AKTUALITATEA


| 2024-07-22 09:15:00

Esan genuen eta berriro diogu: Udal Gobernuak hiriko lurrazpiko aparkalekuak kudeatzen dituen Telpark enpresarekin adostu duen akordioak ez ditu helburuak beteko; alegia, «txandako plazen erabilera egokiagoa bultzatzea». Besteak beste, uda sasoian plaza hauen tarifak % 23 garestitzea ez da bidea. EH Bildutik defendatzen dugunez, ez dugu uste auto gutxiago erakarriko dituenik eta ezta disuasio-neurria denik ere.

Are gehiago, helburuak betetze aldera, logikoagoa litzateke emakidadunarekin negoziatzea txandakako plazen kopurua murriztea eta horren bidez, adibidez, egoiliarrentzat plaza gehiago sortzea, bizikletentzako –baita Dbizi estazioak jartzeko– espazioa handitzea, bai eta salgaiak inguru horretan banatzeko ibilgailuentzako espazioa erreserbatzea ere.

Erdietsitako akordioari buruz eta azterketa ekonomiko-finantzarioari buruz interpelazioa aurkeztu genion batzordeetan Olatz Yarza zinegotzi arduradunari iragan astelehenean. Oraindik ez dugu txosten finantzariorik, baina posible litzateke neurri honek emakidadunaren diru-sarreretan gorakada eragitea.

Eta, galdetu arren, zinegotzi arduradunak batzordean ez zigun erantzun bestelako aukerarik aztertu edo negoziatu ote zuten enpresa emakidadunarekin: adostu diren txandakako aparkalekuen % 5etik harago joatea eta bestelako erabilerentzat eraldatzea edo egoiliarrentzako plaza gehiago sortzea, adibidez.

EH Bildutik argi dugu, mugikortasun-planaren helburuak bete nahi baditugu (hau da, trafikoa eta autoak murriztea, kutsadura murriztea eta espazio publikoa berreskuratzea) eta, nola ez, larrialdi klimatikori erantzunez benetako Isuri Gutxiko Eremua ezarri nahi badugu erdigunean, bestelako neurri ausartagoak eta eraldatzaileak behar ditugula.

Irtenbide eraginkor bat erdiesteko asmoa irmoa dugu EH Bildun eta, bide horretan, kontrol mozio bat erregistratu dugu datorren hilaren 24an izango den Osoko Bilkuran defendatzeko. Bertan, Udal Gobernuari eskatzen diogu akordio bat susta dezala Telpark enpresarekin, erdiguneko lurrazpiko parkingen txandakako plazen kopurua progresiboki murrizteko eta beste erabilera baterako eraldatzeko (egoiliarrentzako plazak sortzea, bizikletentzako aparkalekuak lortzea eta logistika, adibidez) eta ildo horretatik, lehenengo fase batean, 2025ean, eraldaketa horrek erdiguneko parkingetako txandakako plazen % 25 hartzeko.

Gaur egun, Telpark enpresak Bulebar, Okendo, Katalunia plaza, Kontxa eta Easoko lurrazpiko aparkalekuetan 2.463 txandakako plaza ditu. Gure proposamena da 2025ean hauetatik laurden bati, alegia, 615 txandakako plazari, beste erabilera bat ematea.