Mugikortasun jasangarrirantz eraldatzeak gogoeta egitera eraman behar gaitu, indarrean dagoen ereduari eta Donostian mugikortasun hori gauzatzeko eman behar diren aldaketei buruz. Egun, mugikortasunari buruzko titularrak Isuri Gutxiko Eremuak (IGE) bereganatzen dituen testuinguruan, eztabaida konplexuago den osotasun batetik at utziz, EH Bildutik uste dugu ez dela nahikoa, eta aldaketa horiek ikuspegi zehatz batetik egin behar direla: oinezkoei lehentasuna emanez,
bizikletentzako espazioak zabalduz eta kalitatezko garraio sistema publiko eraginkor baten aldeko ahaleginak indartuz. Eta, jakina, lurpeko aparkalekuak kudeatzeko ereduaren eraldaketari aurre eginez; prest gaude horri ekiteko: gure apustua berresten dugu eremu publikotik egin dadin, txandakako plazak murriztuz eta hirigunetik auto pribatuaren presentzia murriztuz.
Empark enpresaren (hiriko titulartasun publikoko lurpeko aparkaleku batzuk ustiatzen eta kudeatzen ditu) baitan ezagutu ditugun lau kaleratzeek eta Dbizi zerbitzuko langileek abiatu dituzten lanuzte egunek kontrol-mozio bana aurkeztera garamatzate biharko Osoko Bilkuran. Kudeaketa-ereduaz hausnartzeko beharra ikusten dugu eta pleguak eta langileen lan-baldintzak betetzen direla bermatzea eta kalitatearen bermea. Bata zein bestea ezinbestekoa da administrazio publikotik.
Javi Vitoria eta Garbiñe Alkiza zinegotziek asteazken honetan eskaini dute agerraldian eta bertan lehenengoak gogorarazi duenez, Udalak, administrazio publikoa den aldetik, bere eskumenak ditu. «Eta bere eskumen-esparruaren baitan, zuzenean edo zeharka eman daitezkeen zerbitzuak ematen ditu.
Hala ere -defendatu du Vitoriak-, honako premisatik abiatu behar dugu, behintzat EH Bildun hala uste dugu: udal zerbitzuen zeharkako kudeaketa justifikatu behar dela. Ezin dugu inertziaz ontzat eman zeharkako kudeaketa bidez ematen diren zerbitzuak eraginkorragoak direnaren uste orokorra». Zinegotziaren hitzetan, modu iraunkorrean eta hainbat aldagai kontuan hartuta (ekonomikoak, teknikoak, generokoak, sozialak, juridikoak...) baloratu behar da zuzeneko kudeaketaren bideragarritasuna, eta, zentzu horretan, legegintzaldi honetan urratsak eman badira ere, Bretxaren kudeaketa eredua eraldatzeko EH Bilduk Udal Gobernuarekin batera egindako lana adibide bat da, Udal Gobernu honi egin dizkiogun beste proposamen batzuk ez dira aintzat hartu. Beste kasu batzuetan, sikologo komunitarioekin eta KIUBekin (Kontsulta eta erreklamazioak Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoa) gertatu den bezala, zuzeneko kudeaketa epai judizial baten bidez iritsi da. Txofreko lurrazpiko aparkalekua zuzenean kudeatzea aukera bikaina da, EH Bildutik aspalditik defendatzen gatozen bezala. Bideragarria eta egingarria da, are gehiago jada iraungitako lagapenarekin ari denean. Hemendik Udal Gobernuari eskatzen diogu norabide horretan urratsak eman ditzala. Zerbitzuak udalarenak dira eta, beraz, Udalak horien gainean duen erantzukizuna eztabaidaezina da.
