AKTUALITATEA


| 2024-05-15 10:48:00

Larrialdi klimatiko baten testuinguruan, eta zentzu zabalenean hiri bizigarriagoak erdiesteko EH Bilduk bere gain hartu duen konpromisoaren baitan, Mugikortasun Jasangarria hitzetatik harago, ekintzekin eta neurriekin demostratu behar den bizi molde bat da. Hautu bat. Horrekin konbentzituta gaude eta norabide horretan urratuko dugu bidea, neurri anbiziotsu eta ausartekin, garaiaren mailari eta jendartearen behar eta kezkei erantzuteko gai izango dena.

Gauza honela, inork gutxik ukatuko du Donostian mugikortasun arazo bat egon badagoela. Arazoa egiturazkoa da eta, beraz, erantzunek egiturazkoak behar dute izan. Soseguz eta patxadaz egin dugu hausnarketa, eta prozesu luze bat partekatu dugu adituekin eta auzoetako eragile eta elkarteekin. Honela identifikatu ditugu korapiloak eta soluzioak.

Uda sasoirako aste batzuk gelditzen diren arren, dagoeneko trafiko arazoak eta auto pilaketak ohikoak dira eta adibide argia da iragan astean hiri honetan bizitakoa. «Urteak dira egoera berbera bizi dugula uda sasoia gerturatzen den aldiro, eta Udal Gobernua ez da gai izan egoerari irtenbide bat emateko urte hauetan. Aurreko asteburua ikusita uda hau antzera dator.

Aplikatu dituzten trafiko mozketek hiriaren erdialdera sarrera debekatzeko alboko ondorioak eragiten dituzte auto pilaketak beste auzoetan sortuz», adierazi du Juan Karlos Izagirrek.

Udal Gobernuak iragarri dituen neurriak berandu datoz eta ez dira nahikoak. Isuri Gutxiko Eremua 2025era arte ez da aplikatuko eta oso mugatuta dago erdiguneko zonaldeetara legeak zabalagoa izateko aukerak ematen dituen arren. «Berandu gabiltza denboretan zein helburuetan. Izan ere, trafikoa hobetzeaz gain, osasun publikoaz hitz egitea ezinbestekoa da.

Hirietan espazio publikoa berreskuratzea izango da gakoetako bat, oinezkoentzat zein garraio publikoarentzat eta bizikletentzat. Hau da, bide-gaitasuna murriztea da helburuetako bat, auto pribatuari sarbidea mugatzea».

Garbiñe Alkiza zinegotziak eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak agerraldia eman dute mugikortasunaz aritzeko, zehazki EH Bilduk landu dituen soluzioak mahai gainean jartzeko.

Donostiako mugikortasuna eraldatu nahi badugu, eta mugikortasun jasangarri baterako bidea egin nahi badugu, ezinbestean gutxitu beharko da autoaren presentzia eta bestelako garraiobideak sustatu kalitatezko zerbitzua bermatuz. Eta fokoa Isuri Gutxiko Eremutik harago jarri behar da, hirira dauden sarbideak kontutan hartuz.

Auto pribatuari lekua gutxitu behar zaio baina aldi berean alternatibak eman behar zaizkie gidari horiei (automobilari eta motozikletari dagokionez, egunero 72.499 joan-etorri egiten dira, jatorria edo helmuga Isuri Gutxiko Eremuan dutenak. Eguneko joan-etorrien %20 erdialdean egiten dira.

Eta zer dela-eta sartzen dira dira hainbeste auto? Lurrazpiko sei aparkaleku daude, errotaziozko 2.700 plazekin. Udalaren emisio baxuei buruzko txostenak berak jasotzen du arazorik handiena aparkalekuak direla. Isuri Gutxiko Eremuan 5.600 ostatu plaza daude eta parking horiek erakargarriak dira. Ezin da aipatu gabe utzi, Donostia bisitatzen duten gehienek egunpasa egiten dutela, eta %85ak kotxe pribatuaz egiten duela. Jokatu dezagun ausardiaz eta eman dezagun behingoz soluzio integral bat. Orain da unea.

Disuasio aparkalekuak kalitatezko anezka zerbitzuekin

Ezinbestean, disuasio-aparkaleku gehiago ahalbidetu behar dira kotxe pribatuak ez daitezen hiriaren erdigunera sartu. Premiazkoa da neurri hori eta horretan insistitu nahi dugu. Gaur egun Illunbekoa dugu baina neurria motz geratu dela berretsi ahal izan dugu, eta horregatik EH Bilduk aurkeztutako mozio bati esker egin dira hobekuntzak: uda sasoitik harago irekitzea eta seinaleak hobetzea.

