Mugikortasuna da hiri honek duen arazo nagusienetako bat. Zentzu honetan, esan beharra dago azken urteotan kudeaketa txarra egin dela, batez ere alde bakartasunez egin delako. Horren ondorioz, hartu diren erabaki asko ez dira ulertuak izan. Gainera, horietako asko erdibidean gelditu dira. Dagoeneko aurreikusi daitekeenez, egoera okerragoa izango da.
Juan Karlos Izagirre alkategaiak adierazi duenez, EH Bilduk baditu proposamenak, eta bi printzipioetan oinarritzen dira. Lehenik, Europak ezartzen dituen irizpideak errespetatu beharko dira, «eta gainera konpartitzen ditugu», berretsi du. Norabide horretan, argia da bide-orria: lehenetsi egingo dira bai garraio publikoa, bai bizikleta eta baita oinezkoei eskainitako espazioak ere.
«Eta bigarren printzipioa da edozein gauza eginda ere, egin beharko dela adostasuna bilatuz eta sustatuz, bai zuzenean inplikatutako sektore honetako eragileekin, Dbus izan, taxistak izan, Kalapie izan...; eta baita ere egoiliarrekin, merkatariekin, banatzaileekin eta, orokorrean, herritarrekin. Kontsentsua sustatu eta erdietsiko dugu», esan du.
Aparkalekuez ere hitz egin beharra dagoela azpimarratu du Izagirrek, erantsiz «hemen ere logika eta zentzu komuna» aplikatu behar direla. Datuak hor daude: momentu honetan 3 bisitarietatik 2 bere auto partikularrarekin sartzen dira Donostiako erdigunera. Gaur gaurkoz, 3.000 plaza daude erdigunean parking ezberdinetan banatuta, eta horiek egunerokoan autoen joan etorri handia sortzen dute (3 milioi urtean). «Kotxe partikularrean ailegatzen dira batez ere beste alternatibarik ez zaielako eskaintzen», gogorarazi du.
Gai hau hizpide, alternatiba egingarri bat jarri du mahai gainean. «Europako hiri gehienetan praktika arrunta da disuasio aparkalekuak edukitzea». EH Bilduk horiek egiteko konpromisoa hartzen du, eta dagoeneko aurreikusten du non joango diren. Bariantearen eraldaketak ahalbidetuko du hori, zehazki Altzan, Intxaurrondon eta Añorgan. «Bisitariei aukerak eskaini behar zaizkie. Hala, garraio publikoan gerturatuko dira erdigunera», esan du.
Aparkalekuen gaiari lotuz, aldi berean, aztertu egin behar da zer egin plaza hauekin. «Orain ia erabilera guztia rotatorioa edo txandakakoa da, eta EH Bilduk aurreikusten duena da erabilera hori aldatzea». Honek aukera berriak irekitzen ditu hala nola bizikletentzat aparkaleku seguruak eta babestuak sortzeko, banaketarako gune erosoak egiteko, dela ostalaritza zein komertziorako; baina baita ere, eta oso inportantea, egoiliarrek beren kotxeak bertan aparkatu ahal izateko. «Horrela, kalean dauden auto horiek gutxitu, eta espazio berriak sortuko lirateke oinezko eta bizikletentzat».