AKTUALITATEA


| 2019-11-20 10:36:00

Gaur goizeko ordubatan luizi larri bat gertatu da Zarautz hiribideko 31. zenbakiaren atzealdean. Honen ondorioz, bizilagun batzuek gaua pasatu behar izan dute hotel batean, eta gauza bera egin behar izango dute hurrengo egunetan ere, arriskua handia dagoelako oraindik ere. Beheko solairuan bizi den familia, zehazki, metro gutxi batzuengatik libratu da, tamaina handiko harriak ondoko lokalean sartu baitira, une horretan hutsik zegoela.

Eremu honetan metro pasantearen obren eragina nabarmena da, bizilagunek EH Bilduren zinegotzia den Garbiñe Alkizari azaldu dioten moduan. Mendi magalaren egoera salatu izan dute bizilagunek behin baino gehiagotan. Izan ere, gero eta ur gehiago erortzen ari zela azaldu diote Alkizari eta, gainera, batzuetan urak kolore desberdina hartzen duela. Honek soilik obrekin zerikusia izan dezake, bistan denez. Hortaz gain, bizilagunek behin baino gehiagotan salatu dituzte bibrazioak, pitzadurak eta gaueko zarata. Metroaren tunela igarotzen den lekuan hau gertatzea ez da, inolaz ere, kasualitate bat izan.

Nahiz eta ezbeharra hain handia izan, bizilagunek salatu dute Eneko Goiak zuzentzen duen udal gobernuko arduradun politikorik ez dela beraiekin harremanetan jarri. Eta gauza bera esan dute Arantza Tapia zuzentzen duen ETS-ri buruz. Teknikari batzuk azaldu dira, besterik ez. Are gehiago, iturri ofizialetatik saiatu izan dira goizean zahar luizia metro pasantearen obretatik bereizten, obrak eremuaren azpian egiten ari badira ere. Ikertuko ote duten ere ez dute argitu eta euriengatik izan dela zabaltzen ari dira, inongo lotsarik gabe.

Garbiñe Alkiza zinegotzia bertan egon da eta, kaltetuei elkartasuna adierazteaz gain, lehen eskutik egoera ezagutu ahal izan du. Bizilagunek ez dute zalantzarik eta argi eta garbi adierazi dute luizia obren ondorioz izan dela. Hilabeteak daramatzate salatzen egoera gero eta okerragoa zela. Honen aurrean, Garbiñe Alkizak adierazi du “hau da donostiarroi ezkutatzen ari zaigun metro-pasantearen B aldea; milaka euro gastatzen dute metroa promozionatzeko baina ez dira gai izan gaur goizean kaltetuekin harremanetan jartzeko”.

Hauek horrela, EH Bilduk premiazko agerraldia eskatu du, osteguneko udalbatzarrean tratatzeko, Eneko Goiak azaldu dezan, besteak beste, ea zergatik ez den mendi-magala egonkortu.