, garraio publikoa (Bidebietan, esaterako). Eta lehen aipatu bezala, azken hauetara bideratuta dauden neurriak eskasak dira Plan honetan.

Mugikortasun jasangarrirako dekalogoa:

1.- Bizikletaren erabilera

2.- Oinezkoen mugikortasuna

3.- Eskolen mugikortasuna

4.- Industriaguneak eta languneak

5.- Auzo barneetako autobusak

6.- GI-20 saihesbidea eraldatzea

7.- Pio XII. Plaza

8.- Disuasio aparkalekuak

9.- Lurpeko aparkaleku publikoak

10.- Isuri Gutxiko Eremua