AKTUALITATEA


| 2020-04-22 13:42:00

Euskal kulturgintzaren prekaritatea egiturazko arazoa da, baina Covid19ak eragindako pandemiak arazoa izugarri larriagotu du, eta horrek erantzun azkarrak ematera behartzen gaitu: batetik, uneari erantzuteko premiazko neurriak behar dira, normaltasunera itzultzen azkenak izango direlako aisialdia eta kultura, errestaurazioarekin batera; asko luzatuko zaio egoera hau kultur arloari. Eta neurri horiekin batera, sektorea eta kultur bizitza bera ere indartuko dituzten egiturazko neurriak behar dira.

Gure hiriak kultur bizitza zabala du, sortzaile ugari ditu eta, modu batean edo bestean, kulturan parte hartu edota berarekin gozatzen dugu herritar gehienok. Orain, etxeko babesean egotera behartuta gauden honetan, gure sortzaileak kinka larrian geratu dira, babesgabe: hitzartuta zituzten emanaldiak bertan behera geratu dira, argitaratu asmo zituzten lanak ezin plazaratu daude, iturri ekonomikoen emaria etenda… Egoera hori are zailagoa da euskaraz sortzen duten kulturgileentzat, gure ekosistema zaurgarria baita lehendik ere.

Covid19ak eragindako krisiaren lehen unetik, Udal Gobernuarekin harremanetan jarri zen Donostiako EH Bilduren Udal taldea, kulturaren esparruan aurreikusten genuen egoera arazotsuari aurrea hartzeko. Besteren artean, kezka adierazi genion Donostia Kulturako langileen egoeraren inguruan (behin behinekoak bereziki), galdetu genion harremanik izan ote zuen hiriko kultur eragileekin beraien egoeraz jakiteko, itaundu genion zer asmo zuten programatuta edota hitzartuta egonik bertan behera geratutako emanaldi eta egitasmoekin, eta eskatu genion, kulturako aurrekontuan aldaketarik egin behar izatekotan, Administrazio Kontseiluari eskatzeko irizpide batzuk, erabakiak adostuak izateko, ahal zen heinean.

Ordutik hilabete igarota, eta Udal Gobernuak ez duenez gainerako Udal taldeekiko harremana berrartu, honako neurriok proposatzen ditugu:

Kultur mahaia sortzea. Urte honen hasiera, EH Bilduk proposatu zuen Kultura Sektore Kontseilua berrartzea. Orain, are beharrezkoagoa ikusten dugu krisi honen ondorioei adostasunetik eta modu koordinatuan erantzuteko, eta etorkizuneko bide orri berri bat finkatzeko.

Udal zergak ordaintzeko erraztasunak ematea edota zergak ordaintzetik salbuestea. Kultur eragileek beraiek eta beren jarduerak izaera berezia dute (prekaritatea, behin behinekotasuna...), eta osasun krisiaren ondorioz pairatu dituzten galerak era berean ulertu behar dira. Horregatik, premiazko neurri gisa, proposatzen dugu 2020ko tasak ordaintzeaz salbuetsita uztea, edo bestelako onurak eta konpentsazioak aplikatzea.

Bertan behera geratutako emanaldiei eutsi. Osasun krisiak eragindako kalteez gain areago ez kaltetzeko, kultur arloko profesionalekin eta eragileekin hitzartuta zeuden konpromiso ekonomikoei eutsi behar zaie, bereziki auzoetako festa batzordeak eta bestelako irabazi asmorik gabeko entitateak direlarik. Alde horretatik, proposatzen dugu hitzartutako ekarpenaren % 30, gutxienez, aldez aurretik ordaintzea, aurreikusita zegoen epean; gainontzeko % 70a ikuskizuna edo emanaldia egitean jasoko du. Formula hori, beti ere, malgua litzateke, kultur eragileak bigarren aurrerapen bat behar izanez gero, profesionalarekin edota kultur eragilearekin berarekin adosteko modua egongo litzateke. Egoki ikusiko genuke horiek bermatzeko legezko aldaketak egitea, baldin eta aldaketa horiek sektorearekin eta Udal talde guztiekin aztertu eta adosten badira.

