AKTUALITATEA


| 2020-03-10 13:50:00

Koronabirusaren ondorioak aztertzeko Bozeramaile Batzordea deitzeko eskatu du Donostiako EH Bilduk

EH Bilduren ustez, koronabirusa eta haren ondorioak osasun publikoaren larrialdi hutsetik haratago doan gaia bihurtzen ari dira. Larrialdi nazional bihurtzen ari da koronabirusa, eta Donostiari ere dagokio kudeaketa egokia egitea. Izan ere, Donostiako udala, bere aldetik, neurriak hartzen hasi da eta atzo publiko egin zuen ostalaritza sektoreari dagokion neurri baten ezarpena.

EH Bilduk uste du iritsi dela momentua dagoen informazioa partekatzeko, prebentzio neurriak ezartzeko orduan lehentasunak non jartzen ari diren inguruko hausnarketa egiteko eta, azken finean, mezu koherente, adostu eta segurua emateko Donostiako jendarteari.

Horregatik guztiagatik, gure bozeramailea Reyes Carrerek Bozeramaile Batzordea deitzeko eskatu dio gaur Udal Gobernuari. Gure ustez, gune edo foro bat eratzea izango litzateke logikoena, hiri mailan koronabirusak eragin ditzakeen sektore guztiak bilduko dituen gune bat, hain zuzen ere: Udal zerbitzuen langileak, Donostiako sektore ekonomiko nagusien ordezkariak, sindikatuak, osasuna, hezkuntza edota zainketaren esparrua, eta abar.

Foro horren helburua gure hirian koronabirusaren ondorioei ahalik eta ondoen erantzutea izango litzateke, betiere osasun-agintaritzaren jarraibideei jarraituz eta, guztion artean, Donostiako gizarteari zalantzarik gabeko erantzun adostua emanez; alarmismorik gabe, baina erantzukizunez.