AKTUALITATEA


| 2020-04-06 13:05:00

Atzo prentsan argitaratutako elkarrizketa batean, Eneko Goia alkateak onartu zuen 2020rako Donostiako udal aurrekontua "iraungita" dagoela eta "berregin" egin behar dela. Horren aurrean, Reyes Carrerek adierazi du "EH Bildu kooperatzeko eta proposamenak egiten jarraitzeko prest" dagoela, “bai pandemiaren hedapena gelditzeko, bai krisi ekonomiko eta sozialetik inor atzean utzi gabe ateratzeko”.

Zentzu honetan, Carrere kezkatuta agertu da, elkarrizketa berean Goiak adierazi duelako lehentasuna emango zaiela "jarduera turistikoarekin zerikusia duten sektoreei". EH Bilduko bozeramaileak ohartarazi duenez, Udal Gobernuak "tentazioa izan dezake turismoaren sektorea erreskatatzeko, gure hiriko kolektibo zaurgarrienak babesik gabe uztearen kontura, batzuen etekin ekonomikoak salbatuz”.

Reyes Carrerek adierazi duenez, krisi honetan zehar egindako Bozeramaileen Batzorde guztietan demostratu duen bezala, "EH Bildu Udal Gobernuarekin elkarlanean ari da krisia kudeatzen. Proposamenak egin ditugu, bai donostiarren osasuna babesteko, bai okerren pasatzen ari direnen egoera ekonomikoa arintzeko ".

"Lehenengo minututik proposamenak egin ditugu, eta horietako batzuk, asko insistitu ondoren, martxan jarri ditu Gobernuak", adierazi du Reyes Carrerek: "Etxerik gabeko pertsonei aterpea emateko neurriak, auzoetako boluntarioen sareak koordinatzeko neurriak, udal langileen segurtasuna bermatzeko neurriak, etxebizitza-eskubidea bermatzeko neurriak, hezkuntzarako eskubidea bermatzeko neurriak, komertzio txikiak bizi duen muturreko egoerari aurre egiteko neurriak, eta abar".

Hala eta guztiz ere, Reyes Carrerek nabarmendu du "Goiak askoz gehiago egin zezakeela". Eta alkateak "neurri gehienak berandu hartu dituela” gaineratu du. Aurrekontu berriari begira, EH Bilduko bozeramailearen esanetan, "Eneko Goiak krisi honetan egin dituen akatsak aztertzea eta eszenatoki guztiak kontuan hartzea espero dut, gure hirian dagoeneko areagotzen ari ziren desberdintasun sozial eta ekonomikoak esponentzialki biderkatzeko arrisku argia baitago".

Ildo horretan, datozen asteei begira, EH Bildu talka-plan bat lantzen ari da, hainbat neurri jasoko dituena, bai birusaren hedapenari aurre egiteko, bai egoera zaurgarrienean daudenak babesteko eta pertsonak, bizitza eta zaintzak, erdigunean jarriko dituen ekonomia eredu bat sustatzeko. Jatorrizko aurrekontua berrikusten ari gara, eta larrialdi egoera honetan alde batera utz daitezkeen partiden zerrenda egiten, premiazkoenak diren gaietara bideratzeko: inor ez dadila etxebizitzarik gabe geratu, denda txikiak berriz ireki ahal izatea, baliabide ekonomikoekin aitortzea zaintza-sistema egiten ari den ezinbesteko lana, prekarizatu gabeko enplegua sortzea, etab.

Eta lan hau eragile sozial, ekonomiko, ekologista, auzo-elkarte, mugimendu feminista, pentsiodun eta abarren eskutik egingo dugu. Reyes Carrereren hitzetan: "Komunitate gisa eta hiri gisa indartuta aterako gara krisi honetatik. Komunitatea eraikitzea da bide bakarra aurre egiteko krisi honi, baita etorkizunean etor daitezkeen beste krisiei ere ".