2022ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako zuzendari Aitor Etxeberria Atutxak bilera batera deitu zituen EKPk kudeatzen dituen portuak dituzten udal guztiak, portuko udal-kontseiluak aktibatzeko helburuarekin. Horrela, azkenean, bost urte beranduago, 2018ko Portuen Legearen 4. artikulua garatzen hasi da. Izan ere, legearen artikulu horretan, udal-kontseiluak instituzioen eta gizartearen partaidetzarako tresna gisa aurreikusten dira.
EH Bilduk uste du herritarren parte-hartze zuzena tresna egokia dela azken urteetan Donostiako kaiaren inguruan sortu diren eztabaida eta arazoak konpontzeko; horien artean, aipagarrienak, arrapala ixteko erabakia eta amarralekuen afera dira
Interes desberdinen arteko bizikidetza posible da, eta, horretarako, eragileen arteko partaidetza eta komunikazioa ahalbidetuko duen espazio bat behar da. Baina kontuan hartu behar da Donostia dela portuen administrazio-eremuan (EKP eremuan) herritarrak bizi diren EAEko udalerri bakarra da (200 biztanle inguru). Horregatik, ezinbestekoa da, Portuen Legea garatzen ari den honetan, berezitasun hori kontuan hartzea, eta, beraz, Donostiako Portuko Udal Kontseiluak bertan bizi direnen parte hartzea ziurtatu behar du.
Izan ere, legearen arabera, kontseilu horietan, «administrazioez gain, portu-sektorean diharduten sektore ekonomiko, profesional eta sozialek ere parte hartu ahal izango dute». Nahiz eta testuak ez duen aipatzen herritarrek kontseilu horietan parte hartzeko aukera, bereziki azpimarratzen da EAEko «portu askoren hiri-izaera» (2/2018 Legearen zioen azalpena, I. kapitulua), «portuko jardueraren eta portuko udalerri eta hirien arteko elkarbizitza beharrezko eta baketsuari» dagokionez. Bestela esanda, portuko jardueren eta zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa elkarbizitza horretara bideratuta egongo da. Alde horretatik, ezinbestekoa da herritarren iritziak eta ekarpenak kontuan hartzea; izan ere, hala ez bada, nekez lortuko dira proposatutako helburuak, Donostian behintzat.
Horregatik guztiagatik, ostegun honetako osoko bilkuran EH Bilduren mozio bat eztabaidatuko da, Udal Gobernuari eskatzeko «Donostiako Portuko Udal Kontseilua ahalik eta lasterren eratzea, eta egungo araudiari jarraiki, beharrezko aldaketak egitea, bizilagunek batzorde horretan modu antolatuan parte hartu ahal izan dezaten».