Juan Karlos Izagirre alkategaia atzo arratsaldean bildu zen Eneko Goia jarduneko alkatearekin. Hauteskundeen emaitzak hizpide, alderdi subiranistak lortutako babesaren balorazioa helarazi zion: zortzi zinegotzirekin, bigarren indarra izaten segitzen dugu, are eta posizio indartsuago batean, gainera. Apenas mila botoko aldearekin.
Lehen indarretik oso hurbil egon arren, ordea, bileran helarazi zaigun mezua argia izan da: Udal Gobernuaren osaketa itxita eta adostua dute dagoeneko, eta orain arte indarrean egon den formula errepikatzera datoz EAJ eta PSE. Nahiz eta hauteskundeen emaitzekin herritarrek argi adierazi norabide aldaketa bat beharrezkoa dela, formulak eskaera honi erantzuten ez diola uste dugu.
Gauzak honela, eta borondate honi erantzun asmoz, Juan Karlos Izagirrek bere hautagaitza aurkeztuko du ekainaren 17an, Udalaren eraketarako batzarrean. Erabakia donostiarrekin eta Donostiarekin hartu duen konpromisoaren bermea da. Kanpainan zehar eta lehenago ere adierazi duen bide orria betetzeko prest dagoenaren seinale.
Izan ere, EH Bilduk lanean segitzen du, esaten duena egiten, eta egiten duena esaten. Eta, zentzu horretan, Donostiak erantzunak behar ditu zenbait gairi dagokienez. «Gure mezuan berresten gara, ez dakigulako beste modu batean egiten: erabakiak adostasunetik hartuko ditugu, bakoitza dagokion foroan konpartituz eta hausnartuz», adierazi du Juan Karlos Izagirrek ostegun honetan, prentsaurrekoan.
Badira Donostian lehentasunezkoak diren gaiak, irtenbidea behar dutenak. Lehena, eta gauzak bere horretan jarraitzen dutela erakusten duena: trafikoaren kudeaketa. Berriro ere aldebakartasunetik iritsi dira norabideetan aldaketak. «Hauteskundeen emaitzen ostean hiritarren mezua jaso zutela adierazi arren, betikoak betikoa egiten segitzen dutela frogatzen dugu», erantsi du.
Hirian ez dago mugikortasun plan estrategikorik, ez eta hiritarren beharrei egokitzen zaizkien erabakiak zein neurriak. Horregatik, ezinbestekoa da erabiltzaile zein inplikatutako askotariko agenteekin elkarrizketak sustatzea, ahalik eta adostasun mailarik handiena erdiesteko helburuaz. Mahai baten eraketa proposatzen dugu.
Esandakoaren alde lan egingo dugu
Epe motzean, uda honetan bertan, aplikatu daitezkeen neurriak hartu behar dira eta horiek lideratzeko prest gaude. Dela mugikortasunean dela turismoan, adibidez. Azken honek ere adostasunetik eta hausnarketatik behar du. Moratoria bat dago indarrean, baina epe motzeko neurria da. «Zer gertatuko da apiriletik aurrera?», galdegin du Izagirrek.
Behin behineko moratoria luzatu auzo bakoitzak zenbat karga jasan dezakeen identifikatu arte, bizilagunekin elkarrizketak sustatu eta auzo horietan dauden gabeziak konpentsatu, dela azpiegetura eta zerbitzuei dagokienez.
Eta etxebizitzari begira beste hainbeste: EH Bildutik ez diogu uko egingo Donostia osoa hiri tentsionatua izendatzeko asmoari. Hala, etxebizitza hutsen errolda ofiziala egiteko garaia ere bada ondoren horiek alokairuaren merkatura ateratzeko. Era berean, alokairuaren prezioak mugatu behar dira legeak horretarako tresnak jartzen dituelako udaletxeen esku. Gure konpromisoan berresten gara.
«Donostiar orori esan nahi diogu kanpainan zehar zein kanpainatik kanpo esandakoaren alde lan egingo dugula, konpromisoak azkeneraino eramateko asmoa irmoa dugu EH Bilduk udaletxean eratu dugun lan taldeak. Udal Gobernu honek ez ditu gai hauek lideratuko, baina gu ordea prest gaude horretarako. Hitz gutxitan esanda: herritarren mandatuarekin beteko dugu», berretsi du.
Izagirrek La Cumbre ere izan du hizpide. Memoria Demokratikorako legea iragan urrian onartu zen Madrilgo Kongresuan EH Bilduren babesari esker eta honen bidez, urtebeteko epean eraikinaren esleipena gauzatuko zela adostu bazen ere, espazioa Udalaren esku utziz, Udal Gobernu honek ez du momentuz mugimendurik egin. Nafarroan, ordea, egoera oso bestelakoa da, han Ezkaba memoriarako espazio gisa berreskuratzeko lanean jarri baitira Foru Gobernua eta Madrilgo exekutiboa, hitzarmen bidez.
«EH Bildutik konpromiso irmoa agertzen dugu beharrezkoak diren urratsak berehala eman daitezen, Donostiara itzuli dadin La Cumbre eraikina. Eta, zentzu horretan, denboran gehiago luzatu ez dadila eskatzen diogu Udalari».