AKTUALITATEA


| 2024-10-18 09:55:00

Udako denboraldia agortuta, turismoaren sektoreak ere atzean utzi ditu urteko hilabeterik aktiboenak; ordea, eztabaidak eta hausnarketak bere bidea egiten jarraitu behar dutela uste dugu EH Bildutik. Gure aldetik, arduragabekeria litzateke sasoi zehatz bati lotzea gure hirian ereduaren aldaketarako dagoen beharraren lanketa eta, jakina, proposamenak egiteko prestutasuna. Turismoa, gainera, udaran ez ezik, Donostian urte osoan zehar ematen den errealitatea izanda, geroz eta gehiago. Gaiari eta garaiari dagokien lekutik begiratzeko unea da, heldutasunez, ausardiaz eta herritarra, bizilagunak, erdigunean jarriaz. Ezin gara hurrengo udarara iritsi eztabaida hau sustraitik landu gabe.

Udararen atarian kanpaina abiatu genuen ‘Donostiak muga bat du’ lemapean. Balorazio labur bat eginez, esan dezakegu oso harrera ona izan duela eta mezua iritsi dela herritarrekin konektatzea lortu dugulako. Hala, turismoaren neurrigabeko hazkundeak donostiarren artean sortzen duen kezka egiaztatu ahal izan dugu. Are gehiago, erabaki ausartak hartzeko eta neurri eraginkorrak ezartzeko premiaren uste sendoa indartu digu. Eta horretan jarriko gara.

Hedabideei eskainitako agerraldi batean, Markel Ormazabal zinegotziak adierazi duenez, “datuek berresten dute turismoak hazten jarraitzen duela”. Donostia EAEko beste bi hiriburuekin alderatuz gero, alde handirekin “gailentzen” gara. Zehaztasunera jaitsita, Gipuzkoako hiriburuan sarrerek % 4,5 egin dute gora; Gasteizen eta Bilbon, berriz, % 4,8 eta % 3,1 egin dute behera, hurrenez hurren, Eustaten arabera.

Turismo-politika berri bat premiazkoa da. Azken urteotako hazkundeak eta ereduak ondorio asko utzi baditu, larrienetakoa da presio turistiko handiena duten auzoetan gertatu dena, biztanleak galtzen ari baitira, etengabe. Zentzu honetan, Udal Gobernuak errealitatea ukatzeari utzi beharko lioke. Eneko Goiak behin eta berriz adierazi du “Donostia eta Venezia alderatzea barregarria” egiten zaiola. Veneziak biztanleak galdu eta Donostiak irabazi egin dituela arrazoitu izan duenean, aipatu ehar da Italiako hirian despopulazioak hirigune historikoari eragiten diola, sei barrutietako bati, hain zuzen ere. Eta horixe da, justuki, hemen gertatzen ari dena. Turismoa esponentzialki hazten hasi zen urtea erreferentziatzat hartzen badugu, 2015. urtea, hiriak 2.650 biztanle irabazi ditu. Ostera, presio turistiko handieneko auzoetan biztanleria-galera izan da denbora berean. Parte Zaharrak, Grosek eta Antiguak 1.289 bizilagun galdu dituzte 7 urtean, hau da, biztanleriaren % 3,5.

Honen aurrean, hiria kaltetzen duten dinamiketatik aldendu, dinamika horiek sustatzeari utzi eta kaltetutako egoerak lehengoratzea proposatzen dugu. Hots,
kalteak konpontzea. Auzia ez da, beraz, “etor daitekeena arintza” baizik eta “etorri dena” zuzentzea, Ormazabalen hitzetan.

Eredu aldaketarako lau lan ildo

Turismo-industriak bere ardura eta zeresana dituen arren, herritarrak dira orain turismo-jarduera planifikatzeko gaitu behar direnak. Hori da EH Bilduren konpromisoa eta berretsi nahi duguna ikasturte politiko honen hasieran. Premisa horrekin lanean jarrita, gure jarduera-ardatzak lau direla aurreratu dezakegu: hiri eta auzo bizigarriak sustatu eta defendatu (1), turismoaren karga-ahalmena definitu (2), turismoaren gobernantza eredu berria finkatu (3) eta tokiko ekonomia sendo eta ez- menpeko bat landu (4).