Udalaren kultur eskaintzari eustea, eta beste eragileena ere bultzatzea. Oraingoz, online eskaintza indartu da, baina herritar asko geratu da aukera horretatik kanpo. Horregatik, iruditzen zaigu funtsezkoa dela sentigarria den kultura berreskuratu eta bultzatzea, birtualtasunetik harago (RESET plataformak proposatu bezala). Beste neurrien artean, honakoak proposatzen ditugu:

Kaleko kultur eskaintza berrartzeko modua egitea, eta auzo guztietan egitea etxeetako balkoi eta leihoetatik ikusteko moduko ikuskizunak. Horrekin batera, auzoetako ekonomia berreskuratzeko, funtsezkoa izango da, hurrengo hilabeteetan, animazio kulturala indartzea kalean, ikusle eta parte hartzaileekin, beti ere, osasun agintariek aldiro ezarritako mugen baldintzapenak kontuan izanik: musika, dantza, antzerki edota kaleko beste ikuskizunez gain, auzoetan liburu eta diska azokak antolatzea proposatzen dugu, tokiko eragileen eta saltegien laguntzarekin.

Herritarrek kultura gozatzen jarraitzeko eta kultur sorkuntzan parte hartzea ahalbidetuko duten proposamenak egitea. Alde horretatik, premiazkoa da liburutegi ibiltariak abian jartzea, udal sareko liburuen mailegua etxeetara iristeko. Gogoan izan behar ditugu, bereziki, egoera zaurgarrian dauden familiak. Kultur sortak prestatu (eskulanetako materiala, mahai jolasak, ipuinak…) eta familia horiei helaraztea proposatzen dugu, Ibarrako udalak egin duen moduan. Era berean, ekimenak proposatu behar dira, herritarrek sor dezaten: ikastaro kolektiboak, bizipenak bilduko dituzten idazlanak, balkoietako performanceak...

DKren ikastaroetan izena emanda dauden herritarrei eskaini zaie ikastaroak online jarraitzea. Modu telematikoan aritzeko modurik ez duten herritarrei, edota modu horretara nahi ez dutenei eskaini behar zaie matrikula saria itzultzea, eta presentzialki egin ahal izatean, beherapena izateko aukera, izena berriz ematea errazteko.

Liburutegi publikoen funtsak handitzea, bereziki, euskarazko produktuei dagokienez.

Profesionalen kultur sorkuntzara eta irabazi asmorik gabeko eragileen (dantza taldeak, festa batzordeak, inauteri konpartsak, danborradak...) kultur eragiletza indartzera bideratutako dirulaguntza lerroak % 100 indartzea, 2021. urtean.

Bertako sortzaileen sorkuntzak lehenetsi. Udalak antolatzen, parte den edo laguntzen dituen emanaldi eta jaialdietan, bereziki, handienetan (Jazzaldia, Hamabostaldia, zinemaldiak, Gazteszena...), horiek berrartzeko modua eginez gero, bertako sortzaileen sorkuntzak eta emanaldiak lehenetsiko dira. Areago, euskarazko sorkuntza bultzatu eta lehenetsiko da, kultur sorkuntzaren kanala mintzatua edo idatzizkoa denean.

Auzoetako festak berrartzea. Senide eta lagunak kaltetu, eta etxeetan isolatuarazi gaituen egoera latz honek inoiz baino beharrezkoagoa egiten du auzotarron arteko harremanak indartzea, bizipozari eusteko, komunitatea egiteko. Uda sasoia auzoetako jaien garaia izaten da gure hirian, eta aurreikusita zeuden ekimen asko bere horretan egin ezingo diren arren, horiek berformulatzeko moduak proposatu eta bultzatu behar dira. Festa batzordeei lagundu behar zaie eginkizun horretan, horretarako prest baleude.

Neurri horiek beharrezkoak iruditzen zaizkigu, gure ustez kultura entretenimendu hutsa baino gehiago delako. Apirilaren 21erako eta 22rako greba digitala deitu duten kultur eragileek adierazi duten bezala, “kultur sorkuntzak bestelako balioak partekatzen dituzte: Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte”. Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalak garaiak eta egoerak eskatzen duen kulturarekiko konpromisoa hartu behar duelakoan gaude.