Illunbekoa ez ezik, beste disuasio-aparkaleku batzuk egingarriak dira eta epe laburren gainera, borondatea badago. Aritzetakoa, Usurbilen, sarri eskatu eta proposatu dugu. EH Bilduren mozio bati esker berau ahalbidetzeko harremanak hasi dira Gipuzkoako Aldundiarekin, baina erabakiak hartzen hastea, proposamena lehenbailehen egikaritzea eta proiektua martxan jartzea eskatzen dugu.

Eta badago, halaber, beste aukera interesgarri bat eta epe laburrean egin daitekeena: industrialguneak aparkaleku bilakatzea. Hauek disuasio-aparkaleku gisa erabili daitezke udaran eta asteburuetan. Hori bai, industriaguneak disuasio-aparkaleku gisa erabiltzeko, bertako garraio publikoa indartu egin behar da eta horretarako bi aukera daude, Alkizak azaldu duenez.

Soilik asteburu eta uda sasoian funtzionatuko duten anezka-zerbitzuak jartzea da bat, baina hortik harago, aukera aprobetxatu dezakegu industriagune horietara doazen langileentzako lanegunetan garraio-zerbitzua hobetzeko eta horrela egunero (astelehenetik igandera eta uda garaian) garraio-zerbitzu on bat izateko. Horretarako, ordea, gaur egun industria guneetara joateko dauden autobus lineak asko hobetu behar dira.

Txofreko parkinga: berehala publifikatzeko aukera

Grosen Txofreko aparkalekuari dagokionez, bada garaia Udalak bere gain hartzeko kudeaketa. Izan ere berehala publifikatzeko prozesua gaur bertan jarri daiteke martxan inbertsiorik egin gabe eta ezer negoziatu gabe; are gehiago, diru iturria litzateke Dbus konpainiarentzat: 2016ko otsailaren 16an amaitu zen aparkalekua ustiatzeko kontratuaren epea, baina EAJk eta PSEk Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki bat hartu zuten, oraindik ere indarrean dagoen zerbitzua ematen jarraitzekoa. «Egoera zein den argitu, eta berehalako eraldaketa bat proposatu asmoz, interpelazio bat erregistratu dugu maiatzaren 20ko batzordeetan argitua izateko».

Udalak 1977an esleitu zuen Txofre plazako ibilgailuentzako lurrazpiko aparkalekua eraiki eta ustiatzeko emakida. Udala 462 garaje plaza dituen aparkalekuaren jabea da. Aparkaleku horrek, era berean, eremuko etxebizitza bloke batzuetako partikularren aparkalekuak ere baditu: 1.006 plaza. «Orain dagoena irregulartasun-egoera bat da eta argi dago egoera horrekin amaitu behar dela eta irtenbide bat bilatu behar zaiola. Irregulartasun-egoera dela ere aipatu zuen Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2018etik eta horrela berretsi du 2021eko txostenean ere», gogoratu du Alkizak.

Zer dela eta baimendu du Udal Gobernuak Txofreko aparkalekuaren emakida 2016tik gaur arte luzatzea? Noiz arte luzatuko du?

Bulebarreko parkinga: 5 urtetan eraldatzeko aukera

EH Bilduk badu proposamen bat, oso garatua: erdiguneko aparkalekuen eraldatzea. Zehazki, Bulebarreko aparkalekua eraldatzeko proba pilotua datozen 5 urteetan garatzeko proposamena jartzen dugu mahai gainean eta eskua luzatzen diogu Udal Gobernuari. Formula hau erdigunean dauden aparkaleku guztietara hedatu daiteke.

«Aparkalekuen kudeaketan, Dbusek 2021ean urrats berri bat eman zuen mugikortasuneko operadore integral bihurtzeko, eta honek aukera berriak irekitzen ditu gure hiriko mugikortasun zerbitzu publikoa bestelako zerbitzuekin hornitzeko, eta besteak beste, lurrazpiko aparkaleku publikoen kudeaketa egiteko eskumena berea delako», azaldu du Alkizak. Diru iturria litzateke Dbusen baitan inbertitu ahal izateko.

«Emakidak 50 urtekoak dira. Joan gaitezen urtez urte enpresarekin negoziatzen eta apurka parkingak eraldatzen. Orain hasten bagara lor dezakegu epe onargarrietan publifikatzea. Orain da momentua».

Erabilerari dagokionez, EH Bilduren proposamena da lurrazpiko aparkalekuetako errotazioko plazak gutxitzea eta plaza horiek bertakoentzat erabiltzea, bizikletentzako aparkaleku seguruak egitea eta logistikarako erabiltzea banaketa lanetarako.