AKTUALITATEA


| 2021-09-16 12:47:00

Gutun polemikoak eta horiek sinatzeko bizilagunei egindako presioak publikoki ezagutu zirela egun batzuk igaro ondoren, obren arduradun politikoak ez dira oraindik gutun hauen edukitik eta erabilitako forma txarretatik desmarkatu. Eta are okerrago, EAJko eta PSEko kargu politikorik ez da oraindik atera kaltetutako herritarrak defendatzera.

Gogoratuko denez, duela egun batzuk jakinarazi zen Donostiako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko hainbat bizilagunek gutun bat jaso dutela metroaren obrek euren etxeetan eragindako kalteengatik. Gutunen bidez, obren arduradunak prest agertzen ziren kalte-ordaina emateko klausula bat onartzearen truke. Baina klausula hori gehiegizkoa da, kaltetuei etorkizunean kalte gehiago ez salatzeko konpromisoa exijitzen baitzaie. Eta bada beste kontu larriago bat ere: ez dela partikularren arteko akordio-proposamena, baizik eta Eusko Jaurlaritzari (erakunde publiko bati) ezer ez erreklamatzeko eskatzen zien ABEEak kaltetuei.

EH Bilduk gutun horiek salatu zituen joan den astelehenean, bai gehiegizko klausulengatik, bai erabilitako moduengatik, eta kaltetutako pertsonei gure babes osoa eskaini genien. Gainera, hainbat ekimen iragarri genituen administrazio publikoaren esku dagoen informazio guztia biltzeko, eta publikoki interpelatu genituen inplikatutako erakunde guztiak horren inguruan iritzia eman zezaten, gutun horiekin ez dutela bat egiten adierazteko eta herritarrei azaltzeko zein izan den Eusko Jaurlaritzaren ardura gai honetan, ea gutunen elaborazioan parte hartu duten eta abar.

Baina, esan bezala, albistea jakin zenetik 6 egun igaro direnean, obretako arduradunek isilik jarraitzen dute. Inplikatutako erakunde publiko guztiek egin behar denaren kontrakoa egin dute. Lehenik eta behin, gardentasun-ariketa demokratiko bat egiteari uko egin diote albistea jakin bezain laster. Eta, bigarrenik, esplizituki uko egin diote prentsako galderei erantzuteari. Gobernantza-eredu hori errotik aldatu behar da. Herritarrek eskubide osoa dute administrazio publikoek beren dirua zertan gastatzen duten jakiteko, eta administrazio horiek kontuak emateko betebeharra dute.

Baina jarduera hau ez da berria. Metro-pasanteko obren akats tekniko eta politikoen hamaikagarren pasartearen aurrean gaude. Gogora dezagun, adibidez, Eusko Jaurlaritzak 17 egun behar izan zituela maiatzean Kontxako kabinetan agertu zen hirugarren zuloa publikoki onartzeko. EH Bildu izan zen gertatutakoari buruzko informazioa eman zuena, bai bizilagunen bai langileen datuak bildu ondoren. Horrela bakarrik ezagutu ahal izan zen zulo horren tamaina handia, adibidez. Eta ez da ahaztu behar, halaber, Donostiako Udal Gobernua ahalegindu izan dela, behin baino gehiagoetan, obrak eta ondorio guzti hauek bereizten, adibidez, Zubieta kaleko 8. zenbakian zuloa agertu edota Zarautz Hiribideko atzealdeko lur-jauzia gertatu bezain laster.

Baina EH Bildu ez da isilik geratuko eta, orain arte egin duen bezala, obrak gure hirian izaten ari diren eraginei buruzko egia osoa exijitzen edota publiko egiten jarraituko du, baita hiritarren eskubideak defendatzen ere. Ildo horretatik, EH Bilduk premiazko interpelazioa erregistratu du, datorren asteleheneko Udal Batzordeetan aztertuko dena, Eneko Goiak gutun hauekin ez duela bat egiten aitortzeko eta kaltetutako herritarrei babesa adierazteko. Gertatutakoa ikusita, Donostiako Udaleko arduradun nagusiak ezin du beste erantzunik eman.