AKTUALITATEA


| 2023-03-09 17:05:00

Datorren astelehenean, hiru hilabeteko atzerapenarekin, 2023rako Udal aurrekontuen osoko bilkura egingo da. Gogoratuko denez, hainbat argudio erabili ditu Gobernuak atzerapen hori justifikatzeko: PSEren primariak, Mugi txartelaren deskontuak eta Loiolako Kuartelak (nahiz eta kuartelek ez dute gaur-gaurkoz aurrekontu partida propiorik aurrekontu-proiektuan).

Reyes Carrerek astelehen honetan defendatuko du EH Bilduren osoko zuzenketa, eta «EAJren eta PSEren Udal Gobernua orain arte bezala jarraitzeko tematuta» dagoela salatu du. EH Bilduko bozeramaileak egiaztatu duenez, «Goiak orain arte mantendu dituen politiken emaitza, herritarren arazo nagusiak konponbidean jarri beharrean, hala nola etxebizitza, mugikortasuna, larrialdi klimatikoa, sustapen ekonomiko orekatua eta turismoari mugak jartzea, jendearen bizitza okertu dela da».

Halaber, Carrerek adierazi duenez, «ez da ulertzen 2023an Emakumeen Etxerako aurrekonturik gabe jarraitzea». Eta gogorarazi du EH Bilduk milioi bat euroko zuzenketa bat aurkeztu duela Eason kokatzeko, suhiltzaileen kuartel zaharrean. «Gure zuzenketak mahai gainean jarraitzen du», adierazi du. Eta Bidebietako Kultur Etxearentzako 600.000 euroko zuzenketari buruz ere antzera mintzatu da, «Donostiako auzo bakarra baita Kultur Etxerik gabe» gogoratuz. Halaber, miniestadioa hobetzeko dagoen herritarren eskaera handia eta martxan dagoen sinadura bilketa ere aipatu du (bi mila baino gehiago jaso dituzte), batez ere erreforman belar naturala sartzeko eskaera dela-eta. Horretarako, EH Bilduk bi zuzenketa aurkeztu ditu, 3.850.000 eurokoak.

Gainerakoan, EH Bilduren bozeramaileak «epe labur eta ertainerako etxebizitza politika ez dagoela» nabarmendu du. Azpimarratu duenez, EH Bilduk proposamen zehatzak aurkeztu ditu, «borondate politikoa baldin badago astelehenetik bertatik aurrera ezarri daitezkeenak», hala nola Donostia «eremu tentsionatua» izendatzea anbizio handiagoko etxebizitza-politikak aplikatu ahal izateko, konpromisoa hartzea etxebizitzen eraikigarritasuna handitzen duten sustapen berri guztietan etxebizitza babestuen %50 ziurtatzeko, edo, zehatzago, Etxegintzak bere gain hartzea eta arintzea Hiri Lorategiko 64 etxebizitza babestuen eraikuntza (orain Eusko Jaurlaritzarena da ardura, eta ohikoa da bere egitasmoak Etxegintzarenak baino urte askoz gehiago atzeratzea, Txomin-Enean ikusi dugun bezala).

Halaber, EH Bilduk defendatuko ditu mugikortasuna hobetzeko, klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzeko eta etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak handitzeko zuzenketak, besteak beste. Guztira, 128 zuzenketa partzial izango dira, 20 milioi euro baino gehiago. Azkenik, diru-sarreren atalean, Udalak Belartzagatik aurreikusten dituen 8 milioi horiek kentzea proposatzen dugu, EH Bildu ez baitago ados bertan kokatu nahi duten merkataritza-zentro handiarekin.