Sinesgaitza bada ere, EH Bilduk aspalditik mahai gainean jarri dituen baieztapen eta
proposamenak bere egin ditu Udal Gobernu honek, gure hirian ostatu turistikoak
gainezka egoteak dakartzan ondorioak eteteko helburuarekin egiten gatozenak,
zehazki.
Turismoa babestu beharreko aktibitatea dela aipatzen dute, baina ez dute ezkutatzen
sektore hori “kontrolatzeko” beharra ere badagoela. Gobernu-talde honek berriki
jendaurrean egindako azalpenean erabilitako hitzak dira hauek, turismo-ostatuko
erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketa aurkeztu zuenean, zehazki.
Edukia jendaurrean azaldu ostean, EH Bilduk prentsaurrekoa egin du edukiaren
irakurketa egin eta proposamenaren letra txikian azpimarra jartzeko. Horretarako,
prentsaurrekoa eskaini dute Juan Karlos Izagirre bozeramaileak eta Ricardo Burutaran
zinegotziak.
«Harritu gaitu Udal Gobernuak hain modu argian onartzeak hazkunde turistikoaren
kontrol eza azken urteotan. Hala ondorioztatu daiteke joan den asteartean egindako
proposamen partekatuan ezarri diren helburuen arabera. Diskurtso negazionista batetik,
hazkunde hori kontrolatu behar dela onartzera pasatzen dira; EH Bilduk aspalditik
eskatzen duenarekin bat dator hori», adierazi du Izagirrek.
Edonola ere, uste dugu proposamena berandu datorrela eta ez duela anbiziorik.
Eszeptikoak gara, zaila da sinestea proposatutako neurriekin lortuko denik eremu
saturatuetan ere hotel-jarduera berririk ez ezartzea. «Zaila da sinestea gaur egungo
egoera konpon dezakeenik honaino ekarri gaituztenek».
Asmoak hanka motz geratzen dira hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, ez da
nahikoa Gros, Antigua eta Erdialdea eremu saturatu izendatzea. Funtsezkoa da eremu
mugakideetan neurriak eragina izango duela aurreikustea. Amara, Egia, Arriola,
Ategorrieta eta Intxaurrondori buruz ari gara.
Era berean, ulertezina eta onartezina egiten zaigu eremu saturatuetan komentuak eta
villak bezalako eraikin berezietan hotelak irekitzeko salbuespenak planteatzea. Beraz,
esan behar da hiri honetan hotelak ireki ahal izango direla, gune aseak izan arren. EH
Bilduk defendatzen du hotel-jarduera bat ezartzea ez dela ondare arkitektonikoa edo
kulturala babesteko tresna, hori ezin da erabili argudio nagusi gisa, Udal Gobernutik
defendatu duten bezala.
Gainera, salbuespenak legez kanpokoak izan daitezke diskriminatzaileak izateagatik.
Plangintzak berariaz debekatzen du justifikaziorik gabeko eraikin jakin batzuei tratu
desberdina ematea.
Hiri osoan etxebizitza turistiko berriak irekitzeko debekua proposamenaren parte da, eta
partekatzen badugu ere, jakina, zirriborro bat izateak eta ez erabaki itxi bat, erne
mantentzera derrigortzen gaitu. Betearaziko dugu. Horri dagokionez, galdera bat egin
beharra dago: Zer gertatzen da orain arte emandako baimenekin? Dokumentuan ez dira
aipatzen, eta jardunean ez dauden baimenak ere ez dira aipatzen. Zer egin nahi du
horiekin Eneko Goiaren Gobernuak?
Argi dago etxebizitza horiek sortzen dituzten arazoak handiak direla. Udal Gobernuko
arduradunek onartu beharko lukete akatsa izan zela lehen solairuko araua
liberalizatzea: aurreko eta egungo Gobernuaren erantzukizuna da hori.
«Gobernu-talde honek ezarri dituen helburuak ez dira egingarriak iragarri dituen
neurriekin behintzat. Horregatik, akordio baten beharra azpimarratzen dugu, helburu
horiek bideragarri egiten dituzten proposamenak ditugulako», esan du Izagirrek.
Bestalde, Ricardo Burutaran zinegotziak EH Bilduren proposamenen xehetasunak eman
ditu, hala nola, eremu aseak ostatu mota guztietarako izan behar dutela eta salbuespen
susmagarririk ezin dela onartu. «Salbuespenak soberan daude eta eremu sentikorrak
zabaldu behar dira, arazoa inguruko eremuetara eramateko arriskua egon badagoelako.
Arrisku hori txikiagoa da eremu babestuak zenbat eta azalera handiagoa izan. Zabalduz
doan olio orban bat bezalakoa da», deskribatu du.
Ohartarazi duenez, lurzoru urbanizaezin guztia ere kontuan hartu behar da, Udal
Gobernuak dakarkigun proposamen honetatik libre geratzen baita.
Azkenik, epeei erreparatuko diegu. Luzamendua beste urtebetez luzatu ahal izateko
(2025eko apirilera arte), Plan Orokorraren hasierako aldaketa hau onartu behar da
datorren urteko apirilerako, eta denboraz oso justu doaz.