AKTUALITATEA


| 2025-03-01 10:39:00

Donostiako Metroaren lanen inguruan hastapenetatik egon da ezinegona eta informazio faltaren sentsazioa hedatuta herritarren artean. Etsipena eta babesgabetasuna ere, bereziki obra luzeek kaltetu dituzten bizilagunen artean baita eremu horietako merkatari eta dendarien artean ere. Ondorioak oso larriak izan dira zenbait kasuetan.

Hastapenetatik hiritarren aldetik salatu da sistematikoa izan den opakotasuna eta, zentzu horretan, EH Bildutik ere kezkaz salatu izan dugu urteotan makroproiektua komunikatzeko erakundeen aldetik, Donostiako Udala zein Eusko Jaurlaritza eta Euskal Trenbide Sarea (ETS), egon den borondate eza informazioa ez emateko, donostiarron kaltetan. Zenbait kasutan datuak ezkutatuz, gainera.

Proiektua abiatu zenetik, aipatu arazoez harago (atzerapenak, istripuak, lur jauziak eta zuloak), komeni da publikoki salatzea eskandalu bat dena: Satorralaia elkarteak jakinarazi duenez, Mirakontxa eta Easo arteko pasanteak, aurrenekoz 2017an esleitu zenetik, % 162,7ko gainkostua izan du. Duela zortzi urte tarte hori eraikitzeko lanak lehen aldiz esleitu ziren, 53,2 milioi eurorengatik, baina kontratua eten behar izan zen, luizien ondorioz, eta bigarren fase bat hasi. Guztira, 2,1 kilometro horien kostua 139,8 milioi eurora igoko da, BEZa kontuan hartu gabe.

Gogoratzea komeni da, hain zuzen, 2024ko Herritarren Pertzeptzio Inkestaren arabera, (Donostiako 2030 Plan Estrategikoaren jarraipen-lanean barruan egindakoa), donostiarren artean okerren baloratutako proiektua dela Topoaren igarobidea Benta Berri eta Erdialdeko-Kontxako geltoki berriekin osatzea. Hirian Metrorako herritarren eskaerarik ez existitu arren abiatu zen proiektua, baita urte batzuk geroago, 2013an, orduan EAJko sailburua zenak, publikoki “obra faraonikoa” zela onartu arren. Eta orain, urte askotako atzerapenei eta askotariko kalteei, EH Bildutik argitu nahi ditugun gainkostu berriak gehitzen zaizkio, lanak bukatzeke daudela, gainera.

Izan ere, % 162,7ko gainkostuen berri ez dute eman horretarako obligazioa duten erakundeek. Erantzunak EH Bilduren eskutik iritsiko dira Legebiltzarrean galdera sorta bat erregistratu dugulako Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak erantzun dezan. Erantzunak erantzun, Legebiltzarrean gure esku dauden ekimen gehiago burutzea baloratuko dugu, gaiari jarraipena egin eta gardentasuna emateko helburuaz. Donostialdeko metro-pasantearen garapenean zehar arazo asko jazo dira, kronograman eta aurrekontuan eragina izan dutenak, besteak beste. Hori dela-eta, hau argitu nahi dugu:

• Zein izan zen hasierako aurrekontua?

• Zein da orain momentu honetan dagoen gastua? Zein da dena amaituta aurreikusten den aurrekontua?

• Lanak hasi zirenetik orain arte, zein kontratu/lizitazio eta gastu berri gehitu zaizkio proiektuari? Zeintzuk izan dira proiektuan eman diren aldaketa berriak? Zer gastu izan dute hauek?

• Lanen bat edo lizitazioren bat bertan behera uzteagatik kalte ordainik ordaindu behar izan da?

• Zenbat izan dira lanak hasi zirenetik orain arte jaso diren herritarren salaketak? Izan al du salaketaren batek kalte ordainik? Zenbatekoa izan da gastua orotara kalte ordainetan?

• Zein zen hasiera batean ezarri zen kronograma? Bete al da kronograma hori? Noiz aurreikusten da jarriko dela martxan metroaren pasantea?