AKTUALITATEA


| 2024-01-17 11:10:00

Egunak aurrera doaz eta La Sirenako aterpetxeak ateak ireki gabe jarraitzen du, Udal Gobernu honek gauzak beste era batera egiteko borondate politikorik gabe jarraitzen duelako. Joan den astean protokoloa aldatzea (tokiko gobernuaren eskumen esklusiboa), egokitzea eta eguneratzea eskatu genuen. Humanoagoa eta  malguagoa izan behar du Euskalmeten aurreikuspenekin, horietan oinarritzen baita zerbitzua irekitzeko edo ixteko.

Datozen egunetarako ere tenperatura baxuak aurreikusten dira eta hiriak bere egun handia ospatzen duen bitartean, Donostian kalean lo egitera behartuta dagoen jendea egongo da.

Gauak hotzak dira oraindik, negua da. Kostaldean izotza edo zero azpiko tenperaturak noiz iragarriko zain jarraitu behar al dugu? Gure hirian gauak kalean igarotzen dituzte 300 pertsonatik gora, eta joera goranzkoa da: Donostian % 81 igo dira kasuak sei urtean soilik (180 pertsona inguru 2016an; 326, 2022an), Eusko Jaurlaritzaren Etxerik Gabeko Pertsonen VI. txostenaren datuen arabera.

Gaur goizean, agerraldi bateratu batean, EH Bilduko eta Elkarrekin Donostiako zinegotziek, Izar Hernandok eta Arantza Gonzalezek, proposamenaren xehetasunak eman dituzte eta EAJren eta PSEren Gobernuari «premiazkoak eta beharrezkoak» ikusten dituzten aldaketak aktibatzeko eskatu diote.

Ate Irekien Zerbitzuaren protokoloa (neguko protokoloa) Tokiko Gobernu Batzordearen eskumen esklusiboa da. Izan ere, Goiak azaroan erabaki zuen alde bakarrez protokoloan bi aldaketa sartzea, gero prentsaren bidez distira handiz ezagutzera eman zituenak. «Hau da, aldaketak posible dira eta erraz egin daitezke».

Zehazki, etxerik gabeko pertsonei lotarako zaku bat, esterilla bat eta hotzerako arropa termikoa ematea erabaki zuen, baita eskularruak, txanoa, barruko arropak eta janari beroa ere (orain arte ez dute egin, hirugarren sektoreko erakundeek salatzen duten bezala).

Neguko protokoloa aktibatu ondoren, gau horretan Ondarretako aterpetxea 22:00etatik 08:30era egongo dela irekita ezarri zuen. Erabiltzaileek plaza bat izango dutela bermatzeko, tiket bat jaso beharko dute hotzaldiaren lehen egunean, 10:00etatik 13:00etara.

Hala ere, eta azkenaldiko tenperatura baxuak gorabehera, merkurioa negatiboan izan dugula ere, errealitatea honakoa da: La Sirenak oraindik ez ditu ateak ireki, gau bakar batean ere.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak gobernu talde honi funtsezko aldaketak egiteko eskatzen diogu. Lehenik eta behin, La Sirena zabalik egon dadila negu osoan etenik gabe, azarotik apirilera. Hilabete horietan, hain zuzen ere, ez da aukerarik ematen kanpoko erreserbak egiteko (turismorako, normalean) behar izanez gero, teorian, zerbitzua eman ahal izateko.

Egungo egoerak zerbitzu jarraitua eta integrala eskaintzera bultzatu behar gaitu, ez puntuala den ezer. Era berean, ordutegia luzatzea eta 20:30etik 8:30era erabilgarri egotea exijitzen dugu, gainerako udal aterpetxeek bezala.

Babes duin baterako eskubidea

La Sirena noiz eta zein baldintzatan irekiko den erabakitzea borondate politikoaren mende dago soilik. Legeak gutxieneko esparru bat ezartzen du; Donostiako kasuan Abegi Etxea Intxaurrondon, Hestia San Bartolomen eta tutoretzapeko pisuak. Gainerako baliabide guztiak borondate politikoa dira.

Gure eredua: gobernatuko bagenu, bitartekoak une batetik bestera gaitu litezke, pandemian bezala. Baliabideak prest daude, lizitatutako zerbitzuak eta guardian dauden gizarte-langileak. Zergatik ez da irekitzen? Udal Gobernuaren apeta da, enpatia falta dago.

Etxebizitza Legeak jasotzen du pertsona guztiek dutela sabai duin bat izateko eskubidea, eta Arartekoak ere, pandemia igaro denetik egiten dituen urteko txostenetan, zerbitzu publikoei eusteko eskatzen dio, besteak beste, Donostiako alkateari.

Gero eta arrisku-faktore gehiago daude gizarte-bazterkerian pairatzeko. Jaiotza- tasa eta errolda-datuak antzekoak dira, egonkor mantentzen dira denboran, eta, hala ere, gero eta pertsona gehiago daude etxerik gabe. Zer gertatzen ari da? Iaz, Donostian, etxerik gabeko 17 pertsona hil ziren, Gizarte Ekintzako zinegotziak berak batzordeetan aitortu duenez.

Eusko Jaurlaritzaren Etxerik Gabeko Pertsonen Estrategia ez da loteslea, eta 2021etik iraungita dago, ez da eguneratu. Ez dago borondate politikorik, eta hori arazo bat da. Lehenik, estrategia berria ererdaktatzea eskatzen dugu eta, bigarrenik, nahitaez bete beharrekoa izatea.

Ekintzak eskatzen ditugu, begirada aldaketa bat. Horregatik, kontrol-mozio bateratua aurkeztuko dugu eta urtarrileko Udalbatzara eramango dugu, hilaren 25ean.