AKTUALITATEA


| 2020-03-18 11:57:00

Modakoak egin zaizkigun tele-bilera edo tele-solasaldi horietako batean ari ginela, Reyes Carrerek alfonbraren irudiarekin deskribatu zuen bizi dugun egoera. Hau da, Covid-19ak sortu duen krisiak orain arte alfonbra azpian ezkutatutakoa azaleratu duela. Eta alfonbraren azpian bizitzaren mantentzea bera genuen. Baina orain alfonbrak itzuli egin du eta zaintzaren krisia agerian geratu da, Covid-19ak kolapsoa ekarri duelako. Eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak adierazi bezala, “zaintza krisia egiturazkoa da. Horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea eta behingoz bizitza erdigunean jartzea”.

Covid-19aren krisiak bizitzeko moldeak aldatu dizkigu. Baina goitik beherako bektorearekin batera, azpitik, behetik gora eragiten ari diren indarrak ere badira. Eta indar hauek tokiko komunitateen sormena eta kooperazioa aktibatzetik sortu dira:

“Koronabirusaren aurrean, zaintza sareak osatzen ari dira auzoetan” (Irutxuloko Hitza, 2020-03-16)

Aspaldi ari ginen esaten: mende honetako 20. hamarraldi hau giltzarria izango da gizadiaren biziraupena bera auzitan jar dezakeen larrialdiari aurre egin eta garapen eredu justu eta iraunkor baten bideari ekiteko.

Erronka kolosala dugu aurrean, eraldaketa bizkorrak bizi ditugu eta krisiak katebegi asko ditu: zaintzaren egiturazko krisia, klima larrialdia...

Honenbestez, eta EHMFak esandakoarekin bat, ez digu ezertarako balioko krisi honetatik ateratzeak berdin jarraitzeko. Eta “egoera honetatik aterako gara bakarrik gai bagara logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko eta bizitza eta zaintzak erdigunean jartzeko”.

Horretarako, interbentzio komunitario sendoak behar dira: “kontakizun komunitario eraldatzaileak sortzeko gai diren elkarlan dinamikak Udalen, gizarte-eragileen eta eragile ekonomikoen artean; komunitateak dauzkan beharrizan sozialak hauteman eta lurraldearen kapital soziala aktibatzeko gaitasuna garatzea”.

EH Bildun argi dugu, egoerari erantzun eraginkorra emateko beharrezkoa dela gizartearekin aritzea, langileen elkarteekin, gizarte mugimenduekin eta beste. Norabide horretan kokatu dugu egun hauetan gure ekinbide politiko eta praktika militantea egun hauetan, herri bezala erantzun eta modu kolektiboan zaintzeko betebeharrari erantzunez.