AKTUALITATEA


| 2024-06-17 11:33:00

Eneko Goia alkateak agerraldia egin du EH Bilduk hala eskatuta, Loiolako kuartelen salerosketarako akordioaren nondik norakoak argitzeko. Lehenik eta behin, Lurralde Garapen eta Plangintzarako batzordean emandako azalpenak eskertzen ditugu; hala ere, EH Bilduk uste du agerian geratu dela akordioa hobea dela Defentsa Ministerioarentzat, eta ez hainbeste Donostiako Udalarentzat. Gure ustez, nabarmen hobetu daiteke.

Juan Karlos Izagirrek eta Ricardo Burutaranek gaur goizean egindako agerraldian, udal taldeko bozeramailea harrituta agertu da alkateak eta bere bazkideak, PSEk, adierazi dutelako "konfiantza" dutela korapiloa positiboki ebazteko eta Kosta Zuzendaritzak hiri-lurzoruaren kalifikazioa onartzeko.

Hirigintza operazio honen dimentsioa eta garrantzia kontuan hartuta, EH Bildurentzat ez da "konfiantza" kontua, baizik eta hala izango denaren bermea eta ziurtasuna izatea. Hori akordioan bertan jaso behar zen, 2023ko abenduaren 18an sinatu zenean. Orain, alkateak dio ez dela salerosketaren eskriturarik egingo harik eta Kosta Zuzendaritzak zehazten duen arte mugaketa lerroak ibaitik 20 metrora egon behar duela eta ez 100 metrora. Izan ere, bihar, ekainaren 18an, eskriturak egilesteko eta ordaintzeko epea amaituko da, 64.447.000 euro inguruko balioarekin, baina badirudi aurreikusitako bi hilabeteko luzapena aplikatuko dela.

Alkateak plangintza Udalari dagokiola dioen baieztapenari erantzunez, EH Bilduk gogorarazi nahi du abenduan sinatutako Akordioak babestutako etxebizitza publikoen eraikigarritasuna eta ehunekoa jasotzen dituela. Akordio horretan aipatzen denez, eraikitakoa aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, guztizko prezioa ez da aldatuko; hala ere, aurreikusitakoa baino gehiago eraikiz gero, hau da, aprobetxamendua handituz gero, Defentsa Ministerioari ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo litzateke.

Argi dago akordioak Defentsari egiten diola mesede. Gainera, Planifikazioa baliogabetuko lukeen epai irmo baten kasuan ere, Donostiako Udalak ez luke ordaindutako zenbatekoa berreskuratuko, 73 milioi euro guztira.

Burutaranen hitzetan, gogorarazi behar da Akordioa babestutako etxebizitza publikoen legezko gutxienekora mugatzen dela. EH Bilduk behin baino gehiagotan kritikatu du portzentaje hori, ez delako nahikoa, jabetza publikoko lursail bati buruz ari garelako, eta etxebizitza publikoen portzentaje handiagoak salerosketa eragiketan prezio txikiagoa zekarrelako.