1.- Hiri eta auzo bizigarriei dagokienez, lehenik eta behin definizioa adostu beharko dugu, eta horretarako eztabaida eta hausnarketa konpartitu bat eman beharko da eta EH Bildutik eskua luzatzen dugu. Zer da auzo bizigarri bat? Eta ez dago soberan gogoratzea herritarren ongizatea, bizitza duina bermatzea dela turismo benetan jasangarrirako formula bakarra. Hiri ereduaz ari gara eta, dudarik gabe, erantzun beharreko galdera da: nolakoak izatea nahi dugu gure auzoak? Nolakoak izan behar duten, betiere, bertan bizitza duina garatu ahal izateko, zure auzoan jaio eta garatu ahal izateko. Etxebizitza eskubidea bermatua izatea, hurbileko zerbitzuak izatea, kalitatezko espazio publikoa, erosoa eta inklusiboa izatea bizilagunen arteko harremanak elikatu eta bermatuko dituztenak.

2.- Turismoaren karga-ahalmenaz, berriro aldarrikatzen dugu: urteak daramatza EH Bilduk proposamenak egiten baina gaur gaurkoz Donostiak ez du horrelako tresnarik eta erreferentzia ukigarririk gabe ezarri baita, adibidez, Parte Zaharra eremu saturatu izendatzea. Irizpide matematikoak ezartzea da aukera bat. Edonola, eta formulak formula, turismoaren karga-ahalmena ezarri behar da. Donostian ere errealitate desberdinak ditugu eta beharrezkoa da analisi-tresna espezifiko bat
diseinatzea eta aplikatzea. Donostiako auzoen turistifikazio-indizea ere proposatu dugu biztanleria egoiliarren kalteberatasun edo erresilientzia-maila neurtu ahal
izateko. Mozioak aurkeztu ditugu xede berarekin, baina ez dizkigute onartu. Gaur gaurkoz, neurgailurik gabe erabakiak hartzen ari gara.

Bizigarritasuna eta karga-ahalmenaren perspektiba udal-politiketan txertatzea eskatzen dugu, behar beharrezkoa delako bizigarritasun-aldagaiak identifikatzea horietako bakoitzerako turismoaren karga-ahalmena ezarri ahal izateko. Eta kasuan kasu esku hartzea eskatzen dugu: auzo batzuetan leheneratze-neurriak aplikatu
beharko dira bizigarritasuna berreskuratzeko eta, beste batzuetan, babes eta indartzeko-neurriak ezarriko dira bizigarritasun hori galdu ez dadin.

3.- Turismoaren gobernantza-eredu berria behar dugu, arauak finkatu eta neurriak hartu. Ormazabalen hitzetan, herritarrak gaitu behar dira turismo-jarduera
planifikatzeko. “Horretarako, besteak beste, turistifikazioak eragindako auzoetan administrazioaren eta bizilagunen arteko hartu-emanerako dinamika eta espazio
iraunkorrak eratzea proposatzen dugu. Adibidez, goi-denboraldian alkatea kaltetutako auzoetako bizilagunekin biltzea hilean behin, Europako beste hiri batzuetan egiten den bezala”.

Bestalde, Donostia Turismoa udal-sozietatearen funtzioak eta antolaketa egokitu behar dira.

4.- Turismoak sortzen dituen 15.000 lanpostuak eta BPGak duen % 13,9ko inpaktuak desoreka adierazten dute hiri-ekonomiaren baitan eta epe ertainean arriskutsua izan daitekeena, gainera. Jarduera ekonomikoak birkokatu eta ekonomia lurraldearen eta herritarren beharrekin lotu behar dira. Orekak berreskuratzea ezinbestekoa izango da. Hiria etengabe galtzen ari da tokiko merkataritzaren zeinu diren dendak eta tabernak, eta zenbait auzoetan bereziki begi bistakoa da oinarrizko zerbitzuak bisitatzen gaituztenei zuzendutako negozioez ordezkatuak izaten ari direla. Hala da, turroi, gazta tarta edota eta souvenir dendek ez diote balio erantsirik ematen auzoei, ez EH Bildutik borrokatuko ditugun auzo bizigarriei. Tokiko ekonomia sendo eta ez- menpeko baten alde egitea dagokigu.