AKTUALITATEA


| 2023-04-18 12:57:00

Azken urteotan Donostian turismoaren sektoreak izan duen neurrigebeko hazkundeak eta sortu dituen ondorioak denon ahotan dago, eta, beraz, hausnarketa partekatuaren beharra ezinbestekoa da.

EH Bilduren ustez, turismoa motor ekonomiko garrantzitsua da: hiriko BPGren %14 suposatzen du eta 15.000 lanpostu daude horri lotuta. Lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da, eta, posizio horretatik abiatuta, desberdintasunak murrizteko tresna izan behar du, hau da, gizarte kohesionatu eta inklusiboa sustatu behar du. Hain zuzen ere, potentzial handia duelako, ereduak ezin dio bizkarra eman herritarren ongizateari. Hori gertatzen ari da eta ondorioak egiaztatzen ari gara.

Oreka posible dela uste dugu, baina horretarako eredua eta helburuak aldatu behar dira. Gehiago ez da hobea. Donostiarrak zaintzen dituen eta bisitariak zaintzen dituen eredu batez ari gara. Turistek esperientziaz gozatzea eta pozik itzultzea nahi dugu. Piezak osagarriak dira. Turismo eredu jasangarri, arduratsu eta atsegin bat behar dugu.

2023-2027 Turismo Gida planean bildutako datuak oso kezkagarriak dira: %67k uste du bisitari-kopuruari dagokionez goia jo dugula eta %52k bere aisialdi eremuak lekualdatu behar izan duela adierazten du. Gehienek onartzen dute dagoeneko ez direla Parte Zaharra bezalako eremu saturatuetara hurbiltzen. Sektorea bera kezkatzen duten datuak dira.

Irekitzen den zikloa aukera ona da egungo egoera aldatzeko, eta, horretarako, EH Bilduk proposamen zehatzak ditu. Abiapuntua donostiarrak izango dira. Martxan jartzen den edozein politika, neurri edo ekimen ez da herritarren bizkarrera egingo. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu donostiarrei protagonismoa itzultzeko eta dagoeneko saturatuta dauden auzoekin zorra kitatzeko. Paradoxikoki, presio turistiko handiena duten zonek gabezia nabarmenak dituzte ekipamendu eta zerbitzuetan, hala nola Gros edo Parte Zaharra.

Turismo jasangarria lortzeko, alojamendu turistikoei moratoria handiagoa aplikatu behar da, auzo gehiagotara zabalduz. Eta ondoren zer? Parte Zaharretik haratago, eremu saturatuak hiriko beste leku batzuetara zabaldu behar dira, hala nola Gros, Erdialdea, Antigua eta Egia, eta behar diren ordenantzak eguneratu.

Alde horretatik, EH Bilduren apustua da pisu turistikoak lehen solairuko araua berreskuratzearen alde egitea, eta konpromisoa hartzen du, saturazio bertikalaz gain (eraikin bakoitzeko pisu turistiko kopuruen muga), saturazio horizontala ere ezartzeko, pisu batetik besterako gutxieneko distantzia ezarriz, adibidez, kale zehatz batean.

Izan ere, txosten ofizialek, tartean Donostiako Turismo Gida plana berak, pisu turistikoen hazkunde neurrigabeak etxebizitzaren prezioetan izan dituen ondorioak agerian utzi dituzte. Ezin diogu bizkarra eman errealitate horri.

Gainera, beste hiri batzuetan egin den bezala, uste dugu hirian bisitarien talde antolatuak arautu behar direla, talde bakoitzeko pertsona-muga bat, ordutegi batzuk eta gida turistikoek beren lana ondo egin dezaten jarraibide batzuk ezarriz.

Bai txosten ofizialek bai herritarren pertzepzioak neurriak hartzera bultzatzen gaituzte, eta EH Bildu horretarako prest dago. Donostiako EH Bildu prest dago turismoa gobernatzeko. Ekuazioa sinplea da: bisitariei esperientziarik onena eskaintzen dien hiria herritarrak hobekien zaintzen dituen hiria da.