Ezaguna da dagoeneko Impar Capital funtsak Camino kaleko 1. zenbakiko eraikin osoa erosi duela Marriot hotel katearen eskutik luxuzko apartamentuak eraikitzeko. Zoritxarrez, zaharrak berri; EH Bilduren aburuz operazio berri honek hirian bizi dugun etxebizitza krisi larria areagotu besterik ez baitu egiten.
Operazio espekulatiboa publiko egin eta gutxira, Jon Insausti alkateari irakurri genion honakoa: «Donostiak ez dio turismo-erabilerarako baimenik emango Camino kaleko eraikinari», eta ohartarazten zuen Impar Capital eta Marriotek luxuzko apartamentuak garatu nahi dituzten higiezinaren bizitegi-erabilera aldatzearen aurka egingo zuela.
Soberan dago esatea adierazpen hau ebidentzia bat dela, une honetan Donostian ezinezkoa baita jarduera turistikora bideratutako etxebizitzarik eraikitzea. Hala ere, ikusten ari gara eraikin batzuetan, hotelak eraikitzeko debekuaren aurrean, luxuzko pisuak edo apartamentuak eraikitzen ari direla, baita ‘erabateko luxuzkoak’ ere, erabat kezkagarria egiten zaigun terminologia delarik, bide batez. EH Bildutik horrelako kontzeptuak ez naturalizatzeko eskatzen dugu.
Luxuzkoak, nolanahi ere, hau da, donostiar gehienentzat eskuraezinak eta espekulatzeko helburu argia dutenak. «Luxuzko apartamentu» izendapenak ere turismo-ostaturako edo luxuzko etxebizitzarako balio du. Alkateak esan du erabilera aldatzeko edozein eskaera ukatu egingo dutela, eta hori begi-bistakoa da, horretara behartuta dagoelako. Azaldu ez duena da zer egingo duen erabilera aldaketa hori eskatu ez arren. Horregatik, EH Bildutik zalantzak sortzen zaizkigu. Indarrean dagoen araudia errespetatzeaz harago, jakin nahi dugu zein den alkatearen jarrera eta zer egingo duen gero eta ohikoagoak egiten ari diren operazio hauen aurrean.
Hori dela eta, astelehenean, hilak 13, interpelazio bat aurkeztuko dugu Hirigintza Batzordean, Impar Capital funtsari eta hark Camino kaleko 1. atarian dituen asmoei buruz, Jon Insaustik azalpenak eman ditzan.
Oraingoz, badakigu luxuzko 34 etxebizitza daudela proiektatuta, gero eta ohikoagoak diren mota honetako sustapenen jarraipena baino ez direnak. Izan Ijentean, udaletxe aurrean; Grosen bezala, Telefonicaren eraikinean, edo Bilbo plazan. Hutsik geratzen diren eraikinak, erabilera aldatzen dutenak eta luxuzko etxebizitzetarako erabiltzen direnak, eta ez hain justu donostiarrek duten etxebizitza-beharra asetzeko.
Zerbait egin daiteke hori saihesteko? Egin daiteke, bai, eta EH Bildutik behin eta berriz esaten ari gara. Ricardo Burutaran zinegotziaren hitzetan, «kalifikazioaren figuraren bidez egin daiteke, birgaitzen diren eraikinen erabilera aldaketa horien ondorioz sortzen diren etxebizitza berri horien zati bat, hain zuzen ere, babes publikoko etxebizitzetara bideratzeko, hori baita donostiarrek behar dutena».
EH Bildutik uste dugu zerbait egin behar dugula, erabakiak hartu behar ditugula eta erabakigarriak izan behar dugula. «EH Bildu norabide horretan mekanismoak jartzen ari da mahai gainean, premiazkoa da. Erabakiak berehala hartu behar ditugu; izan ere, bestela, aipatutako operazioetan gertatu den bezala, egoera hori errepikatu egingo da dakigula bidean diren beste promozio batzuetan ere». Garrantzitsua da azpimarratzea Erdialdea, Gros edo Amara bezalako auzoetan, babes publikoko etxebizitza lortzeko aukera bakarra kalifikazioaren figura aplikatzea dela. «Garapen berririk ez dagoen auzoak dira eta hau da etxebizitza berria sortzeko eta auzokideen errotzea bermatzeko modu bakarra», aldarrikatu du EH Bilduko zinegotziak.
