Etxebizitzaren arazoa lehen mailako arazoa da, eta premiazkoa da anbizio handiko politika publikoetatik ekitea. Borondate politikoa baldin badago, badira aplika daitezkeen neurriak eta, zentzu horretan, azken egun eta aste hauetan ezagututako albisteek agerian utzi dute diskurtsoak gero eta hurbilago daudela EH Bilduk behin eta berriz defendatutakoarengandik, erakunde guztietan proposatu, sustatu eta babestu ditugun neurriak onartuz. Adibidez, etxebizitza-eremu tentsionatuak izendatzea alokairuen prezioa mugatu ahal izateko, erakundeen arteko lankidetza egitea babes publikoko etxebizitzen (BPE) parkea handitzeko eta etxebizitza hutsak merkaturatzen lagunduko duten neurriak txertatzea. Orain arte neurri batzuekiko mesfidati agertzen ziren alderdak irekita daude eta albiste ona da, zalantzarik gabe.
Gogoratu behar da neurri horiek guztiak Eusko Legebiltzarraren 2015eko Etxebizitza Legeari eta 2023ko Madrilgo Diputatuen Kongresuaren Etxebizitza Legeari esker direla posible. Biak onartu ziren EH Bilduren aldeko botoarekin, argi dugulako ahalik eta mekanismo gehien erabili behar ditugula arazo honi irtenbidea emateko (Donostiaren kasuan, herritarren kezka nagusia). Hala ere, EAJk kontrako botoa eman zuen bi kasuetan.
Herritarren presioak, ordea, eta herri honetan zein hiri honetan dauden gehiengoek, gehiengo aurrerakoiek, EAJ mugiarazi dugu, eta onartu dute ezin dela etxebizitzaren merkatua gobernatzen utzi gutxi batzuen onurarako, funts putreak kasu, pertsona guztien etxebizitzarako eskubide subjektiboaren kaltetan.
Asteburu honetan ezagututakoaren harira, azpimarratu behar da marketin operazioez gain, EH Bildurentzat etxebizitzaren arazoaren konponbidea sustapen berrien eraikuntzatik haratago doala, etxebizitza hutsa merkatura ateraz, kalifikazio formularekin eraikitako etxebizitzan esku hartuz edo beste leku batzuetan jada ematen diren beste ekimen batzuk gauzatuz, cohousing-a kasu. Astearte honetan eskainitako agerraldian, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Donostiako Udaleko bozeramaileak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zitzaion Udal Etxebizitza Planean jasotako hirigintza-garapenak direla iragarri direnak, Donostia hiri tentsionatu izendatzeko eskaeraren eranskin gisa, eta EH Bilduk ekarpenak gehitu zizkiola. Gogoratzea komeni da Osoko Bilkura honetan gehiengoa egon arren, zaila izan da izapide hori aurrera ateratzea.
Gainera, komeniko litzateke argitzea «zer tratu eta helburu izango duen eraikiko den horrek. Esan da Eusko Jaurlaritzari lursail batzuk eskainiko zaizkiola etxebizitza publikoa egin dezan, kasu batzuetan lursail horien titulartasuna pribatua denean. Hau da: Udalarenak ez diren lurzoruak eskaintzen ari dira. Era berean, BPE hori benetan publikoa izango dela eta kalifikazioa mantenduko dela zehaztu eta ondo lotuta utzi beharko litzateke», eskatu du.
EH Bildurentzat konpromisoak argia izan behar du, eta horregatik erakunde bakoitzak zein ehuneko garatuko lukeen zehaztu ez izana falta dela uste dugu; proiektu horietako askok HAPO berriaren onarpena behar dutela ere ez da aipatu, eta horrek urteetako itxaronaldia dakar. Gainera, eskaintza ez da baldintzatuko obrak epe zehatz batean egitera. «Beraz, arduraz joka dezagun, egin daitezkeen eztabaida eta proposamenekin, itxaropen faltsurik sortu gabe eta egia erdiak erabili gabe», eskatu du.
Berriro negoziatzeko unerik egokiena
EH Bildutik premisa horiek betetzen dituen proposamen bat egiten dugu, EAJ-PSEren Udal Gobernuak sinatutako akordio bat bideratzen saiatzen dena. Akordio hori ez zen sinatu Donostiarako onena den horretan pentsatuz behar den bokazio eta anbizioarekin. Uste dugu une egokia dela akordio hori bideratzeko. Izan ere, hasieratik adierazi dugun bezala, Defentsa Ministerioarentzat onuragarria da, baina ez hainbeste Donostiarentzat: hitzartutako prezioagatik (74 milioi euro), babes publikoki etxebizitzaren gutxieneko ehunekoagatik eta hitzartutako beste baldintza batzuengatik, hala nola prezioaren igoeragatik, aurreikusitakoa baino gehiago eraikitzen bada, baina murrizketarik gabe, gutxiago eraikitzen bada edo ezer eraikitzen ez bada.
«Loiolako kuartelez Defentsa Ministerioak eta Udal Gobernuak 2023ko abenduan sinatutako akordioaz ari gara. Akordio hau berriro negoziatzeko une egokian gaudela uste dugu», adierazi du Izagirrek. Gogorarazi duenez, Madrilgo Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren diskurtsoek erakundeen artean elkarlanean aritzeko beharra partekatzen dute, ahalik eta etxebizitza publiko gehien lortzeko lurzoru publikoak eskainiz. Ildo beretik doaz Etxebizitzako sailburuaren edo Espainiako Gobernuko presidentearen hitzak. Bestalde, Defentsa Ministerioaren eta Eneko Goiaren Udal Gobernuaren arteko akordioa aldi baterako etenda dago Espainiako Gobernuko Kostaldeetako Zerbitzu Probintzialak mugalerroen inguruan lursail horietan aplikatu beharreko mugaketari buruzko irizpena eman arte.
Akordioa berriz negoziatzeko eta Eusko Jaurlaritzaren inplikazio aktiboa eskatzeko helburuak operazioa merketzea eta babestutako etxebizitza publikoen ehunekoa ahalik eta handiena izatea ahalbidetuko luke. Justuki, EH Bilduk Udalaren Etxebizitza Planean txertatzeko proposatu zuenaren ildotik. Ordea, alboan, Martuteneko espetxeko lurzorua Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea planteatu da, etxebizitza publikoen ehuneko askoz handiagoekin EH Bilduk 2011-15eko legegintzaldian eremu horretarako egin zuen plangintzari esker. Zergatik ez planteatu Loiolako kuarteletan?