AKTUALITATEA


| 2025-03-12 08:45:00

Donostian, Mirakontxa eta Easo arteko metroaren pasabidea eraikitzeko gainkostua % 162ra heldu dela jakin ostean, eta horren berri emateko obligazioa duten erakunde publikoek beren borondatez informaziorik eman asmo ez dutela frogatuta, EH Bildutik galdera sorta erregistratu genuen Gasteizeko Legebiltzarrean iragan astean. Susana Garcia Chueca Mugikortasun jasangarrirako sailburuaren eskutik erantzunak heltzen diren bitartean, ordea, Donostian beste ekimenak martxan jarri ditugu badirelako azalpenak eman behar dituzten beste erakundeak, Donostiako Udala, kasu.

Gogoratu behar dugu Satorralaia mugimenduak azaldu duenez, aipatu tarteko lanak 2017ko abenduaren 18an esleitu zirela, «hasiera batean», 53 milioi euro zenbatekoan, eta tarte hori eraikitzeko egungo aurrekontua 140 milioiko dela.

Satorralaiak berak zehaztu duenez, joan den urtarrilaren 21ean Eusko Jaurlaritzak metroaren pasabidea eraikitzeko gastuei buruzko informazio-eskaerari erantzunez egindako txosten batean jaso dute erantzuna, auzo mugimendua izanik datua publiko egin duena.

Aurrekontu osoari dagokionez, Satorralaiak uste du «egungo 232 milioi euroei BEZari dagokion % 21 gehituta, kostua 280 milioikoa dela, 2016an onartutako proiektuaren informazio azterlanean jasotako gastua 172 milioikoa zen bitarten, BEZ barne».

Donostiako EH Bildutik, hain zuzen, azken albiste honi buruzko informazioa jaso nahiko genuke. Kontutan hartuz, gainera, araudiaren arabera Donostian Euskotrenek dituen obren jarraipena egiteko batzordea bi hilabetez behin bildu beharko litzakeela. Azkena, ordea, 2024ko azaroaren 6an izan zen.

Horregatik, eta azken informazioekin kezkaturik, EH Bilduren udal taldetik formalki eskatu dugu batzorde horren bilera baterako deia urgentziaz egin dezala Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eta eman dezala aipatu albistearen berri.