«Ezin da alde batera utzi Udal Gobernuaren erantzukizuna kudeaketa zuzena ez denean ere. Adibidez, kontratazio-pleguen betetze-mailaren, plegua gauzatzeko baldintzen eta alde bakoitzaren betebeharren jarraipena egiteko, besteak beste». Zentzu horretan, gogoratu behar da iazko urrian Udal Gobernuari ohartarazi geniola Emparkek ez zituela betetzen baldintza-agirietan jasotako betebehar batzuk, hala nola hizkuntza-kudeaketa, segurtasuna, azpikontratazioa edo mantentzeari dagozkionak. EH Bilduk baieztatu ahal izan duenez, Alderdi Ederreko langile guztiak azpikontratatuta daude, espreski debekatuta dagoen arren. Orduan ere
Eneko Goiaren Gobernuari gogorarazi genioen bere betebeharra dela ezarritakoa betetzen dela kontrolatzea eta bermatzea.
Dbizi: gainezka egin duen zerbitzua
Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Emparkeko lau langile kaleratu dituzte Katalunia plazan, Okendon eta Kontxan 23:00etatik 07:00etara segurtasun langileak kontratatu behar izan dituztelako. Adierazi digutenez, aparkalekuen segurtasuna bermatzeko, langile horiek kabinan egon behar dute, oinez hiru txanda egin behar dituzte, lotan ikusten dituzten pertsonak kanporatu behar dituzte eta ‘susmagarriak’ diren pertsonei txartela eskatu behar diete. «Kaleratutako langileek betetzen zituzten eginkizunak bete gabe geratuko dira. Horren guztiaren berri eman genion duela gutxi batzordean ordezkari arduradunari, eta hark adierazi zigun sindikatuekin biltzeko asmoa zuela. Hala ere, Emparkek lehenago ere jakinarazi zituen kaleratzeak; beraz, etorkizuneko bilera horren ondorioak eta Gobernuaren ikuskaritza berandu iritsi dira».
EH Bildutik auditoria bat eskatuko dugu baldintza tekniko eta administratiboen pleguaren betetze mailari buruz, eta ondorioen arabera neurri egokiak har daitezela. Era berean, kontrol-mozio baten bidez, lurpeko aparkalekuak pixkanaka publifikatzeko aukera aztertuko duen lantalde bat eratzeko eskatuko dugu kontrol mozio bidez bihar, otsaileko osoko bilkuran.
Dbiziri dagokionez, arazoa zerbitzuaren kalitatea da, 2020an martxan jarri zenetik daturik altuenak baitira gaur egun erregistratzen direna. Joan-etorriak (eguneko 5.000) eta sarea bera (67 geltoki) ugaritu badira ere, lan-karga hasierako langile berberek hartu dute beren gain, eta kalitateak nabarmen egin du okerrera. Geltokien eta bizikleten narriadura areagotu egin zen 2024aren hasieran, eta iragan udan kolapsoa sumatu zen. Erabiltzaileen deiak etengabeak dira (hainbat geltoki egunero ‘erortzen’ dira bateria nahikorik ez dagoelako) eta plantillaren estres-maila oso handia da. Gainera, EH Bildutik badakigu bajak eta oporrak ez direla ordezten, eta horren ondorioz batzuetan pertsona bakarra egon dela zerbitzu bakoitzeko, eta enpresak igandeak eta jaiegunak ohiko lanaldi gisa ordaintzen dituela.
EH Bildutik, egoerarekin kezkatuta, iragan astean honi guztiari buruz galdetu genuen interpelazio baten bidez. Jakin dugu Urbaser enpresaren eta langileen arteko lehen bilerak izan direla, eta Udala enpresarekin harremanetan jarri dela, Olatz Yarzak baieztatu digunez. «EH Bilduri aitortu zion kontratua oso tentsionatuta dagoela eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beste neurri batzuk hartu behar direla, nahiz eta aldez aurretik ohartarazi Dbizin ezin dela ‘gehiago inbertitu’».
Udal Gobernua «lau aukera» aztertzen ari omen da, baina ez zuen xehetasunik aurreratu nahi izan, pleguetan eragina izan dezakeelako. EH Bildutik eskatzen dugu 2025 honetan neurriak har daitezela Dbiziko zerbitzuaren kalitatea bermatzeko, eta, egungo lizitazioa amaitu ondoren, 2028an, EAJren eta PSEren Gobernuak behar diren pausoak eman ditzala bizikleten zerbitzuaren kudeaketa zuzenerako. EH Bilduko udal taldearentzat, formularik onena Dbusen bidez egitea litzateke.