AKTUALITATEA


| 2024-02-10 10:13:00

Erraz esaten da, baina sei urte igaro dira Udal Gobernu honek bere deialdi propio baten bidez Alubi Haurren Hiri Partaidetzarako Elkarteak ‘Martxup’ programa irabazi zuela.Proiektuak Sorleku izena hartu zuen eta helburua Marrutxipin, Dbus eko kotxeren alboan dagoen lur eremua, biziberritu eta auzoan integratzea zen haurren gozamen eta aisialdirako. Parkearen ezaugarritzea definitzeko, elkartearen bi sustatzaileek partaidetza prozesu aberasgarri eta anitza burutu zuen bai Intxaurrondon eta Marrutxipin, hala nola 310 haurrekin.

2018. urteaz geroztik, epeetan atzerapenak baino ez dira eman, azalpenak falta izan dira eta auzotarren artean etsipena nagusitu da. 2019an, proiektuaren sustatzaileek ere salatu zuten Udalaren aldetik ez zutela berririk eta, gauzak honela, EH Bildutik gaiaz lehen galdera erregistratu genuen orduan. 2020an, sustatzaileen eskutik, beste interpelazio bat aurkeztu genuen, eta orduan Udalak aitortu zuen ez zela lehentasuna bi urte lehenago konpromiso bat hartu arren. Saiakera gehiago egon dira geroztik, kontrol mozio bat 2021ean eta sortzaileen prentsa agerraldi bat ere bai.

EH Bildutik hastapenetan egiten genituen galdera berberak egiten ditugu gaur egun: zer dela eta ez ditu Udal Gobernuak esandakoak bete eta Sorleku parkea martxan jarri? Eta noiz jarriko du? Zergatik ez ditu sortzaileak informatu? 2021eko otsailean EH Bilduk Ekialdeko Barrutiko aurrekontuetara aurkeztu genuen Sorleku, eta gure harridurarako, orduan ere, EAJk proiektu bera aurkeztu zuen. Gainera, gogoratu beharra dago Ekialdeko Barrutiak, aho batez, proiektua barrutiko aurrekontuetan sartzea erabaki zuela. Aurrerapauso bat lortu genuela sentitu genuen orduan. Bi urtetan 300.000 euro jarriko ziren; guztira 600.000 izanik. Zehazki, 100.000 Ekialdeko Barrutiko aurrekontuetatik jarriko zirela eta 200.000 Udalenetik, bi urtez.

Proiektua gauzatzeko inbertsioaren aurreikuspena 600.000 eurokoa bazen ere, 2024 honetarako EAJk eta PSEk aurkeztu dizkiguten aurrekontuak aztertzen jakin dugu aurten 66.000 euroko kopurua baino ez dela estimatzen lursail horretan, baina are kezkagarriagoa da ez dela partida plurianualik estimatzen. Zer egin asmo du Udal Gobernu honek ustez aurten inbertituko duen lehen kopuru horrekin, behar dena baino hamar aldiz txikiagoa denean kopurua?

EH Bildutik kezkaz ikusten dugu proiektuari eman zaion trataera. Arduragabekeria da auzoak partaidetza prozesu batean murgiltzea jendea ilusioz inplikatuz eta deialdi publiko bidez proposamen bat irabazle izan ostean horri guztiari bide ez ematea. Auzokideek eta bi sortzaileek erantzunak merezi dituzte Sorlekuri buruz.

Parkea diseinatzeko prozesu parte hartzaile berri bat egin zuen Udalak Intxaurrondon 2022an eta parke beraren aurreproiektuaren aurkezpen publikoa ere iaz. Bertan adierazi zutenez, «2023ko martxotik abiatuta 18 hilabeteko epea» aurreikusten zuen Udal Gobernuak proiektua amaitzeko, exekuzioa barne.

Interpelazio berri bat Sorleku eta Marrutxipiri buruz

Gaur egun, lur eremua erabat utzia dago, testu hau laguntzen duen argazkiak erakusten duen moduan, IZBE elkarteak egindakoa. Argi dago proiektu hau eta eremu hau txukuntzea ez dela Gobernu honen lehentasuna.

Hain zuzen, astelehenean, otsailaren 12an, interpelazio bat aurkeztuko dugu Gune Publikoaren batzordean, iazko azaroan egin bezala, Marrutxipiko lanen atzerapenez eta Sorlekuko parkeaz Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziari galdegiteko.

Marrutxipiko sarbide berria egiteko 180 zuhaitz moztu dira eta sarrera berriaren martxa atzeratu egin da. Hau guztia dela-eta, zera argitu nahi dugu EH Bildutik:

- Noiz uste du Udal Gobernuak irekiko dela Marrutxipiko sarrera berria?

- Zein da zehazki egingo den landaketa? Noiz egingo dituzte zuhaitzen landaketa berriak?

- Marrutxipiko sarrera berria atzeratzeak, ekarriko al du Sorleku parkearen atzerapena? Noiz hasiko dira Sorleku parkearen lanak? Zeintzuk izango dira horiek bukatzeko epeak? Zer aurrekontu jarriko du Udalak?

- Asmorik al du Udal Gobernuak atzerapen horren berri emateko Sorleku parkea egiteko prozesu parte hartzailean parte hartu zutenei, eragileei eta inguruko bizilagunei?