AKTUALITATEA


| 2023-02-01 12:21:00

Jakina denez, joan den asteburuan, Ondarretako La Sirena aterpetxea itxita egon da, 7 egunez irekita egon ondoren eta eguraldiak hobera egin ez zuenan. Errekurtsoa ixteko arrazoia izan da aterpetxea turista-talde bati alokatu zitzaiola, igandean SOS Arrazakeriak salatu eta gero Udal Gobernuak eta Ekintza Sozialeko Zuzendariak berak berretsi zuten bezala.

Eneko Goiaren Udal Gobernuak hartutako erabakia alarma sortu du gure hirian, batez ere etxerik gabeko pertsonei arreta emateaz arduratzen diren eragile sozialen artean. Horren adierazle dira, besteak beste, change.org plataforman 48 orduetan jasotako 2.849 sinadura. Zehazki, eskatzen zen La Sirena urtarrilaren 28an irekitzea, gauean 0 graduko tenperatura aurreikusten baitzen. Gainera, zerbitzua ixtean erabakitzen zen aldi berean, Bilbon etxerik gabeko pertsona bat hil zen, eta Donostian kale gorrian bizi den emakume batek istripua izan zuen, berotzen saiatzeagatik erredurak izan zituenean.

Aldiz, Eneko Goia alkateak, autokritika egin eta arazoari irtenbide bat emateko konpromisoa hartu beharrean, atzo La Sirenaren egoera «normala» zela adierazi zuen. Izan ere, azken egunotako kudeaketak alkatearen lehentasunak non dauden agerian utzi du. Eneko Goiaren Gobernuak «inor atzean ez uztea» helburua duela esan ohi du, adibidez, 2023ko aurrekontu-proiektuaren aurkezpenean, baina, beste behin ere, agerian geratu da Udal Gobernuarentzat hauteskunde-eslogan hutsa baino ez dela.

Bitartean, Donostian gero eta jende gehiago dago kale gorrian, Eusko Jaurlaritzak egindako azterketek, pobreziari buruzko inkestek eta joan den urrian egindako kale-zenbaketak adierazten duten bezala. Hain zuzen ere, 2022ko urriaren 26tik 27rako gauean, «Kale Gorrian» izeneko zenbaketa egin zen EAEko 23 udalerritan. Donostian 2011. urteaz geroztik egin da kontaketa hori eta kopuruaren igoera oso handia izan da. Izan ere, dinamika honen azken ariketan parte hartu zuten 83 boluntarioen lanari esker, Donostian 220 etxerik gabeko pertsona zenbatu ziren: EAEn zenbatutako pertsonen %33,3 eta 2018an zenbatutakoa baino 119 pertsona gehiago (101 kontatu ziren 2018an). 2016an 48 lagun bizi ziren kalea gorrian Donostian.

Datu hotz horiek berretsi egiten dituzte hirugarren sektoreko eragileak behin eta berriz salatzen ari direna. Eragile hauen eskaerak jaso eta EH Bilduk behin eta berriz etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak areagotzeko proposamenak eraman ditu Udaletxera, baina horien aurrean Udal Gobernuak beti beste aldera begiratu izan du.

Zehazki, La Sirenaren kasuan, EH Bilduk behin eta berriz salatu du aterpetxearen kudeaketa txarra, batez ere protokoloaren arbitrariotasunagatik. Izan ere, zenbait eragilek eta Herritarren Harrera Sareak egindako eskaerak gureak eginez, EH Bilduk proposamen formalak aurkeztu ditu hotzaren protokoloa aldatzeko, baina EAJk eta PSEk baztertu dituzte. Kudeaketa txar horren ondorioak nabarmenak dira, urtetik urtera egoera okerragoa baita.

Horregatik guztiagatik, eta otsaileko osoko bilkurari begira (EAJk eta PSEk ez zuten gai hau urgentziaz jorratu nahi izan joan den osteguneko osoko bilkuran), EH Bildutik neurri guztiz egingarriak proposatu ditu La Sirenaren kudeaketa-arazo larriak konpontzeko:

Hotzaren protokoloa aldatzea, La Sirena aterpetxea ireki eta ixteko irizpideak zabalduz. Gaur egungo irizpideak oso zurrunak dira eta azken urteotan frogatu da ez datozela bat gure hiriko errealitate sozial eta klimatikoarekin.

Arbitrariotasunarekin amaitzea: Gaur egun, Udalaren webgunean jasotzen da hotzaren lokala hotz-olatuen eta eguraldi txarra dagoenean irekiko dela, baina gero kontraesan asko izaten dira zerbitzuaren irekiera-itxiera erabakitzeko orduan, irizpide koherenteak jarraitu gabe. Arbitrariotasun horrekin amaitu beharra dago: protokoloak argia izan behar du eta idatziz jaso behar du noiz irekitzen den, noiz ez, nola kudeatzen den, etab. Herritar guztiok jakin dezagun zer zerbitzu publiko dugun. Irizpide argiek kudeaketa egoki bat egiteko eta hobetzeko planak ezartzeko aukera ematen dute; gaur egungo arbitrariotasunak, ordea, arazoak okertzen ditu.

Protokolo berrian, behar den aurrerapenarekin erabaki beharko da ea hurrengo gauean irekiko den ala ez. Aurreko gaua irekita egon bada, goizean jakinaraziko zaie erabiltzaileei eta eragile sozialei ea egun horretako gauean zerbitzua irekiko den ala ez.

Eta turisten erreserba baten ondorioz baliabidea berriro itxi ez dadin, Udal Gobernuak La Sirenan jasotzen diren erreserben jarraipena egin behar du, "b planak" aurreikusiz turistak beste alojamenduetara eraman ahal izateko, batez ere baliabidea irekitzeko aukera handia dagoenean. Are gehiago, aurten bertan, Udal Gobernuak martxoaren 31ra arteko erreserbak konprobatu eta orain arte falta izan den kontingentzia planak prestatu beharko ditu.