AKTUALITATEA


| 2021-06-22 12:36:00

Loiolako kuartelen afera dela eta, bakearen eta gatazken konponbidearen aldeko Donostiaren konpromisoa berresteari buruzko mozioa

Estatuko Gobernuaren eta EAJ-PNVren arteko azken aurrekontu-itunak honako zuzenketa hau jasotzen du: "Gobernuak, 2021. urtean zehar, Donostiako Udalari besterenduko dizkio gaur egun Loiolako kuartelak hartzen dituen lurrak". 2021eko otsailean, Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak batzorde tekniko bat eratu zuten, eta bere egitekoa izango da "akuartelamenduen lursailen hirigintza-aprobetxamendu posibleen balorazio zehatza egitea", bai eta "eremu horretako etorkizuneko hirigintza-plangintzari lotutako gaiak aztertzea ere".

Defentsa Ministerioak, bere aldetik, adierazi du Urumearen beste aldean 150 metrora kuartel berri bat eraiki nahiko lukeela.

Horren aurrean, Donostiako nahiz inguruko hainbat eragilek Kuartel Berririk Ez plataforma sortu dute: “Munduak kuartel berririk behar ez duela pentsatzen dugulako”. Momentuz, honako eragile hauek osatzen dute plataforma: Bake Ekintza Antimilitarista, Donostiako Asanblada Feminista, Ehun Ehuntzen, Ernai, Eguzki, Ikama, Jaizkibel Militarrik Gabe, Komite Internazionalistak, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Satorralaia, SETEM, CGT, CNT, ELA, ESK, LAB, STEILAS, Alternatiba, Antikapitalistak, EH Bildu, EPK, Ezker Anitza, Plazandreok, Ahal Dugu, Sortu, Donostialdeko Eskubide Sozialen Karta eta Piztu Donostia.

2021eko ekainaren 14ko Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean Eneko Goia Laso alkateak adierazi zuenez, Donostiako Udalak aipatutako batzorde teknikoan aurkeztu beharreko lehen lanak eginak ditu, eta beraz, Defentsa Ministerioarekin alderdi teknikoez aritzeko aurrez aurrekoa zehaztear daude.

Testuinguru honetan dakarkigu gaurko Udalbatzara Kuartel Berririk Ez plataformak aurkeztutako mozio hau.

Donostia, mendeetan zehar, plaza militarra izan zen, eta urte horietan guztietan hainbat gerraren ondorioak jasan zituen. Donostiako biztanleria arrantzan, merkataritzan, abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzen zen, eta dozenaka eraso, sarraski eta erreketen biktima izan zen; gogoratuena, 1813koa. Suntsiketa bakoitzaren ondoren, donostiar guztien artean berreraiki zuten hiri eder hau.

Udalaren erabakiz harresiak bota eta plaza militar estatusari uko egin zitzaionean, hiri ireki, zibil eta adeitsu baten aldeko apustu irmoa egin zen. Hala ere, azken gatazka handian, 1936an, hiri honek errepresio eta hilketa eszena izugarriak jasan zituen indar kolpisten aldetik.

Azken hamarkadetan Donostiako herritarrek elkartasuna adierazi diete gerrak jasan dituzten eta pairatzen dituzten herriei, 1986ko erreferendumean NATOri ezetz esan zion hiriak, eta milaka intsumiso donostiarrek uko egin zioten derrigorrezko Zerbitzu Militarra betetzeari.

Gaur, 2021ean, Donostiak indartu eta berretsi egin behar du bakearen eta gatazken konponbidearen aldeko hiri apustua. Apustu horrek udal-erakundeen konpromisoak ere eskatzen ditu.

Zentzu honetan, Donostiak ez du ordaindu behar Loiola auzoan gaur egungo armadaren kuartela kokatzen den lursailengatik: 1920an Defentsa-Ministerioak partikular bati gaur egungo kuartela eraiki zen lursailengatik ordaindutako diru-kopurua ezin da bereizi Donostiak aurreko mendeetan jasan zituen espazio publikoen akaparazio militarraren eta ondoz ondoko salmenta espekulatiboen prozesu historikoetatik: hiriak kopuru handiak ordaindu behar izan zituen Urgull, Alderdi Eder, Ondarreta... erabilera zibiletarako berreskuratu ahal izateko. Bada garaia Donostia "plaza militar" izendatua izatearen ondorioengatik eman diren etengabeko ordainketa prozesuak eteteko.

Loiolako lursail horiengatik ordaintzea ez da Udalaren eta Estatuko administrazioaren arteko akordio ekonomiko soila: 30 urteko blokeo espekulatibo baten ondoren, militarrek jarriko diote prezioa lur horri, eta ondorioz bertan zer eraikiko den baldintzatuko dute, eta Defentsa Ministerioaren diru-kutxari zuzenean egindako ordainketa izango da, eta diru horren bidez defentsa armatuan oinarritutako politika antzu bat elikatuko da, gatazken sorrera eragozten ez duena eta ez eta hauek konpontzeko ere.

Baina, esan bezala, eta inertzia militarista horretan murgilduta, Defentsa Ministerioak adierazi du Urumearen beste aldean kuartel berri bat eraiki nahi lukeela.

Ez dugu kuartel zahar edo berririk behar, ez Donostian, ez munduan beste inon: gastu militarra inbertsio eta alternatiba sozialetara bideratu behar da, sanitarioetara, kulturaletara, ingurumenekoetara... giza segurtasuna hobetzeko helburuarekin, eta ez porrot egin duten eredu sekuritario militarizatuak betikotzeko helburuarekin.

Ondorioz, gure ustez, gaur egun Loiolan dagoen kuartela desagertzeak ez du derrigorrez kuartel berri baten eraikuntza ekarri beharrik. Are gehiago, gizarteen desmilitarizaziorako prozesu orokorren aldeko apustua egin behar dela uste dugu; hala nola, nazioarteko politika ekonomiko bidezkoagoekin, gatazkak indarkeriarik gabe konponduz, armagintza industria ekoizpen zibilera bideratuz...

Horregatik guztiarengatik, honako hau da behean sinatzen dugun zinegotziok, Kuartel Berririk Ez plataforma osatzen duten eragileek hala eskatuta, aurkeztutako

KONTROL MOZIOA:

1.- Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari eska diezaiola Defentsa Ministerioari hiriari doan eman diezazkiola egungo Loiolako kuartelak aurkitzen diren lurrak, nahiz Hipika eta Lore Tokikoak.

2.- Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari, hiri honek bakearen eta desmilitarizazioaren alde duen konpromiso gisa, egungo kuartelaren ordezko beste kuartel bat eraikitzea eragozteko konpromisoa har dezala, Hipikaren lurretan herritarrentzat erabilgarriagoak diren ekipamendu sozialak, sanitarioak, kulturalak,... eraiki daitezkeela ulertuta.

Donostian, 2021eko ekainaren 18an