AKTUALITATEA


| 2022-06-14 13:22:00

Aspaldidanik zain izan dira Trintxerpe eta Herrera auzoko bizilagunak Pasaiako Portuko Agintaritzak noiz prestatuko zuen portuko biltegi berrien estalkia urbanizatzeko proiektua. Azkenean, duela gutxi argitaratu du egitasmoa, baina Pasaiako Portuko Agintaritzak ez du inguruko auzotarren iritzirik bildu proiektua moldatzeko.

Azpiegitura berri horrek mesede handia egin diezaieke Trintxerpeko eta Herrerako bizilagunei, Gomistegikoei eta Gaiztarrokoei barne, baita Bidebietakoei ere. Eremu zabal horrek arnasgune funtzioa bete dezake, hain dentsifikatuta dauden auzoentzat, bereziki gazteentzat.

Horiek horrela, EH Bilduk hiru helegite hauek aurkeztu ditu gaur:

  1. Joaquín Montero arkitektoak idatzi duen proiektuak Pasaiako Udalbatzak 2011ko maiatzaren 18an hartutako erabakia errespetatzen duen aztertzea eskatzen dugu. Erabaki honek, La Herrera gunerako etorkizunerako ordenazio irizpideak zehazten ditu eta herritarrek parte hartze prozesu zabal batean egindako proposamenaren aspektu zehatzak definitzen dira.

  2. Pasaiako Portu Agintaritzari eskatzen diogu inguruko bizilagun eta elkarteekin proiektuaren aurkezpen publikoa egiteko behin betiko onarpena eman baino lehen, proiektuaren nondik norakoak partekatzeko eta aipatutako kolektiboen ekarpenak jasotzeko.

  3. Esku-hartzearen xede den gunea, gaur egun, pasabide gisa erabiltzen dute Pasaiako zein Donostiako ekialdeko zenbait auzotako bizilagunek. Proposatzen den plaza berriari erabilera konkretua emate aldera, uste dugu proiektuak gazteen aisialdirako gune berria eskaini dezakeela, adibidez, kirol anitzeko pistez, iturriaz edota lagunekin elkartzeko guneez osatuta (betiere, bizilagunek egin ditzaketen proposamenen kontra egin gabe). Horretarako, garrantzitsua deritzogu inguruan ditugun baliabideak aztertzea, badaudelako Portu Agintaritzak proposatu duen parkearen gisako beste bi haur-parke tarte oso txikian. Ez du zentzurik baliabide publikoak bikoizteak.

Gogoratu behar da 2022ko maiatzaren 18an, Pasaiako Portuko Agintaritzak hasierako onarpena eman ziola Herrera Mendebaldeko portuko biltegien estalkia urbanizatzeko proiektuari, eta ondoren argitaratu zuela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 196. artikuluan xedatutakoaren arabera, jendaurrean jartzeko epea ireki da, hogei egunekoa, iragarkia GAOn argitaratu zenetik hasita. Beraz, ekarpenak egiteko epea ekainaren 22an amaituko da.

Atzo egin ziren Donostiako Udal Batzordeei begira, EH Bilduk urgentziazko eskaera erregistratu zuen gaia aztertzeko. Udal Gobernuak, gaiaren urgentzia onartu arren, kontuan hartuko duela esatera mugatu zen, inolako konpromisorik hartu gabe.