Donostia aldatzen ari da, eta ez norabide egokian, izan ere, luxuzko etxebizitzak ugaritzeak donostiarrak beren auzoetatik eta hiritik kanporatze ditu. «Donostia bizitzeko hiria izatea lortu behar dugu, donostiarrak bizi ahal izango diren hiria, baina horretarako neurriak hartu behar dira. Hartzen ez diren neurriek, edo berandu iristen direnek, horrelako jardun espekulatzaileak sortuko dituzte».
Horregatik, EH Bildutik alkateari hurrengo galdera hauek argitzea eskatuko diogu:
- Alkateak pentsatu al du horrelako eskaera eginez gero, sortzen diren etxebizitza guztietatik portzentai bat babestuaren kalifikazioa izateko baldintza ezartzea, HAPOaren aurrerapenak azaltzen duen aukera aplikatuz?
- Donostia Hiri Tentsionatua delarik, zein neurri hartuko ditu Alkateak 2023ko etxebizitza legeak jasotzen dituen baldintzak, esaterako etxebizitza libreei erreferentziazko prezioak ezartzen zaizkiela, kontrolatzeko?
- Zein beste asmo ditu alkateak funts ezberdinei mugak jartzeko? Edo ez al du asmorik horrelako operazioei aurre egiteko?
EAJ: ezezkoa bozkatzetik, neurriak propio gisa saltzera
EAJk Jon Insaustiren ahotik hitz egin du, lehen aldiz, etxebizitzaren arazoari soluzioak ematerakoan «barrura begiratzeaz, jada eraikita dagoen hirian eragiteko». Edonola, gogoratu behar da kontzeptu hori ez zaiola batere gustatu EAJri orain arte (ikusteko dago orain onartzen duen ala ez), hiri batean dauden potentzialtasunak aztertzea baitakar, jabetza pribatuetan egin daitezkeen jarduera desberdinetan. Partikularra kaltetu gabe egin behar da, baina interes kolektiboa lehenetsiz.
Paradoxikoa bada ere, 2025eko maiatzean, EH Bildutik etxebizitzari buruzko osoko bilkura monografikoa deitu genuenean, eta mahai gainean egingarrak diren 21 neurri aurkeztu genituenean, ezetz bozkatu zuen hiru neurriri buruz hitz egin du orain. Lehenengoa lokal komertzialei bizigarritasuna emateari buruzkoa da eta bigarrena etxebizitza berri bat edo gehiago sortzeko aukera emango duten tamaina jakin bateko etxebizitzen bereizketa sustatzean datza. Hala ere, EH Bildutik jarrera irmoago bat eskatzen dugu; izan ere, neurri horiek zentzua dute etxebizitza-krisiaren aurkako borrokan soilik sortutako etxebizitza berri horiek babestuak egiten badira, eta, nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako prezioak bete behar dira, bai saltzen badira, bai alokatzen badira. Horrela egiten ez bada, espekulazioa sustatzen jarraituko dugu, lokal horren edo banandutako etxebizitza horien balioa askoz ere handiagoa izango baita udal-lizentzia ia doakoa izan ondoren.
Beraz, berriro diogu: kalifikazioaren formula kasu horietan aplikatu behar dela, bai eta beste batzuetan ere, hala nola etxea altxatzeko eraikuntza berrietan edo zaharberritze edo birgaitze handietan. Izan ere, inbertsio-funtsak luxuzko etxebizitzak sortzen ditu, ahalik eta etekin handiena ateratzeko, eta galdu egiten du etxebizitza horietako batzuk babestutzat jotzera behartzeko aukera, legezkoa baita eta beste hiri batzuetan ere egiten baita. Izan ere, etxebizitza babestuak dira donostiar gehienei etxebizitza bat eskuratzeko aukera emango dietenak, ez luxuzkoak. Formula horrekin, hiri handietan etxebizitza babestu dibertsifikatua lortu da, beste tipologia bateko etxebizitzen artean txertatua; eta hori sozialki oso positiboa da.