Mikel Zabalza desagerrarazi eta tortura zantzuekin hilik topatu zutela 39 urte bete berri dira. Hain justu, iragan astean, urte hauetan guztietan etenik gabe familiak, lagunek eta Altzako herriak egin duen moduan, omenaldia egin zitzaion ‘Mikelen Txokoan’. Herriarena eta ez beste inorena izan da zabalzatarrek lau hamarkada hauetan jaso duten babesa.
Azaroaren 30 honetan, ordea, Donostiako Udalak Mikel Zabalzari aitortza publiko eta ofiziala egin dio, familiaren nahia eta borondatea betez, Intxaurrondon, Guardia Zibilaren kuartelaren parean. Bizirik ikusi zitzaion azken lekuan.
Bidea luzea izan da, erakundeek jarritako trabei egiaren ukazioa eta biktima gisa merezi zuen aitortza ezeztatu zaizkiolako sendiari, sistematikoki. Egiaren ukazioa izan da familiak sufritu duen minari min erantsi bat eta, zentzu horretan, aipagarria da herritarrek gertaera lazgarriaz geroztik erakutsi duten konpromisoa eta pertseberantzia gertatutakoa aitortu zedin. Herria, jendartea, urrats bat aurretik egon da. ‘Mikelen Txokoa’ eta Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimena dira bi adibide.
Intxaurrondoko plaka aurrerapausoa da gatazkaren konponbidean, Donostian egiten den plaken dinamikak hausnarketa behar duen arren, hasieratik EH Bildutik defendatu dugunez. Guardia Zibilaren kuartelaren alboan Mikel Zabalzaren aldeko plaka jartzea herri honen memorian eragitea da, bide horretan urrats inportante bat, sistematikoki torturatu den herri batean aitortza publiko bat. Eta beharrezkoa.
Zabalza torturaren biktima den bezala, badira Euskal Herrian beste milaka herritar, biktima, errekonozimendua, egia eta justiziaren zain segitzen dutenak. Urratsak emateko unea bada. Memoria inklusiboarekin EH Bilduk duen konpromisoa berretsi nahi dugu, biktima guztiak aintzat hartuko dituen elkarbizitza demokratikoa helburu, salbuespenik gabe. EH Bilduren konpromisoa irmoa da, urratsak emanez demostratu dugu eta horretan segituko dugu.