AKTUALITATEA


| 2021-09-21 10:17:00

Metroaren obrengatik kaltetutako pertsona askoren babesgabetasun-egoera areagotzen ari da inplikatutako erakundeak beste aldera begiratzen ari direlako. Izan ere, Donostiako alkateak gutunen existentzia bera zalantzan jarri zuen atzo, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten talde parlamentarioek, EAJk eta PSEk, Kontxa inguruko ikerketa geotekniko sakonago bat egiteari uko egiten zioten aldi berean.

Donostiako Udalari dagokionez, bai EH Bilduk eta bai Elkarrekin Donostiak aurkeztutako premiazko interpelazioak jorratu ziren atzoko Udal Batzordeetan. Gogoratuko denez, hainbat herritarrek ABEEn aldetik klausula bat sinatzeko presioak salatu dituzte. Izan ere, kalte-ordaina kobratu ahal izateko klausula bat onartzea exijitu diete, etorkizunean kalte gehiago ez salatzeko.

Kaltetuak une gogorrak ari dira pasatzen, klausula hori sinatzeko presioak oso handiak baitira eta administrazio publikoek haien babesa erakutsi beharko liekete, batez ere gertuko erakundea den Udalak.

Hala ere, Eneko Goiak zalantzan jarri zuen gutunen existentzia bera. Erreplika txandan, Garbiñe Alkizak bi ABEEek sinatutako gutunak erakutsi zizkion alkateari, bai Kontxako zatiari bai Benta Berriko tarteei dagozkienak, eta Goiaren akusazioa desmuntatu zuen. Gainerakoan, nahiz eta orain arte gertatutakoa gertatu eta obra oraindik geldirik egon, alkateak berriro ere saiatu zen normaltasunaren itxura ematen. Eta, EH Bilduk egindako interpelazio zuzenaren aurrean, Goiak uko egin zion publikoki kaltetutako donostiarrei babesa emateari.

Bestalde, ordu berean, Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat eztabaidatu zen, Eusko Jaurlaritzak metro-pasantearen obrak eragindako hiru zuloei dagokien eremu ezegonkorrean dauden eraikinen zimenduen egitura-egoeraren azterketa egin dezan. EAJk eta PSEk orain arte egindako zundaketekin nahikoa dela adierazi zuten, nahiz eta ez duten antzeman agertu diren zuloak. Era berean, ukatu egin zuten Kontxaren lurpea ezegonkorra dela, Gobernuak berak egindako hainbat txosten teknikotan kontrakoa esan arren (azkena, Kontxaren azpiko tunela egiteko bigarren saiakerarekin hasi ahal izateko Ministerioko Itsasertzeetako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatzeko bidali berri den txosten bat). EAJ eta PSEko legebiltzarkideak ere normaltasun irudia ematen saiatu ziren eta proposatutako azterketa berria baztertu zuten. Aldiz, bai Podemos-IUk bai PPk azterketa berria egitea babestu zuten.

Fernandez de Betoñok eremuko segurtasun faltari buruzko datuak eman zituen, eta Gobernuari leporatu zion "beldur" direla obraren segurtasunagatik. Izan ere, Zubieta kaleko eta Antiguako zenbait bizilagunei exijitzen ari zaizkie, kalte-ordainak kobratu ahal izateko, etorkizunean beste gorabeherarik ez salatzeko konpromisoa. "Lanak hain seguruak badira, zertara dator orain egungo patologiengatik etorkizunean gorabehera gehiago ez salatzeko exijitzea?", laburbildu zuen EH Bilduko legebiltzarkideak.

Horregatik guztiagatik, eta erakunde publikoen aldetik babes eta autokritika faltaren aurrean, EH Bilduk kontzentrazioa deitu du, kaltetuei gure babes esplizitua erakusteko. Kontzentrazioa datorren igandean, irailaren 26an, izango da, Antiguako Benta Berri plazan, eguerdiko 12etan, “Eusko Jaurlaritzaren harrokeriaren aurrean, bizilagunak babestu” lelopean.